Mirene Begiristain Zubillaga
Zein ondorio ditu, denontzat, baserriak husteak?
Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle eta ikerlaria
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2019/10/24
Elgoibarko Txillarre baserriko lagun baratzezainak holaxe zioen orain dela gutxi, bere ibilbidearengatik errekonozimendu sari bat jasotzean, hainbat nekazaritza-arduradunen aurrean: “10 urteetan ez da lehen sektorean inor geratuko”. Esaldi hau behin eta berriz entzun dezakegu hainbat baserritarren ahotik. Eta datuetara jotzea besterik ez dago errealitate gordin hori konfirmatzeko.
Euskal Herrian landa eremuan bizi den pertsona kopurua eta bertan nekazaritza eta abeltzaintzan diharduten pertsonen kopurua modu izugarrian murrizten doa etengabe. Euskal Herrian soilik biztanleriaren % 12a bizi da landa-eremuan (Europako batez besteko % 26arekin alderatuta); lehen sektorea, BPG terminoetan, % 1 baino gutxiago da EAEn eta nekazaritza ustiapenen titularren % 8,5 soilik dira 35 urtetik beherako pertsonak; azken hiru hamarkadetan baserrien herena galdu da; eta landa eremuko batez besteko errenta maila % 30 baxuagoa da.
Datu kuantitatiboetatik harago ere, dinamika horiek testuinguru globalean kokatu behar dira eta, garai postindustrial hauetan, lurraldearen egituraren desorekak agertzen dira berehala. Horrela, nekazaritza ekonomian oinarrituta zegoen landa ingurunean nekazaritza ekoizpen industrialaren erregimena garatu da. Landa inguruneko biztanleriak nekazaritza utzi eta dibertsifikatzera jo du, hirigunean bezalaxe, zerbitzuetan oinarritutako ekonomia landuz. Prozesu horretako gakoetako bat mugikortasunari lotutako fluxuak izan dira: landa eremutik hirira lanera joateko, landa eremuan bigarren bizilekua izateko, landa eremua migrazio prozesuen leku protagonista bihurtzeko, turismo eta aisialdi gune bilakatzeko,…
Aldi berean, landa eremuko idealizazio erromantikoa eratu da; benetakotasun eta tradizio leku gisa, balio eta bizimodu egiazkoagoaren ikur… Eta egia bada ere landa ingurunean, hiriekin alderatuz, hainbat praktika (kultural, ingurumenaren erritmoekin lotuta, elikadura ohiturak…) mantentzen direla, idealizazioak, edozein eremutan bezala, eta baita landa eremuan ere, bizimodu ez parekotzat jotzera eramaten du, eta bizimodu hori espektatiba batzuen pean eraikitzen da, aukera erreal eta iraunkorretatik urrun. Honela, landa eremua hiriaren hegemonia kulturalaren itzaletan bizi arazten da, pentsatuz hiria landa eremua baino dibertsoagoa, irekiagoa, eztabaida gune gehiago dituena dela eta abar, orokortasun joera hori informazio eta komunikazio euskarri hegemonikoetatik datorkigunean, landa eremua hirira begira egotera baldintzatuz.
Landa eremuko hustearen dinamika estrukturalaz hitz egiteak eta estereotipoz betetako gure imajinarioa birpasatzeak, zergatik eraiki den eredu hori eta ez beste bat pentsatzera eraman beharko liguke. Birpentsatze horretan azken berrogei urteetako nekazaritza politikei erreparatzea ezinbestekoa egiten da: apustu agroindustriala; Europako Nekazaritza Politika Bateratuko laguntzetatik gehien jasotzen duten % 10ak laguntzen ia % 50 kontzentratzen dute EAEn eta Nafarroan, beraz beste erdia lur-jabeen % 90 artean banatzen dute (proportzio hori % 30 - % 70 da Iparraldean); oztopo administratibo eta tamaina handiko ustiapenen pareko burokrazi amaigabea bizi behar dituzten tamaina txikiko nekazaritza proiektuak; emakume baserritarraren lanari bizkarra emanaz, handitzean oinarritutako eredu mekanizatua; artifizializaturiko lur azaleraren neurriz gorakoa; elikadura estrategien gabezia…
Dena den hau ez da modu berean gertatzen Europa osoan. Frantziar estatuan, adibidez, -eta hemen ere idealizazioetan erori gabe-, nekazaritza politikek beste irizpide batzuk landu dituzte, bai errelebo programa sakonak garatuz, legediaren bitartez lurraren espekulazioa moztuz, tamaina txikiko nekazaritza proiektuentzat neurri logikoko arautegi higieniko-sanitarioak landuz; jantoki publikoetan eta tokiko administrazioetan elikadura estrategia garrantzitsuak landuz… Hau da, lehen sektorea sektore sozioekonomiko estrategikotzat hartu eta, horretan sinistuz, diruz laguntzeaz harago etorkizuneko nekazaritza eredua eta politikak jorratu dira.
Baina hurbilera bueltatuz, duela gutxi Bizilur eta Etxaldek argitaratutako ‘Nekazaritza etorkizuneko belaunaldiak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren aurrean’ ikerketan jasotzen den bezala, hiru arrazoi nagusi aipatzen dira baserrien errelebo faltarekin lotuta: belaunaldi berrien interesik eza, ustiategien zailtasunak eta hiri-eremuak landa-lurraren gainean eragiten duen presioa eraikuntzari begira. Eta azpimarratzen da, azalean agertzen diren arrazoi horiek, sakoneko faktore politikoak dituztela, politika publiko jakin batzuekin lotutakoak.
Eta zein ondorio ditu, danontzat, guzti honek? Hainbat ondorio ekologiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak sortzen ditu. Agroindustriaren eredu esportatzaileak larrialdi klimatikoa elikatu eta biodibertsitatea higatzen du kontrolik gabeko abiaduran. Eredu horrek, elikagai kilometrikoak eta elikadura prozesatua sustatu du nabarmen. Landa eremuak husteak elikadura burujabetzaren eskubidea galtzea dakar, landa eremuarekiko deskonexioa eta nekazaritzarekiko ezagutza galera eratorriz. Ekonomikoki ere, eskala handiko eta kapitalean oinarritutako ekoizpen eredu intentsiboarekin, baliabideen eta elikadura kateko erabaki ahalmenak esku gutxitan kontzentratzea eta lan baldintza prekarioak eta ezegonkorrak sortzea dakar. Kulturalki landa ingurunea aipaturiko eremu erromantiko eta tertziarizatu bilakatzen da, bizimodu baten praktikak alboratuz.
Dena den, horiek guztiak ez dira modu isolatuan gertatzen. Migrazioa, gizartearen zahartzea edota zaintzak gure bizitzetan hartu beharko luketen zentralitatearekin erabat zedarritu eta interdependentzian dauden faktoreak dira, nahiz eta gaiak aztertzerakoan beti badugun multzokatzeko joera.
Zentzu horretan, trantsizio sozioekonomiko eta politikoetan zehazten ditugun lehentasunak eta horiek garatzeko moduak zeharo baldintzatuko dute hurrengo urte hurbiletan lehen sektoreak azken 40 urteetako norabidea aldatzeko aukera. Baina, hitzetatik ekintzetara salto egiteko aukera, eztabaida hau gizarteratzeko dugun gaitasunaren baitan ere egongo da. Izan ere, lehen sektoreko erreleboa eta ditugun erronka ekologiko, sozial eta kulturalak bermatzeko eta epe luzeko estrategiak lehenesteko moduan izateko gizarte hitzarmen bat beharrezkoa izango dugu; herritarrengan dagoelako erreleboa.