Epidemiologiako Espainiako Sozietatearen urteko XL bilera
- Ekitaldia
Noiz eta non
Noiztik: 2022/08/30 Noiz arte: 2022/09/02
Kokapena
Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Epidemiologiako Espainiako Sozietatearen (SEE gaztelaniazko sigletan) urteko XL bilera abuztuaren 30etik irailaren 2ra izango da Donostian, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Carlos Santamaria Zentroan.
Klima-aldaketa, ingurumena, hiri-osasuna eta desparekotasun sozialak izango dira bileraren ardatzak. Aurreikuspenen arabera, 800 parte-hartzaile baino gehiago eta mila komunikazio inguru izango dira. Era berean, askotariko gaiak jorratuko dituzte, esaterako, osasun mentala, genero-indarkeria, txertoak, minbizia edota sexu-transmisiozko gaixotasunak.
Inaugurazio eta amaiera ekitaldiak
Inaugurazio mahaia abuztuaren 31n, asteazkena, izango da 12:00etan, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako Adolfo Uriartek, Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketa, Osasun eta Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitateko Julio Díaz Jimenezek, ISGlobaleko Cathryn Tonnek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Koldo Cambrak emango dute. Bertan, klima aldaketaren ondorio orokorrak eta horiei aurre egiteko moduak aztertuko dira, baita muturreko tenperaturetara egokitzeko prozesuak ere.
Amaierako hitzaldia, berriz, irailaren 2an, ostirala, 12:00etan izango da, eta ISGlobalen Analisi eta Garapen Globala saileko zuzendari Rafael Vilasanjuan kazetariak emango du, “Txertoaren nazionalismoak, tokiko borondatetik behar globalera” izenburupean. Aurkezlea, berriz, Ángela Domínguez izango da, Bartzelonako Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko katedraduna eta Espainiako Epidemiologia Elkartearen Txertoen Lan Taldeko koordinatzailea.
Herritarrentzako mahai irekia
Berritasun gisa, kongresuaren inaugurazio ofiziala baino egun bat lehengo, publikoarentzat irekia izango den mahai inguru bat egingo da, non klima aldaketak eta hiri eta ingurumen osagaiek osasunean duten inpaktua aztertuko baita. Abuztuaren 30ean izango da, 19:00etan, San Telmo Museoan eta Donostiako Sustapenak aurkeztuko du. Mahai inguruan parte hartuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko eta BC3ko Elisa Sainz de Murietak, Naturklima-Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioko Dorleta Orúe-Echevarríak, Carlos III.a Osasun Institutuaren Klima Aldaketa, Osasun, Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitateko Cristina Linaresek eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzako Jesús Ibarluzeak. Aitana Lertxundi izango da mahai inguruaren moderatzailea. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.