Ainara Achurra
Zer da landareekiko itsutasuna? Nork jasaten du? Nola saihestu?
Hezkuntzako irakasle atxikia eta Biologiako doktorea
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2022/12/28
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Zure bizitzako uneren batean honelako elkarrizketa bat entzungo zenuen edo horren protagonista izango zinen, agian:
- Basora joan naiz.
- Zer ikusi duzu?
- Ez dut ezer ikusi.
Benetan ez zegoen ezer? “Ezer” horrek esan nahi du ez zuela otsorik, azeririk edo orkatzik ikusi, baina baso bat landarez gainezka dago.
Solasaldiko protagonistak animaliarik ikusi ez bazuen ere, ez dago zalantzarik: zuhaitz eta landare aniztasun handia zegoen, espezie askotakoak, tamaina askotakoak, gehienak tonalitate berde eta marroikoak. Gertatu dena da ez dituela ikusi. Horixe da landareekiko itsutasunaren fenomenoa: mendebaldeko gizarteak (batez ere hirietako biztanleek) landareak alde batera uzten ditu, gure bizitzetan funtsezko rol bat jokatzen badute ere. Itsutasun hori basoan paseatu ondorengo pasadizo batetik haratago doa: ez dago etorkizun jasangarririk landareekiko itsu diren gizarteentzat.
Landareekiko itsutasunaren fenomenoa ia ezezaguna da oraindik, mendebaldeko gizarteko hiri handietako biztanle gehienek jasaten badute ere.
Landareekiko itsutasunaren testa
James H. Wandersee eta Elisabeth Schussler botanikariek asmatu zuten ingelesezko ‘plant blindness’ terminoa, 1990eko hamarkadaren amaieran. Beren ikerlanean erakutsi zutenez, Estatu Batuetako gazteek gero eta gutxiago zekien landaren munduari buruz eta gero eta gutxiago estimatzen zuen; aldiz, animalia mundua gustukoago zuen. Louisvilleko Unibertsitateko (Kentucky, AEB) biologoek ‘sintomen’ taula bat egin zuen, landareekiko itsutasuna detektatzeko aukera ematen duena. Beren ikerketaren arabera, pertsona batek landareekiko itsutasuna du, baldin eta:
- Ez badie jaramonik egiten landareei bere bizitzan, edo ez bazaizkio interesatzen.
- Ez bada gai inguruko landareak izen arrunten eta/edo zientifikoen arabera identifikatzeko.
- Uste badu landareen funtzio bakarra animalientzako elikagai izatea dela.
- Ez badaki zer behar duen landare batek hazteko.
- Ez baditu landareak ikuspegi biologikotik ezagutzen (nutrizio eta ugalketa funtzioak, ekologia, etab.).
- Ez badu ezagutzen landareek karbonoaren zikloan duten rola.
- Ez bada jabetzen bere egunerokoan landareekiko duen mendekotasunaz.
Aurreko zerrendako puntu guztiak markatzeak erabateko itsutasuna adierazten du.
Baina zergatik ez ditugu landareak ‘ikusten’? Zientzialariak ados daude: landareekiko itsutasunaren jatorria bikoitza da; alde batetik, faktore biologikoen araberakoa da, eta, bestetik, faktore soziokulturalen araberakoa.
Ikusten ez duten begiak
Eszena bati, edozein eszenari, begiratzen diogunean, lehen bi segundoetan, azkar ikusten dugu, azkar erregistratzen dugu; gero, milisegundo batzuen ondoren, azterketa luzeagoa, sakonagoa egiten dugu, testuingurutik nabarmendu diren eszenako elementuetan zentratuta.
Zer gertatzen da eszena homogeneoa bada? Horrela denean, ez dugu elementu nabarmenik aurkitzen eta, beraz, ikusmen sistemak ez du garunera informaziorik bidaltzen.
Gainera, gure ikusmen sistemari deserosoa egiten zaio finkapenik ez aurkitzea, eta begirada beste eremu batera zuzentzeko joera dugu.
Landaredun eszena bati distantzia jakin batetik begiratzen diozunean, eszena monokromatiko berde bat ikusten duzu funtsean. Horregatik hobeto gogoratzen ditugu loreak eta fruituak; kolore ezberdinekoak direnez, gure begirada harrapatzen dute.
Zergatik erreparatzen diegu animaliei?
Landareekiko itsutasunean diharduten mekanismo bisual eta neuralak ez dira oraindik zehatz-mehatz ezagutzen, baina uste da eboluzionalki animaliek abantaila izan zezaketela landareekiko, eskaintzen diegun arretari dagokionez. Gure arbasoek animaliei (baita gizakiei ere) gehiago erreparatu behar izan zieten, biziraupen eta ugalketa balio handiagoa zutelako: animaliak janaria eta harrapari posibleak ziren, eta beste gizaki batzuk estalketa bikoteak eta baliabideen lehiakideak izan zitezkeen.
Ikusmen eta garun mekanismoek eboluzionatu egingo zuten animaliak azkarrago detektatu ahal izateko, hau da, mugitzen dena, mugitzen ez denaren aurrean, landareak barne, haien mugimenduez ez baikara ohartzen.
Zientzietako hezkuntzak fenomeno hori barne hartu behar du
Nola lagundu landareekiko itsutasun gero eta handiagoa sendatzen? Lehen esku hartzea hezkuntzaren bidezkoa da. Baso batean landare bat nabarmendu dadin, lehenik ezagutu egin behar da. Txangozaleak ikusten ari denari buruzko informazioa duenean, aurrean ezki bat edo mimosa bat duen, oso litekeena da bere ikusmen sistema gelditzea, identifikatzea eta garunari jakinaraztea hor, berde monokromatikoaren erdian, ezki bat, mimosa bat, urki bat edo iratze bat dagoela.
Gomendagarria dirudi zientzietako eskoletan landareen eszenak behatzea lantzea. Badakigu finkatze punturik gabe “ez dugula ezer ikusten”. Beraz, eman egin behar zaizkie puntu horiek ikasleei. Nola? Irakasleek, adibidez, hostoak sailkatzeko jarduera bat diseinatzen badute, eszena homogeneoko finkatze puntuak sortzen ari dira ikasleentzat, haiek datuak bildu behar baitituzte orriak deskribatzeko eta sailkapena egiteko. Era berean, gomendagarria litzateke ikasleak landareekiko itsutasunaz jabetzea, gogoeta lan bat egin ahal izateko. Ikusten baditugu bakarrik babes ditzakegu.