euskaraespañol

UPV/EHUren adierazpena, bakearen alde

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/17

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) erabat arbuiatzen ditu Ekialde Hurbileko azken asteotan izandako gertaera tamalgarriak, zeinen orpotik krisi humanitario latza sortu den Gazan.

Azpimarratu nahi dugu irmotasunik handienaz gaitzesten dugula Israelgo populazio zibilak jasandako eraso bidegabea, bai eta geroztik Palestina pairatzen ari den oldarraldi indiskriminatua ere. Gogoratu behar dugu, zoritxarrez, Ukraina gerran dagoela oraindik ere, Errusiak egindako inbasioaren ondorioz.

Irmoki eskatzen dugu oraintxe gertatzen ari diren giza eskubideen urraketak segituan amaitu behar direla. Irmoki ere eskatzen dugu nazioarteko zuzenbidea eta arau humanitario guztiak errespeta daitezela, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren ebazpenean oraintsu egin den legez.

Egoera zinez larri honetan, Euskal Herriko Unibertsitateak indar bereziz azpimarratu gura du bakearen eta indarkeria ezaren aldeko hautu sendoa egiten duela gatazken konponbiderako, Garapen Jasangarrirako Helburuen 16. atalarekin bat eginez, zeinak baitio:  BAKEA, JUSTIZIA ETA INSTITUZIO SENDOAK.