euskaraespañol

Eguneko irudia

Astrozitoak Parkinsonen gaixotasunarekin lotu dituzte

Parkinsonen gaixotasunaren hasieran eta hedapenean garuneko zelula ugarienen portaera aztertu du UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/01/04

Paula Ramos González
Paula Ramos González. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikerketa batek egiaztatu du Parkinsonen gaixotasuna duten pazienteen astrozitoak, burmuineko zelula ugarienak, elementu kritikoa direla patologia hedatzeko eta neurona-endekapena areagotzeko.

Seguru asko, guztiok entzungo genuen noizbait neuronak eta haien funtzionamendu egokiaren garrantziaz hitz egiten, neuroendekapenezko gaixotasun arruntenetako batzuk ager ez daitezen, hala nola Alzheimer edo Parkinson gaixotasunak. Hala ere, neuronak ez daude bakarrik garunean, eta haien funtzio asko beste zelula batzuek jasaten dituzte, zelula glialak deritzenek. Ezezagun handi horien artean daude astrozitoak, burmuineko zelula ugarienak. Astrozitoek, besteak beste, neuronei mantenugaiak eta energia ematen dizkiete eta eta neuronen euskarria dira.

Parkinsonen gaixotasuna neurona dopaminergikoen narriadurarekin eta alfa-sinukleina izeneko proteina metatzearekin lotuta dago.

“Orain arte, gaixotasunak nagusiki eragiten dien zelulak neuronak direnez, azterketa gehienek zelula horiek hiltzera eramaten zituzten gertaerak ulertzera bideratuta egon dira. Horregatik, eta gaixotasun horretan astrozitoek duten zereginaz ezer gutxi dakigunez, gure ikerketa neuronen biziraupenerako hain garrantzitsuak diren zelula horiek Parkinsonen gaixotasuna garatzen laguntzen duten ulertzera zuzentzea erabaki genuen”, adierazi du Paula Ramos González UPV/EHUko Neurozientziak saileko ikertzaileak.

Lan honetan bi ikerketa-ildo garatu dira. Alde batetik, “arratoi-zelulekin lan egin dugu, bai neuronekin bai astrozitoekin, eta zehaztu ahal izan dugu astrozitoak gai direla alfa-sinukleina proteina toxikoa —Parkinsonen gaixotasuna duten pazienteen garunean metatzen den proteina— transmititzen laguntzeko, eta neuronen heriotza bultzatzeko, zelula horiek gaixotasunaren progresioan duten zeregin garrantzitsua iradokiz”, azaldu du.

Bestalde, “errealitatera gehiago hurbiltzeko, giza zelulak erabiliz beste azterketa bat egitea proposatu dugu. Horretarako, astrozitoak sortzen ditugu Parkinsona duten pazienteen azaleko zeluletatik abiatuta. Astrozito horiek sortu ondoren,  zenbait parametro garrantzitsu alderatu ditugu emaile osasuntsuetatik eratorritako astrozitoetan eta mutazioaren bat duten astrozitoetan. Harrigarria bada ere, ikusi dugu mutazioa duten astrozitoak astrozito osasuntsuak baino zortzi aldiz txikiagoak izateaz gain, proteina oxidatu asko sortzen dituztela, zelulentzat toxikoak izan daitezkeenak” gehitu du Ramos Gonzálezek.

Azkenik, “garrantzitsua iruditu zaigu astrozito horiek zuzenean neuronekin batera haztea, eta mutatutako zelulek neuronen biziraupenean izan ditzaketen ondorioak aztertzea. Neuronak bakarka jarraitzeko aukera ematen digun teknika bat erabiliz, ikusi dugu neuronak mutatutako astrozitoekin hazten direnean nabarmen handitzen dela neuronen heriotza-arriskua, astrozito osasuntsuekin haztean ez bezala”, dio.

Ikertzaileak nabarmendu duenez, "emaitza horiek guztiek iradokitzen dute astrozito disfuntzionalek lagundu egiten dutela Parkinsonen gaixotasunaren hasieran eta hedapenean, eta gaixotasunaren ohiko prozesu neurodegeneratiboa errazten dutela. Oraindik ere beharrezkoa da gaia sakontzea eta esperimentu berriak egitea. Hala ere, azterketa honek helburu terapeutiko posible bat proposatzen du, astrozitoen funtzionaltasunari eustera bideratua, eta etorkizuneko tratamenduetarako aukera ugari eskaintzen ditu”.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Paula Ramos González (Bilbo, 1991) doktore-tesiaren barnean egin da. Doktore-tesiaren izenburua ‘Unraveling the role of astrocytes in the onset and spread of Parkinson´s Disease: important contributors to neurodegeneration’ da, eta Favio Cavaliere Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa-zentroko ikertzaile seniorrak zuzendu du. Doktore-tesia batik bat Achucarro Basque Center for Neuroscience ikerketa-zentroan egin da, Bordeleko Unibertsitatearekin, Oxfordeko Unibertsitatearekin eta CIMArekin (Ikerketa Mediku Aplikatuko Zentroa, Nafarroako Unibertsitatea) elkarlanean.