euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko 42 ikaslek parte hartuko dute Gazte Solidarioen programan

Ekimenaren 15. edizioa da aurtengoa. Alokairu partekatua eskaintzen du, hilean 55 euroko prezio sinbolikoan; ordainketan, ikasle bakoitzak auzoko proiektu komunitarioetan lagundu behar du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/11/21

Ezkerretik eskuinera Xabier Murelaga, bisitariak eta Carlos Quiroga | Argazkia: Mitxi.UPV/EHU

Bilboko Udal Etxebizitzak organismoak "Gazte Solidarioak" programaren hamabosgarren edizio honetarako jarritako 20 etxebizitzetan, guztira, 55 graduondoko ikasle gaztek lortu dute tokia. Gehienak EHUkoak dira (42). 

Programa horren bidez udal-etxebizitzak ematen dira alokairu partekatuan, prezio sinboliko baten truke: 55 euro hilean pertsonako (argindarraren eta uraren gastuak kanpo). Horren ordez, ikasleek proiektu komunitarioetan eta kolektibo zaurgarriei laguntza emateko ekimenetan parte hartu behar dute, etxebizitza horiek dauden auzoetan; hau da, Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean. Kasu honetan, Otxarkoagan lan egiten duten 8 elkartek eta Bilbo Zaharrean lan egiten duten 9 elkartek hartzen dute parte. 

Ekitaldian, honako hauek izan dira: Yolanda Díez, Etxebizitzako zinegotzi eta Udal Etxebizitzak organismoko presidentea; Xabier Murelaga, UPV/EHUko Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiaren zuzendari eta Ostatuaren koordinatzailea; Nekane Garatea Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen bulegoko ostatu eta harrera arloko arduraduna; Gaizka Zuazo, IED Kunsthaleko zuzendaria; eta Laura Escribano Mondragon Unibertsitateko Talentuen Bilaketa, Logistika eta Administrazio saileko arduraduna.  

Xabier Murelagaren hitzetan: “UPV/EHUrentzat balio bikoitza dauka programa honek: alde batetik, ikasleek etxebizitzarekin daukaten arazoari aurre egiteko laguntza bat da, eta bestetik, gure egresatuen formakuntza soziala sustatzen du”. 

Yolanda Diez zinegotziak hurrengo edizioetan Gazte Solidarioak programara bideratutako etxebizitza sozialen kopurua handitzeko asmoa iragarri du. Zabalkuntza oraindik zehaztu gabe dagoen kopuru batean egingo da, erabilgarri dauden bizitegi-baliabideen arabera. 

Programaren xehetasunak azaldu ondoren, pisuetako bat ikusi da bertan bizi den Carlos Quiroga ikaslearekin batera. Ikasle horrek oinarrizko eskubideei eta botere publikoei buruzko masterrean ikasten ari da UPV/EHUn, eta Bilbo Zaharreko Aldauri Fundazioan egiten du boluntario-lana, 60 urtetik gorako pertsonen alfabetatze digitalean lagunduz. “Programa ederra da. Izugarrizko aukera da master bat ikasteko  eta etxebizitza lortzeko aukera hau izatea lan boluntarioa egitearen truke. Adineko pertsonekin izandako esperientzia oso pozgarria izaten ari da. Gainera, bai etxea eta bai auzoa oso ondo daude” adierazi du Quirogak. 

500 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programan 15 urteko bere  ibilbidean. Parte hartzen duten ikasleen batez besteko adina 26 urtekoa da. Edizio honetan, parte hartzeko ohiko joerari eutsi zaio: %53 emakumeak dira, eta %47 gizonak.