euskaraespañol

Eguneko irudia

Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuaren XXIX. sinposioa

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2023/07/06 Noiz arte: 2023/07/07

Kokapena

Ekitaldi aretoa - Micaela Portilla Ikergunea
Justo Vélez de Elorriaga 1. -01006- Vitoria-Gasteiz (Araba)

Deskribapena

Uztailaren 6an eta 7an, Valentín de Foronda Gizarte Historiarako Institutuaren XXIX. sinposioa izango da Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Micaela Portilla ikergunean; aurtengo edizioaren izenburua ‘Liberalismoa eta liberalak Espainiako historian, 1823-2023’ da. José Mª Portillo eta Antonio Riveraren zuzendaritzapean, sinposioan gaiari buruzko espezialista ezagunak bilduko dira, bai historiografiaren arlokoak (Luis Castells, Raquel Sánchez, Manuel Suárez Cortina edo Emilio Grandío, besteak beste), bai Gizarte Zeintzien, Ekonomiaren eta Soziologiaren arloetakoak (Félix Ovejero), bai Zuzenbidearen eta Filosofia Politikoaren arlokoak (Josu de Miguel edo Jorge del Palacio).

Inaugurazio ekitaldia ostegunean izango da, 09:00etan, eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Ana del Val kulturako diputatua eta Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordea arituko dira bertan, Valentín de Foronda Institutuko zuzendari Antonio Riverarekin batera.

Programa

Berrehun urte bete dira Espainian lehen esperientzia liberala izan zenetik, Hirurteko Liberala amaituz geroztik (1820-1823). Aitzakia ona da ideologia horrek Estatuan zer nolako bilakaera izan duen ikusteko; izan ere, beste ideologia garaikide batzuen antzera, hitz bakar batekin askotariko eduki politikoak bildu baititu. Horretarako, hainbat arlotako eta hainbat alderdiri buruzko esperientziak alderatuko dira sinposioan, esperientzia liberalaren bi mendeko ibilbide honen garrantzia zenbaterainokoa izan den zehazkiago jakite aldera.

Hasierako hitzaldian, aurreko bi mendeetan liberalismoa Espainian garatu zen esparru historikoa zehaztuko du Luis Castellsek (UPV/EHU).

Lehenengo mahaian, Liberalismoaren eraketa Espainian izango dute eztabaidagai Raquel Sánchez Garcíak (U. Konplutentsea, Madril) eta Manuel Suárez Cortinak (Kantabriako U.), eta doktrinaren oinarriak ez ezik, ideologia horrek XIX. mendeko Espainian izan zuen garapena ere aztertuko dituzte.

Bigarren mahaia arratsaldean izango da; Joseba Louzao (Alcalá U.) eta Gregorio Alonso (Leeds U.) liberalismoaren eta erlijioaren arteko loturaz mintzatuko dira, eta bi premisa ideologiko horien arteko ezinbesteko kontraesanaren ikuspegia –jada gaindituta dagoen ikuspegia– desegingo dute.

Arratsaldeko hurrengo mahaiaren aztergaia honako hau izango da: Liberalismoa eta Errepublika. Proiektu eta politika liberalak Espainian; Lara Campos (Kantabriako U.) eta Emilio Grandío (Santiago U.) irakasleek gaiaren bilakaera aztertuko dute XX. eta XXI. mendeetan.

Uztailaren 7an, ostiralarekin, bi mahai izango dira. Lehenengoan liberalismoaren aukerez arituko dira, eta ideologia hori eskuinaldera ala ezkerraldera lerratzen ote den aztertuko dute. Gai hori landuko dute Félix Ovejerok (Bartzelonako U.) eta Jorge del Palaciok (Joan Karlos I.a U.).

Bigarren mahaian liberalen askatasunari buruz hitz egingo dute Josu de Miguelek (Kantabriako U.) eta Víctor Vázquezek (Sevillako U.), filosofia horrek bere-berezkoa duen argudioa den aldetik.

Bukatzeko, amaierako ikasgaia Javier de Lucas Valentziako Unibertsitateko irakasle eta juristak emango du: Liberalismoa atzo eta gaur.

Sinposioa aurrez aurre eta online jarraitu ahal izango da, eta UPV/EHUko Uda Ikastaroen programazioan sartuta dago. Ehun eta hogei lagun baino gehiago daude izena emanda.