UPV/EHU Shanghaiko ranking-ean sendotu da, 400 unibertsitate onenen artean mantenduz
Espezialitateen sailkapenean, 150 unibertsitate onenen artean kokatzen da Kimikan, Ingeniaritza Kimikoa, eta Ingeniaritza Metalurgikoa; eta 200 onenen artean Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, eta Nanozientzia eta Nanoteknologian
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2021/08/16
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da, gaur ezagutzera eman den Shanghai-ko rankingaren edizio berrian. Sailkapena Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak osatzen du urtero, eta ebaluazio-irizpide guztiz errespetatua eta enblematikoa da gaur egun, unibertsitateen munduan. Euskal unibertsitate publikoa orain bederatzi urte sartu zen sailkapen honetan, orduan 500 unibertsitate onenen artean sailkatu zen, eta iaz 400 onen artean kokatu zen. Estatu espainiarreko zortzi unibertsitate baino ez daude hautatutako 400 unibertsitateen talde horretan.
“Shanghaiko ranking-a oso ebaluazio zorrotza da, eta mundu osoko 20.000 unibertsitate baino gehiago aztertzen ditu. Euskal Herriko Unibertsitatean dedikazio eta ilusioarekin jarraitzen dugu lanean goi mailako hezkuntza eta ikerketako mundu esparru gero eta lehiakorrago batean. Munduko 400 unibertsitate onenen artean mantentzea oso arrakasta garrantzitsua da, ikusgarritasun handiagoa eta nazioartean ospe handia ematen diguna. Horregatik, oso harro gaude eta gure unibertsitate komunitate osoa zoriondu nahi dut, gure unibertsitate publikoa proiektu kolektiboa delako eta bere arrakastak ere bai”, adierazi du UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak.
Rankingak, funtsean, unibertsitateen ikerketen eragina neurtzen du; baita haien nazioarteko prestigioa ere. Izen handiko ranking honetan 2012an egindako ebaluazioan agertu zen lehen aldiz Euskal Herriko Unibertsitatea.
Harvard, Stanford eta Cambridgeko Unibertsitatea dira, ordena honetan, rankingeko lehen hiru erakundeak. Lehen hamar postuetatik zortzi Estatu Batuetako unibertsitateek betetzen dituzte, eta bi (Cambridgekoaz gain, Oxfordekoa) Britainiar Handiko unibertsitateak dira.
Euskal Herriko Unibersitatea ex aequo kokatzen da 301 eta 400 postuen artean. Inguruabar hori azaltzeko, zerrendan emaitzak aurkezteko ezarritako sistema ulertu behar dugu. Hala, 1. postutik 100. postura handienetik txikienera bitarteko hurrenkera zorrotza ezartzen dute, puntuazioaren arabera. Ondoren, bloke bat osatzen da 50 unibertsitaterekin; beste bloke bat beste 50 unibertsitaterekin; eta hortik aurrera, 500. postura arte, 100 unibertsitateko hiru multzo bereizten dira. Bloke bakoitzaren barruan unibertsitateak ordena alfabetikoaren arabera agertzen dira. Sailkapen honek duen garrantzia zenbatekoa den konturatzeko, gogoratu behar da mundu osoan goi mailako 20.000 hezkuntza erakunde baino gehiago daudela.
Unibertsitateen bikaintasuna neurtzeko nazioarteko erreferentzia den zerrenda hau osatu ahal izateko, kontuan izan dira Nobel saria eta Matematiketako Fields dominak eskuratu dituzten irakasle edo ikasle ohiak dituzten unibertsitateak, ikertzaile oso aipatuak eta Nature edo Science aldizkarietan argitaratutako artikuluak. Guztira, 1.300 unibertsitate baino gehiago ebaluatzen dira, eta 500 argitaratu.
Espezialitateen araberako sailkapena
Espezialitateei dagokienez, edizio honetan, Euskal Herriko Unibertsitatea munduko 150 unibertsitate onenen artean kokatu da hiru jakintza arlotan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika; eta 200 onenen artean, beste hirutan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, eta Nanozientzia eta Nanoteknologia.
Espezialitate aipagarri horiez gainera, euskal unibertsitate publikoak postu onak lortzen ditu ere beste diziplina batzuetan: Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Matematika, Fisika, Nekazaritzako Zientziak, Farmazia, Zientzia Farmazeutikoak, eta Hezkuntza (munduko 300 unibertsitate onenen artean); Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Zientzia Biologikoak, Osasun Publikoa, eta Zientzia Politikoak (400 onenen artean); eta Informatika Zientzia eta Ingeniaritza, Lurraren Zientziak, Ekologia, Zientzia biomedikoak, eta Kudeaketa –Management– (500 onenen artean).