euskaraespañol

Eguneko irudia

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzat ere badira unibertsitate-ikasketak

Ezgaitasunak eta/edo hezkuntza-premia bereziak dituzten UPV/EHUko eta unibertsitate aurreko ikasleak bildu ziren unibertsitateari buruzko zalantzak argitzeko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/15

Ezkerretik eskuinera, Irune Marcos Gómez, Iranzu Royo Ruiz eta Joan Cruz Sesé, UPV/EHUko ikasleak, Ikasleen Ahotsak IV. Topaketan. | Argazkia: Mitxi

‘Ikasleen Ahotsak’ laugarren topaketak egin berri dira. Helburua, DBHko 4. mailan eta Batxilergoan matrikulatuta dauden eta ezgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak dauzkaten ikasleek zalantzak argitu eta, dudarik gabe, unibertsitate-ikasketak aukera bat bezala ikus dezatela. 

Eta ibilbide bera egin duenarena baino adibide egokiagorik ez dagoenez, azaroaren 30ean Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko) egin zen batzarrean, premia bereziak dituzten UPV/EHUko hiru ikasle egon ziren: Joan Cruz Sesé, Irune Marcos Gómez eta Iranzu Royo Ruiz, eta bere esperientziak partekatu zituzten topaketetara bertaratu ziren unibertsitate aurreko ikasle eta senitartekoekin. 

Joan Cruz Sesék bere dislexiari aurre egin dio erronka moduan, eta erronka horrek bere burua hobetzea eta orain egiten ari den doktoregora heltzea ahalbidetu dio. Irakasleen babesa izan duela esan zuen, eta horrek ikasle hobea izaten lagundu dio. “Irakasleen feedback ona jasotzen duzunean, bete egiten zaitu”, adierazi zuen. 

Bere ikaskideek bezala, Irune Marcos Gómezek Euskal Herriko Unibertsitateak inklusioarekin duen konpromisoa aintzat hartu zuen. “Oso ondo daude UPV/EHUk eskaintzen dituen egokitzapenak”. Iruneri, 8 urte zeuzkala, arretaren defizita diagnostikatu zioten. Unibertsitate aurreko ikasketetan zailtasun handiak gainditu behar izan zituen. “Baina unibertsitatera iristen zarenean, gustatzen zaizuna ikasten duzunean eta bokazioa duzunean, ahalegintzen zara eta ikasteko motibazioa handitzen da”, aipatu zuen ikasleak. 

“Txikitatik bakarrik sentitu nintzen”. Iranzu Royo Ruizek bere hipoakusiaz hitz egin zuen. Bere ingurunea ez zegoen prestatuta bere beharretarako. “Unibertsitateak lagundu egin dit, lehen aldiz behar nuen laguntza lortu dut”. UPV/EHUk entzungailu bat eman zion hasieratik. “Dena ondo entzutea” ahalbidetzen dio eta, beraz, ikasketetan aurrera egitea errazten dio. 

Arantza Martínezek, Ikasleen zuzendariak, bere hitzaldian azpimarratu zuenez, “ditugun berariazko laguntza-neurri eta -baliabideekin bermatzen dugu hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek unibertsitate-ikasketak egin ahal izatea eta behar bezala burutzea, gainerako ikasleen baldintza beretan, eta agerian jartzen dugu UPV/EHUk benetako inklusioarekin duen konpromisoa”. 

Ekitaldi hau UPV/EHUko III. Inklusio Planaren barruan kokatzen da. Plan horren ardatzetako batek azpimarratzen du informazioa gizarte- eta hezkuntza- ikuspegi inklusibotik eman behar dela, unibertsitate aurreko ikasleek unibertsitate ikasketak aukera erreal gisa ikus ditzaten eta beren egoerara egokitutako erabakiak har ditzaten. 

Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua sortu zenetik, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kopurua etengabe hazi da. Hortaz, 2018-2019 ikasturtean, ezgaitasunak eta/edo hezkuntza premia bereziak zituzten 787 ikasleri eman zitzaien laguntza, eta 2021-2022an, berriz, 1.047ri ikasleri (513 emakumeri eta 534 gizoni), bai unibertsitatera sartzeari dagokionez, bai unibertsitate-ikasketetan zehar. Hau da, lau urtetan, % 33ko hazkundea egon da. Guztira, aurreko ikasturtean 3.011 egokitzapen egin dira irakaskuntzan, azterketetan, irisgarritasunean, orientazioan, giza baliabideetan eta baliabide teknikoetan.