euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk 11,3 milioi euro jaso zituen 2020an, ezagutzaren transferentziaren bidez

1.100 kontratu baino gehiago erakunde, elkarte eta enpresekin, eta 75 patente. Horiek dira, hain zuzen, ikerketaren emaitzak euskal gizartera transferitzean iaz lortutako datu esanguratsuenak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/05/12

Unibertsitateak ikerketaren bidez sortzen duen ezagutza oro gizarteari helarazten zaio. Argazkia: Shutterstock.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 11,3 milioi euro jaso zituen joan den urtean, ikerketa emaitzen transferentziaren kontzeptuan. Zenbateko hori eman du ezagutzera Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko Errektoreordetzari atxikitako Berrikuntza eta Transferentzia zuzendaritzak, azken ekitaldian arlo horretan egindako jarduera guztia ebaluatu ondoren.

Unibertsitateak ikerketaren bidez sortzen duen ezagutza oro gizarteari helarazten zaio hiru bide zehatz hauetatik: irakaskuntza, dibulgazioa eta ezagutzaren transferentzia. Azken jarduera hori izango da, beharbada, egiten den arloetatik kanpo gutxien ezagutzen dena, nahiz eta garrantzi ekonomiko eta sozial handia duen. Hala, unibertsitateak kontratuak sinatzen ditu era askotako eragile publiko eta pribatuekin (administrazio publikoak, enpresak, gizarte, kultura edo kirol elkarteak), ezagutza transferitzeko eta zerbitzuak emateko asmoz. Jarduera hori gero eta garrantzitsuagoa da gaur egungo unibertsitatean, eta euskal unibertsitate publikoak iaz 11,3 milioi euroko sarrera izan zuen kontzeptu horretan.

Atal honetan, datu esanguratsuenen artean, aipatzekoa da 1.169 ikerketa kontratu sinatu direla (horrek % 50eko hazkundea ekarri du azken sei urteetan). Aipatzekoa da ere lehentasunezko 31 patente berri eta, orotara, 75 patente sortu direla; errekor bat, aurreko urteekin alderatzen badugu. Lehentasunezko patenteak teknologia baterako lehenengoz babesa eskatzen duten patenteak dira. Patente hori erreferentzia gisa hartuta, babesa beste herrialde batzuetara heda daiteke hedakuntza patenteen bidez, eta horrelakoetan lehentasunezko patentea eskatu zeneko data hartzen da babes data gisa. Lehentasunezko patenteak eta haren nazioarteko hedakuntza patenteek patenteen familia bat osatzen dute, eta patenteen multzo horrek teknologiak babesten ditu nazioarteko merkatuan. Joan den urtearen amaieran, UPV/EHUk beren patenteen familien bidez babestutako 208 teknologien zorro bat zeukan. Era berean, 2020an, 18 lizentzia kontratu sinatu ziren, UPV/EHUn sortutako teknologien ustiapen komertzialerako, eta UPV/EHUn 10 enpresa berri (spin-off) sortu ziren, eta horietako zazpik oinarri zientifiko-teknologikoa zuten.

Ezagutzaren transferentziaren arloan, UPV/EHUren jarduera kopuru nabarmenetara iristen ari da, eta 2020a urte onenetako bat izan zen, jarduera horri dagokionez. Une honetan, euskal unibertsitateak transferentzian aktibatuta dauden 200 ikertalde ditu, urtero era askotako 700 erakunde ingururi zerbitzua ematen dietenak. Ekintzailetza lanei dagokienez, UPV/EHU gaur egun 3 ekintzailetza programa garatzen ari da, 6 enpresa mintegi kudeatzen ditu, eta 43 negozio aukera ebaluatu ditu. Joan den urtean euskal unibertsitate publikoa 10 enpresa berriren harrobia izan zen.

Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Guillermo Quindósen iritziz “2021. urtean beharbada COVID-19aren pandemiaren eragina sumatuko badugu ere, 2020ko datuek erakusten dute UPV/EHUk konpromiso sendo eta iraunkorra duela kalitate handiko ezagutzaren sorrerarekin eta hura gizartera transferitzearekin. Gure taldea hurbilketa eta aholkularitza lan garrantzitsua egiten ari da hiru unibertsitate kolektiboetako kideekin (irakasle-ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak), gurean sortutako ezagutza oparoa gure gizarteari helarazteko lanetan. Ezagutzaren transferentzia herritarrengandik jaso dugun inbertsioa itzultzeko tresna bat da, gizarte aberastasuneko ekarpen bat, eta garapen jasangarrirako helburuak lortzeko bultzada bat, helburu horiek datozen urteetan laneko lerro nagusietako bat osatuko baitute UPV/EHUn. Horren harira, eskerrak eman nahi dizkiet Transferentzia eta Berrikuntzaren zuzendariari Gorka Artolari, Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoko zuzendari Iñaki Gili eta haien taldeei eginiko lan handiagatik”.