euskaraespañol

Eguneko irudia

Kimika Terapeutikoaren Espainiako Elkartearen XIX. Biltzarra

Noiz eta non

Noiztik: 2019/07/08 Noiz arte: 2019/07/11, 00:00 - 00:00

Kokapena

Gradu-Aretoa - Farmazia Fakultatea
Paseo de la Universidad 7. -01006- Vitoria-Gasteiz (Araba)

Deskribapena

Kimika Terapeutikoaren Espainiako Elkarteak (SEQT), zeina European Federation for Medicinal Chemistry elkarteko kide den, bere XIX. Biltzarra egingo du Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, Gasteizen, uztailaren 8tik 11ra (astelehenetik ostegunera), honako izenburu honekin: «New challenges in drug discovery».

Kimika Medikoak –Espainian, Kimika Farmazeutikoa– konposatu berriak diseinatzen eta prestatzen ditu, horiek biologikoki ebaluatzeko, eta azken helburua lortzeko, hau da, sendagai berriak garatzen lagunduko duten loturak ezartzea egitura kimikoaren eta jarduera biologikoaren artean. Gaur egun, eremu honetan lan egiten duten profesionalek jakintza alor anitzeko taldeak osatzen dituzte, eta haientzat funtsezkoa da Kimika Organikoari buruzko ezagutzak edukitzea, baita horrekin lotutako beste gai batzuei buruzkoak ere, sendagaiek eta ingurune biologikoek elkarri eragiteak ekartzen dituen arazo konplexuak ulertu eta interpretatu ahal izateko. Sendagaien osagai aktiboak garatzea oinarrizko helburua da pertsonen osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko. Horien artean, arreta berezia jarriko zaio molekula berriak garatzeari, herrialde xumeetan bereziki eragina duten gaixotasun infekziosoei aurre egiteko (malaria, leishmaniasia, dengea...).

Aurreko biltzarretan nabarmendu izan da emakume kopurua oso handia dela bai ikasten ari direnen artean bai industria eta akademiako ikertzaileen artean, eta batzuetan parte hartzaile gizonezkoen kopurua ere gainditzen duela.

Biltzar honetan ehun pertsona inguru bilduko dira, eta horietatik gehienak Araba kanpotik etorriko dira (% 95 gutxienez). Parte hartzaileak hiru profilen arabera sailka ditzakegu:

  • Enpresa farmazeutikoan ikerketa eta/edo kudeaketa lanak garatzen dituzten profesionalak
  • Ikerketa zentro publiko zein pribatuetako ikertzaile junior eta seniorrak
  • Kimika Medikoan espezializatu nahi duten unibertsitateko irakasleak eta ikasleak, prestakuntza eta sendotze fasean daudenak (masterreko ikasleak, doktoregaiak eta doktorego ondokoak)

Eta, oro har, Espainiako Kimika Medikoaren garapenean interesa duten biokimikako, kimikako, farmaziako, medikuntzako eta osasuneko beste alorretako profesionalentzako biltzarra izango da.

Jardunaldiaren helburu nagusia ideien eta ezagutzen trukaketa sustatzea da, sendagai berriak garatzen eta aurkitzen lan egiten duten ikerketa enpresa eta erakundeetako profesionalen artean, bai Espainiakoak bai nazioartekoak. Era berean, arlo honetako graduondokoen prestakuntzan ere lagundu nahi da.

Egitarau zientifikoak lehen mailako profesionalen 12 hitzaldi orokor eta gonbidatu bilduko ditu, baita parte hartzaileen 17 ahozko komunikazio eta 36 flash aurkezpen ere, sendagaien aurkikuntzaren eta garapenaren ikerketa arloarekin lotutakoak. Hori guztia bederatzi saiotan egingo da, eta horien gai orokorra, besteak beste, minbiziari eta gaixotasun infekziosoei, koronarioei eta neurodegeneratiboei, lotuta egongo da.

Biltzarraren egitaraua