euskaraespañol

Eguneko irudia

Urtzi Reguero Ugarte

Usteak erdia ustel, baita euskararen historian ere

UPV/EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktika saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/12/19

Urtzi Reguero Ugarte
Argazkia: Belén Galván.

Hizkuntzak aldatu egiten dira. Iritzi onartua da hori, hizkuntzalarion artean behintzat: gaur erabiltzen dugun gaztelania ez da orain zenbait mende Cervantesek zerabilena eta oraingo ingelesa ez da Shakespearek baliatu zuena. Are atzerago eginda, beste hizkuntzatzat hartzen dira, hain dira desberdinak garai bateko eta besteko egoerak: latina, adibidez, ez da gaztelania, bere ama baizik. Pernandoren egia da hori: testuek eta erregistro idatziek halaxe erakusten digute.

Axioma hori euskarara ekartzeak, ordea, batzuei hazkura eragiten die. Kosta egiten da beste hizkuntzetarako horren onartua dagoen zerbait euskaraz ere hala gertatu dela aitortzea. Axularrek halaxe idatzi zuen 1643an: “Aitzitik, badirudi ezen bertze hizkuntza eta lengoaia komun guztiak, bata bertzearekin nahasiak direla, baina euskara bere lehenbiziko hastean eta garbitasunean dagoela”. Ia lau mende igaro dira Sarako apaizak esaldi hori idatzi zuenetik, baina askoren buruan ideiak hor jarraitzen du; noiztenka han-hemen agertzen diren artikulu eta bideoak dira horren erakusgarri.

Bestela dira gauzak, ordea: euskara aldatu da, gutxi edo asko, azken bostehun, seiehun edo mila urteetan. Ez dakit inoiz izango ote garen gai Irulegiko eskuko idatzia interpretatzeko eta euskararekin izan lezakeen lotura frogatzeko, baina biak erlazionaturik baleude, ohart gaitezen zenbaterainokoa den aldaketa azken bi mila urte hauetan, ez gara-eta ulertzeko gai.

Asko dira euskararen ustezko aldaezintasun edo aldagaiztasun horrekin loturiko usteak, eta hortik eratorri dira beste batzuk: Europako hizkuntzarik zaharrena dela, bi mila urte atzera bidaiatuta ia arazorik gabe ulertuko genituzkeela orduko arbaso euskaldunak, gaurko euskalkiak erromatarren garaiko euskal tribuen oinordeko direla… Horiek —nolabait esatearren— hizkuntzaren alde egindako adierazpenak dira, baina euskara hizkuntza barbaroa dela, gramatikarik gabekoa, zaila, goi-ikasketetarako balio ez duena, dioenik ere egon da eta badago. Batzuek zein besteek kaltea besterik ez dakarte; kaltea ezagutzari, kaltea duintasunari eta kaltea gizarteari.

Ez dago ezer txarrik onartuz gero euskara beste hizkuntza batetik datorrela, nahiz eta delako hizkuntza horri ere euskara dei diezaiokegun. Ez dago ezer txarrik esaten badugu euskara aldatu dela, eta asko, erromatarrak etorriz geroztik. Pentsa zenbat aldatu den lexikoa: gaurko euskarazko hitzen erdia baino gehiago dator latinetik edo hizkuntza erromantzeren batetik. Hortaz, gaurko hitz ia gehienak ez ziren existitzen duela bi mila urte baino gehiago, eta beste asko euskaratik eta euskaraz sortu ditugu azken mendeotan. Hotsak ere bestelakoak direla ematen du: erromatarren aurreko euskara hark ez bide zuen gaurko p, t, k eta b, d, g oposaketa, baizik eta beste bat; m-rik ez zuela dirudi, baina bai bi n, bata bortitza eta bestea ahula; halatsu gertatzen zen l-rekin eta r-rekin.

Bada, bestalde, euskara hizkuntza zaila dela dioenik ere. Zaila norentzat, baina? Gaitzagoa al da euskara ume euskaldun batentzat gaztelania hizkuntza hori etxetik jaso duen batentzat baino? Ikerketek erakutsi dute ezetz. Norberak bere hizkuntza eskuratzen duenean ez ditu oztopo hizkuntzaren tipologia eta ezaugarriak. Zaitasuna erlatiboa da: euskara zaila izan daiteke bigarren edo hirugarren hizkuntza bezala ikasteko orduan, ikaslearen lehen hizkuntza zein den kontuan izanda. Baina tira, euskaraz ez du inork ikasi behar v eta b bereizten eta zein hitzek behar duten eta noiz c, z, qu edo tileta.

Halako eta bestelako uste ustelak, iritzi askotan sasizientifikoak edo baieztapen irmoak etengabe jasotzen ditugu komunikabide formal zein informaletatik edo lagunarteko solasaldietatik. Unibertsitateko irakasleon lana ere bada akademian lortzen dugun ezagutza gizartearekin partekatu eta zabaltzea, gizartearen eta unibertsitatearen artean dagoen murru ikusezin hori botatzea. Horregatik hizkuntzalari eta filologoon ardura da gizarteari helaraztea zer den gure zientziak —hizkuntzalaritza eta filologia ere zientzia baitira— esaten diguna eta momentuz esaterik ez duguna. Horixe da Ni la mitad te creas. Mitos, verdades y algunas curiosidades más sobre el euskera (Athenaica, 2024) liburuaren asmoa: euskarari buruz esan diren uste eta iritziak (guztira zazpi mito edo uste oker eta ia beste horrenbeste kuriositate) bildu eta deseraiki dira bertan, eta dakigunetik eta ez dakigunetik abiatuta birkontatu dugu euskararen historia.