euskaraespañol

UPV/EHUren eta FEUSEren arteko hitzarmena

Hitzarmenak helburu dauka euskararen erabilera sustatzea farmaziaren alor guztietan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/21

Manoli Igartua, Mirari Ayerbe eta Ibon Mocoroa, hitzarmena sinatu ondoren
Manoli Igartua, Mirari Ayerbe eta Ibon Mocoroa, hitzarmena sinatu ondoren | Argazkia: Alfonso Toro. UPV/EHU.

Manoli Igartua Olaechea Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordeak eta Ibon Mocoroa González Farmazialari Euskaldunen Elkarteko (FEUSE) zuzendariak hitzarmena sinatu dute farmaziako ikasleen artean elkartearen berri emateko, eta farmaziaren alor guztietan euskararen erabilera sustatzeko. Hitzarmenak lau urteko indarraldia dauka.

Arabako Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, hitzarmenaren helburua da UPV/EHUren eta FEUSEren arteko lankidetza eremu bat ezartzea, elkarlanean Arabako Campuseko Farmazia Fakultateko ikasleei elkartearen berri emateko, bai eta haren helburuen eta ekintzen berri emateko ere.

Horretarako, UPV/EHUk konpromisoa hartzen du Farmazia Fakultateko ikasleei FEUSEren berri emateko; ikastetxeko ikasleen artean elkartearen prestakuntza jarduerak zabaltzeko; sarien deialdiak zabaltzeko; eta Farmazia Fakultateko ikasleentzat interesgarriak diren beste ekintza batzuei buruzko informazioa emateko.

Farmazialari Euskaldunen Elkartearen helburua da farmaziaren ikuspegitik euskara gizartean normaltzeko prozesuan parte hartzea hainbat ekintzaren bidez: farmazia alorrean eta lantokietan euskara erabiltzeko aukera ematen du; farmazia alorrean euskararen erabilera sustatzen eta indartzen du, farmazialariek aukera zabala izan dezaten euskara erabiltzeko; farmaziari eta osasunari buruzko testuak euskaraz argitaratzea sustatzen du; hitzaldiak antolatzen ditu; eta erakundeekin, elkarteekin eta banakakoekin lankidetzan aritzen da aipatutako helburu guztiak betetze aldera.