Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2016an “Koloso Jurasikoak” proiektuarekin eman zion hasiera Zientzia Asteari, eta proiektu horrek, hain zuzen ere, Zilarrezko Letra irabazi du. “Zientzia Astea" eta "Eguzki-sistemaren ibilbideak" hirugarren sariaren irabazle izan dira. Veredictas-ek emandako sariok, maila gorenean jartzen dute UPV/EHUko Letraz taldea diseinu grafikoaren arloan.
UPV/EHUko Zientzia Asteko diseinu grafikoak hiru “Letra” sari irabazi ditu
“Letra” sariak Espainiako inpresio digitalaren eta ikusizko komunikazioaren arloko saririk handienak eta ospetsuenak dira.
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/05/02
Zientzia Asteak, aurten, hiru Letra sari lortu ditu, 2016 eta 2017ko edizioetako proiektuekin. Lan saridunak Letraz taldearenak dira, UPV/EHUko diseinu grafiko eta tipografikoko ikertaldearenak. 2016an Zientzia Asteari hasiera emateko egin zen “Koloso Jurasikoak” proiektuaren inguruan egindako diseinu grafikoak zilarrezko Letra irabazi du (bigarren saria), enpresa txikiek ekitaldi baterako egindako lanen kategorian, hain zuzen ere. Zientziaren Asterako egindako lanean kartelak, banderolak, kamisetak eta abar daude, guztiak 2017ko Zientziaren Asterako eginak, eta proiektu horrekin, hirugarren saria lortu dute kategoria bereko “Selección Letra” atalean. Beste hirugarren sari bat ere lortu dute “Eguzki-sistemaren ibilbidea” proiektuarekin ‑ 2017ko Zientzia Asteko hasierako ekitaldian aurkeztutako proiektua‑, kasu honetan “Miscelánia” kategorian. Sariak Bartzelonan banatuko dira maiatzaren 8an.
Leire Fernández eta Eduardo Herrera dira hiru proiektu saridunen egileak. Sari horiek Letraz taldea maila gorenean jartzen dute Estatuko diseinu grafikoaren arloan. Izan ere, Letra sariak Espainiako inpresio digitalaren eta ikusizko komunikazioaren arloko saririk handienak eta ospetsuenak dira. Sariok Veredictasek ematen ditu, “bikaintasunezko estandarrak” sortu eta garatzen dituen konpainia espezializatuak, eta ikur hori daraman produktua, marka edo zerbitzuaren bikaintasunaren ezaugarri da.
Letra Sarietan 44 kategoria daude eta ikusizko errotulazio eta komunikazioaren arlo guztiak biltzen ditu. Bi ataletan banatua daude: enpresa txikiak (gehienez bost lagunez osatuak) eta enpresa handiak. Epaimahaian diseinuaren, publizitatearen eta argitalpenen alorreko pertsona ospetsuak daude, bai eta industria grafiko, errotulazio eta komunikazio grafikoarekin lotura duten elkarte nagusienetako ordezkariak ere.
Saritutako lanak
“Koloso Jurasikoak” erakusketa izan zen 2016an Zientzia eta Teknologiaren Asteari hasiera eman zion ekitaldia, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolatua Bilboko Bizkaia Aretoan. Erakusketan dinosauroen benetako tamainan egindako eskeletoak zeuden ikusgai. Herritarrak erakusketara hurbiltzeko, promoziorako euskarriak sortu eta jarri ziren Bilboko gunerik nagusietan.
“Zientzia Astea” izenburudun lanak promoziorako euskarriak zituen oinarri: kartelak, panelak, motxilak, kamisetak eta abar, horien bidez ezagutzera emateko UPV/EHUren 2017ko Zientzia Astea. Ekimen hori hiru euskal hiriburuetan egiten da.
Bestalde, 2017ko Zientzia Astearen barruan antolatutako Eguzki Sistema erakusketan, eta, zehazki “Eguzki-sistemaren ibilbideak” jardueran, sistemako astroak erakusteko panelak osatu ziren: 2 metroko altuera eta 1,5 metroko zabalera. Bideari Neptunok ematen zion hasiera, Guggenheimeko beheko aldeko gunean, eta bidearen amaieran Eguzkia zegoen: 3,5 metroko diametroko esfera argiztatua, Bizkaia Aretoko terrazan. Astroen arteko distantzia benetakoa zen, eskalan egina, eta horrela, parte hartzaileak, ibilbidea oinez egiterakoan, eguzki-sistemaren benetako dimentsioaz jabe zitezkeen.
Letraz taldea
Diseinu Grafiko eta Tipografiako Letraz ikertaldea UPV/EHUko Arte Ederren Fakultatekoa da eta Eduardo Herrera, Leire Fernández eta María Pérez Arte Ederretako doktoreak dira taldeko kideak. Sormena eta berrikuntza dira beren ezaugarri nagusiak, eta beren helburua da komunikatzeko erabateko gaitasuna daukaten espresio bideak lortzea. Letra sari horiez gain, badituzte beste sari batzuk: Anuaria-ko hiru sari, horietako bat urrezkoa; Bid16 sari bat; Clap Platinum-eko lehenengo sari bat; eta Juan de Yciar lehenengo saria.
Taldearen ikerketa ildo nagusia da ikusizko ikurrak sortzea, lengoaia grafikoko oinarrizko formetan oinarrituta: irudi bidezko komunikazioa, eta idazkeraren bidezko komunikazioa eta ikur tipografikoak. Erakundeen ikusizko nortasunerako lanak egiten dituzte: markak, logotipoak, tipografia; argitalpenetarako lanak grafikoak, hala, hala nola, liburuetarako azalak, maketazioa, liburu elektronikoak, web gunean edo argitalpenak, kartelak, seinaleak; hezkuntzaren arlorako lanak grafikoak, esaterako, irakaskuntzarako ikusizko aurkezpenak, infografiak, diagramak, eskemak, organigramak, mapak...