euskaraespañol

Umeei baleek nola ikusten duten irakasteko hiru bideo didaktiko argitaratu dituzte

Elena Vecino katedraduna elkarlanean ari da Aprende con Danio zientzia dibulgazioko plataformarekin, eta Sopelan aurkitutako balea begiari buruz bere ikertaldeak egindako aurkikuntzak azaltzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/01/25

Elena Vecino arte eta zientzia erakusketan: «Balearen begia». Laura López. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.
Elena Vecino "Balearen begia" erakusketan. Laura López. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Elena Vecino UPV/EHUko Oftalmo Biologia Esperimentaleko taldeko ikertzaile nagusiak 3 bideo argitaratu ditu; bideo horien bitartez umeei era ulerterraz batean azaltzen dizkie bere ikertaldeak Sopelan (Bizkaia) 2019an hondartuta aurkitutako balearen begiari buruz egindako ikerketen emaitzak. Aprende Ciencia con Danio adingabeentzako zientzia dibulgazioko kanalarekin elkarlanean egin dute proiektu hori, eta Youtuben ikusgai dago jada.

Lehen bideoan ikertzaileak balearen aurkikuntzari buruzko istorioaren berri ematen du, zerea hondartzan agertu zenetik, eta baleen begiei buruz zer jakin duten adierazten du, halaber; betilerik ez dutela adibidez, edo, behar dutenean, begia kanpora atera dezaketela.

Bigarren bideoan, ikertaldeak are gehiago sakontzen du zereen begiaren funtzionamenduan, eta arreta berezia jartzen du Müller-en zeluletan, beste animalia batzuen axiomekin batera haien birsorkuntza laguntzen baitute. Mikroskopioetako argazkiekin eta aurkikuntza horietako batzuekin ikertaldeak 2020an UPV/EHUn egindako erakusketa azaltzen du, orobat.

Azkenik, hirugarren bideo batek argazki erakusketa hori ikusmen desgaitasuna dutenentzat nola egokitu duten azaltzen du, bai eta ikusmen urria duten pertsonen sentipenak ulertzeko esperimentu bat ere.  

Bideo horiek Youtubeko kanal honetan ikus daitezke. Bideoen amaieran zenbait neska eta mutilek aztertutako balearen irudikapenen bidez izandako partaidetza ageri da.

Elena Vecino UPV/EHUko Zelulen Biologia eta Histologiako katedraduna Oftalmo Biologia Esperimentaleko ikertaldeko zuzendaria da. Talde horrek Sopelako (Bizkaia) hondartzan hondartuta aurkitu zuen balea, 2019an, eta begiaren funtzionamendua ikertzeari ekin zion, bai eta ikusmenaren gaixotasunei, glaukomari kasu, ikerketa hori nola aplikatu.