euskaraespañol

Naiara Rojo Azaceta eta Daniel Zuazagoitia Rey-Baltar

Zaborraren kudeaketatik baliabideen kudeaketara

Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzailea eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasle eta ikertzailea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/01/25

Naiara Rojo eta Daniel Zuazagoitia
Naiara Rojo eta Daniel Zuazagoitia | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Munduko populazioa hazi eta kontsumo-ereduak aldatu ahala, hondakinen sorrera izugarri handitu da. Aurreikuspenen arabera, 2050. urtean populazioa 9.700 milioi izango da eta, gaur egungo patroiak ez badira aldatzen, urte horretan 3.400 milioi tona hondakin sortuko ditugu mundu mailan. Hondakin horien kudeaketa desegokiak gure ingurunea arriskuan jartzeaz gain, giza osasuna ere arriskuan jarri eta baliabide finituak agortzen laguntzen du. Hortaz, hondakinen sorrera masiboa eta horien kudeaketa egokia gure garaiko arazo premiazkoenetakoak dira.

Europar Batasunean (EBn) ez gaude arazo honetatik kanpo. Izan ere, 2020an 2.135 milioi tona hondakin ekoiztu ziren jarduera ekonomiko guztiak eta etxebizitzak kontuan hartuz edo, beste modu batera esanda, pertsona bakoitzak 4.815 kg hondakin sortu genituen urte horretan. Hondakin horien kudeaketak kostu ekonomiko eta ingurumen-inpaktu handiak ditu eta, horiek murrizteko, Ekonomia zirkularraren estrategia jarraitzea funtsezkoa da. Ekonomia zirkularrak natura-baliabideak erabiltzeko moduan paradigma-aldaketa dakar, eta “erauzi, ekoitzi, erabili eta botatzetik” “murriztu, berrerabili eta birziklatzera” pasatzea dakarren eredua sustatzen du, “prebentzioa” eta “berrerabiltzea” gako-hitzak izanik. Testuinguru honetan, eta ekonomia zirkularrarekin lotutako beste ekimen batzuen ondoren, 2020an, ‘Ekonomia Zirkularreko Akzio Plan Berria’ aurkeztu zen, hondakinak prebenitzeko eta erabilitako baliabideak EBko ekonomian ahalik eta denbora gehien mantentzeko helburua duena, besteak beste.

Hondakinei buruzko EBko legediak hobekuntza nabarmenak ekarri dizkio hondakinen kudeaketari hirurogeita hamarreko hamarkadatik. Hala ere, indarrean dauden legeek finkatzen dituzten helburuetatik oraindik oso urruti gaude eta, hortaz, hobekuntza-tartea handia da.

Tokiko ikuspegitik hondakinen sorrera murrizteko eta sortzen direnen kudeaketa hobetzeko gaur egungo egoera ezagutzea ezinbestekoa da; hau da, zein da abiapuntua legez ezarritako helburuak lortzeko? Informazio hori honako ardatzetan oinarrituta egon behar du, besteak beste: hondakinen sorrera eta kudeaketa, ingurumen-aztarna, herritarren pertzepzioa eta ekonomia.

Arabako Hiri Hondakinen Behatokia

Arabako Hiri Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa Planaren (2017-2030) 15. ekintza da Hiri Hondakinen Behatokia. Hori hiri-hondakin solidoen (HHSen) kudeaketarekin lotutako alderdiei buruzko informazio eta jarraipenerako tresna da, bai eta eragile interesdun guztien topagune ere. Halaber, gai horri buruzko informazio teknikoa eta akademikoa zabaltzen laguntzen du. Eginbeharrekoen artean hondakinen urteko inbentarioa egitea, hondakinak karakterizatzea, planaren jarraipena egitea eta hondakinen ekobarometroa egitea aipa daitezke.

Orain arte egindako ikerketa lanek argi utzi dute HHSen kudeaketan hobekuntzarako tartea zabala dela. Hala ere, zenbateraino jabetzen gara herritarrok HHSen kudeaketaren egungo egoeraz eta gure ekintzen ondorioez? Ekobarometroaren emaitzek erakusten dute, orokorrean, ingurumenaren eta, bereziki, hondakinen arloan jarduteko moduari buruz dugun pertzepzioa nahiko positiboa dela. Horrela, inkestatuen % 84k hondakinen bereizketa eta kudeaketa bizi-kalitatearekin oso lotuta daudela uste du, eta % 93k etxeko hondakinen bereizketa egitea ingurumena zaintzeko neurri “garrantzitsua” edo “oso garrantzitsua” dela adierazi du. Gainera, etxeko gaikako bilketari buruz galdetzerakoan, inkestatuek HHSen frakzio nagusiak ia beti selektiboki bereizten dituztela adierazi dute (100etik 90 aldiz baino gehiagotan), eta zertxobait gutxiago medikamentuen (83/100), olioaren (80/100) eta sukaldeko hondakin organikoen (78/100) kasuan. Hondakinak etxean ez bereizteko arrazoi aipatuenak alferkeria eta erantzukizun indibidualik eza (% 60), etxean espazio gutxi izatea (28 %), eta kontzientziazio falta (% 27) izan dira.

Hondakinen inbentarioak, ordea, ez du pertzepzio positibo hori islatzen. Izan ere, Arabako Lurralde Historikoan 2022an sortu ziren 132.904 tona HHStik, bakarrik heren bat inguru jaso ziren bereizita. Indarrean dagoen legediak 2025. urtean hondakinen % 55, gutxienez, gaika birziklatu behar dela ezartzen du; beraz, gaur egungo errealitatea helburutik oso urrun dago. Gainera, nabarmentzekoa da, Behatokiaren kalkuluen arabera, nahastuta jasotako hondakinen kudeaketak atmosferara igorritako CO2 masaren % 75 eragin zuela 2022an.

Baina, zenbat material berreskura edo balioztatu daitezke nahastuta jasotzen diren hondakinetatik? Hondakinen karakterizazioaren emaitzen arabera, Arabako Lurralde Historikoan jasotzen den frakzio nahasiaren % 86 (batez bestekoa, pisuan) berrerabili edo birzikla daitezkeen materialek osatzen dute, esaterako, papera eta kartoia (% 7), ontzi arinak (% 11) eta ehunak/arropak (% 5). Hala ere, frakziorik ugariena materia organikoa da: zabor-poltsaren % 50 inguru etxeko hondakin organiko konpostagarria da. Azken honek ur eta materia organiko (karbohidratoak, proteinak eta koipeak) ugari duenez, erraz degradatzen da mikrobioen eraginez, eta lixibiatuak eta usain txarrak sortzen ditu. Halaber, dentsitate nahiko handia eta aldakorra du eta, horren ondorioz, bildutako hondakinen masa osoari egiten dion ekarpena handia da, garraiatzeko behar den kamioi-kopurua handituz eta hondakindegien bizitza murriztuz. Hondakinen bilketa/garraioak hondakinen kudeaketaren CO2 aztarnaren % 6 eragin zuen 2022an eta, beraz, material hau iturrian bereizi eta kudeatzeak onura handia ekarriko lioke ingurumenari. Ekonomikoki ere ezberdintasuna dago: gaur egun, nahastuta jasotzen den zabor tona baten kudeaketaren kostua bereizita jasotzen den materia organikoarena baino % 50 handiagoa da.

Gaur egun, beraz, HHSak kudeatzeko araudian ezarritako helburuak lortzea atzeraezina da, eta horrek erronka handiak ekarriko ditu arlo horretan. Prebentzioa eta berrerabilera aukera egokienak badira ere, egungo gizartean saihetsezina da hondakinak sortzea. Hala ere, gure esku dago baliabideak arduraz erabiltzea eta hondakinak behar bezala kudeatzea, adibidez, hondakinak bereiziz edo horiek modu lokalean kudeatuz. Bide horretan Behatokiak egungo egoera deskribatzen lagundu dezake, eta baita jendeak zer jarrera eta zer pertzepzio dituen ezagutzen ere; azken finean, zaramaren kudeaketatik baliabideen kudeaketara salto egiten.