euskaraespañol

Eguneko irudia

Zaida Muxí, arkitektoa eta 'Mujeres, casa y ciudades. Más allá del umbral' liburuaren egilea

«Emakume Arkitektoak beti egon gara presente, baina ez gaituzte aintzat hartu»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/10

Zaida Muxí, arkitektua eta idazlea. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Zaida Muxí (Buenos Aires, 1964) arkitektoa eta hirigilea da, Arkitektura, Diseinu eta Hirigintzako Fakultatean (Buenos Aireseko Unibertsitatea) lizentziatu zen, Sevillako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan doktoregoa lortu zuen eta irakaslea da Bartzelonako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan.

Arkitektoak duela egun gutxi bere liburua aurkeztu du Gasteizen: Mujeres, casas y ciudades. Más allá del umbral (dpr-barcelona). Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Arabako Ordezkaritzak, Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak eta Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak (UPV/EHUkoak biak) antolatu zuten ekitaldia.

Muxí, gainera, Santa Coloma de Gramenet-eko Udalean Hirigintzako zuzendaria izan da, 2015etik 2019ra bitartean, eta kudeaketa arlo zabal batez arduratu da, hirigintza, etxebizitza, ingurumena, hiriko ekologia, espazio publikoa, bide publikoa eta herritartasuna biltzen dituena.

Zerk bultzatu zintuen arkitektura ikastera?

Eraikuntza, diseinua eta artea gustuko nituen, pertsonen ongizatea interesatzen zitzaidan, eta arkitekturak hori guztia bateratzen du.

Emakumea izateagatik lanbidean hasteko desabantailak zenituela uste al zenuen?

Ez nuen hori uste, inoiz ez bainuen emakumea izateagatik zerbait ezin nuela egin zioen heziera jaso; hala ere, banekien emakume izateak espazio publikoan egoteko askatasun gutxiago ematen duela, non etengabe abusuzko modu batean jarduten zuten nirekin.

Halaber, ikasten ari nintzela, irteteko proposamenak egin zizkidaten irakasle batzuk kendu behar izan nituen gainetik, eta bazegoen irakasleren bat ere anker jokatzen zuena eraikuntzari buruzko galderak niri eginez, eta ez nire ikaskideari; nire ikaskidea mutila baitzen eta hark, horrexegatik, eraikuntzari buruz bazekiela uste zuelako eta nik, berriz, emakume izateagatik, ez nekiela... Pasarte horiek guztiak gizartean dagoen matxismoaren erakusgarri dira.

Zergatik erabaki zenuen zure prestakuntza Espainian amaitzea?

Espainiara, Bartzelonara, etortzea erabaki nuen, garai hartan, 1990. urtean, arkitekturan erreferentzia lekuak zirelako.

Lau hirik markatu dute zure bizitza: Buenos Airesek, Sevillak, Bartzelonak eta Santa Coloma de Gramenetek. Zer esanahi du bakoitzak zuretzat, eta zer lotura aurkitzen diezu denboran?

Buenos Aires nire hiria da, han hazi nintzen, eta, horregatik, beti izango da berezia; Bartzelona hautatu dudan hiria da, bizitzeko aukeratu dudana; Sevillak nire ibilbide profesionala Espainian hastea ahalbidetu zidan, obrak eta bereziki doktoregoa egin nituen bertan; eta, azkenik, Santa Coloma de Grameneti esker hiriaren egite aktiboan parte hartu ahal izan nuen.

«Emakumeok pentsamenduan eta arkitektura egitean presente egon garela ikusarazi nahi dut»

Gaur egun, CIBAren proiektua garatzen ari zara. Zertan datza? 

Santa Coloma de Grameneten egiten ari garen proiektu bat da, Nuria Parlón alkatea buru dela. Hor hirigintzako zuzendaria izan nintzen 2015etik 2019ra. Emakumeen benetako berdintasuna lortzeko aukerak sortu nahi dituen ekipamendu bat da, prestakuntza, lana, zainketa eta aisialdirako espazioa ahalbidetuko dituena.

Arkitekturara itzuliz, zein dira hiri batek izan behar dituen oinarrizko hiru ardatzak, besteen aldean aurrerapena dakartenak?

Berdintasuna, jasangarritasuna eta trinkotasuna.

Hiriek aurrera egiteko, etorkizuna smart cities deiturikoak direla uste al duzu?

Erreminta edo aurrerapauso industrial guztiekin gertatzen den bezala, berez ez dauka eduki baikorrik; horiei ematen diegun erabileraren baitan egongo da. Erreminta eta teknologia berriak dira, hiriari geruza bat gehiago eransteko.

Zer transmititu nahi duzu argitaratu duzun azken liburuarekin: Mujeres, casas y ciudades?

Emakumeok pentsamenduan eta arkitektura egitean presente egon garela ikusarazi nahi dut, nahiz eta historiako testu gehienek emakumeak ezabatu izan dituzten. Ezin da sinetsi gizartearen zati batek bakarrik osatzen duen historia (eta hori arlo guztietan gertatzen da). Hori dela eta, erreparazio historiko bat egin nahi dut, eta, aldi berean, emakumeak historia orokorrean sartzeko erremintak eman. Era berean, arkitektura ikasten ari diren emakume gazteek erreferenteak izatea nahi dut, gure presentzia ez dela berria adieraztea.

Honako hau esan duzu: “Munduak liburu hau behar du”. Zergatik uste duzu hori?

Esan dut lehen, ez da egia emakumeok ez garela historiako parte izan, baina ezabatuak izan gara eta, ondorioz, gure ekarpenen froga bat da.

Argitalpenean “generorik gabeko etxeez” hitz egiten duzu. Zer esan nahi du adierazpen horrek zuretzat?

Genero eginkizun baztertzaileen arabera proiektatzen ez den etxea.

Zure ustez, zenbateko garrantzia du emakumeen eginkizunak arkitektura munduan?

Argi dago, oso garrantzitsua da. Horregatik idatzi dut 300 orriko liburu bat, eta “Un día una arquitecta” sareko kide naiz, non 2015etik egunero emakume arkitekto baten biografia argitaratzen dugun.

Liburu hau idazteko informazioa biltzerakoan, aurkitu al duzu atentzioa eman dizun daturik?

Bai, emakumeok beti egon garela presente eta ikusgai, oso ekarpen garrantzitsuak eginez, baina ez gaituzte aintzat hartu. Dudarik gabe, aurretik izan ditugun emakumeekin zor historikoa dugu.

Esaldi batean, nolakoa da Zaida Muxí profesionala?

Bai zaila! Jendeagatik eta jendearentzat, eta taldean lan egiten duen profesional bat naiz, arkitektura izarrak erakusten ez diguna ezagutzeko irrikaz dagoena.

Eta gizakia?

Zaila da bi alderdiak bereiztea. Topiko bat bada ere, nire lagunen laguna naiz.