euskaraespañol

Eguneko irudia

Ur ekosistemak eta biodibertsitatea, Afrikan klima aldaketara egokitzeko gakoak

UPV/EHUko ikertzaile batek parte hartu du kontinente honen azterketan; Afrikan, izan ere, agerikoak dira klima aldaketaren ondorioak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/07/24

Ur ekosistemak eta biodibertsitatea, Afrikan klima aldaketara egokitzeko gakoak
Amaia de Ayala, UPV/EHUko eta Basque Centre for Climate Changeko (BC3ko) ikertzailea. Argazkia: Egoi Markaida. UPV/EHU.

Biodibertsitatea zein ur sistemak mantentzea eta horiek era jasangarrian baliatzea ezin bestekoak dira klima aldaketak Afrikan dituen ondorio kaltegarriei aurre egiteko. Konklusio hori atera da UPV/EHUko ikertzaile batek parte hartu duen ikerketa batean; Ecological Economics aldizkariak argitaratu du.

Klima aldaketa da dagoeneko ekosistemak eta biodibertsitatea aldatzeko eta hondatzeko arrazoi nagusietako bat. Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Adituen Taldearen Bosgarren Ebaluazio Txostenak dioenez, Afrikako ekosistemak nabarmen jasaten ari dira dagoeneko klima aldaketaren astindua, eta espero da etorkizunean eraginok are agerikoagoak izatea. Testuinguru horretan, ezin bestekoa da ulertzea ekosistema zerbitzuak kudeatu eta hobetzeak gizarte bat klima aldaketara egokitzeko gai izatea susta dezakeela, non kudeaketa eta hobekuntza horiek naturak gizarteari eskaintzen dizkion askotariko onurak esan nahi duten.

UPV/EHUko eta Basque Centre for Climate Changeko (BC3ko) Amaia de Ayalak, Basque Centre for Climate Changeko (BC3ko) Laetitia Pettinotik eta Vigoko Unibertsitateko Elena Ojeak azterketa bat egin dute klima aldaketara egokitzeko Afrikan ur ekosistemek dituzten onuren garrantziari buruz, eta “Ecological Economics” aldizkarian argitaratu da.

Ur ekosistema zerbitzuak uretatik datoz edo urari lotuta daude, izan gazi, izan geza. ‘Gure azterketa arro hidrografikoei erreparatu die, adibidez, hezegune, landa baso, mangladi, uholde ibar eta ibaiei. Ekosistema horiek askotariko zerbitzuak ematen dituzte, adibidez, elikadura hornitzea, lehengaiak, ura eta medikamenduak, lurraren eta habitaten kalitatearen mantentzea, uholdeen kontrola eta aisialdiaren zein kulturaren sustapena’, Amaia Ayalak azaldu duenez.

Afrika, oso hauskor klima aldaketaren aurrean

Azterketak Afrikari erreparatzen dio, hiru arrazoi nagusirengatik: ibaietako emariak ezin bestekoak dira kontinenteko milioika pertsonaren bizimoduentzat beharrezko ekosistema zerbitzuak hornitzeko orduan. Afrikak hauskortasun handia du klima aldaketaren aurrean eta, ondorioz, konponbide politiko bat behar da, eta gutxi ikertu da ekosistema zerbitzuen eta klima aldaketaren arteko erlazioari buruz. “Era horretan, gure ikerketan lortutako emaitzek orientazioa eskaintzen dute Afrikako kontinentean klima aldaketara egokitzeko politiken diseinuan”, Amaia de Ayalak adierazi duenez.

Ikertzaileek azken hiru hamarkadetan Afrikan egindako 36 balorazio azterketa berrikusi dituzte, eta ur ekosistema zerbitzuen 178 diru balio biltzen dituen datua basea sortu dute. Era horretan, Afrikari buruzko meta-analisi bat egin ahal izan dute, lehendabiziko aldiz.

Azterketak ondorioztatu duenez, klima aldaketagatik hauskorren diren herrialdeek biodibertsitate eta ekosistemen degradazio handiagoa dute. Gainera, sorgin gurpil batean erortzen dira, ekosistemak gehiago hondatu ahala, hauskorragoak baitira klima aldaketaren ondorioak. Per capita BPGa positiboki lotzen da ekosistema zerbitzuen balioarekin eta, aldiz, landa pobreziaren ehunekoak eragin kaltegarriak ditu haien gainean.

‘Beraz, hain hauskorrak ez diren herrialdeek, alde batetik, egokitzapen zulo txikiagoa eta, bestetik, ur ekosistema zerbitzuen balio handiagoak dituztenez, azterlan honek aditzera ematen du ekosistemetan oinarritutako egokitzapena neurri erabakigarria izan daitekeela Afrikan klima aldaketara egokitzeko’, Amaia de Ayalak bukatzeko esan duenez.

Egokitzapenak ekosistemetan oinarrituta eginez, biodibertsitatearen eta ekosistemen onuren erabilera egokitzapenerako estrategia orokorrean kokatzen da eta, hartara, pertsonei klima aldaketaren ondorio kaltegarrietara egokitzen laguntzen zaie. Bestela esateko, “azpiegitura berdea” eta ekosistemek dakartzaten onurak erabiltzen dira klima aldaketaren aurrean giza gizarteen erresilientzia sustatzeko. Hain zuzen, Afrikako 25 herrialdek dagoeneko bere egin dute ekosistemetan oinarritutako egokitzapena beren klima aldaketaren Egokitzapenerako Ekintza Programa Nazionaletan.

Erreferentzia bibliografikoa