Orain dela hamabost urte, 2003an, abian jarri zen Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek praktikak, karrera amaierako proiektuak (KAP) eta gradu amaierako lanak (GRAL) garapenerako lankidetzaren arloan egiteko laguntzen programa. Guztira, 1.056 ikaslek (849 emakume eta 207 gizon) erabaki dute Afrikako eta Latinoamerikako garapen bidean dauden 24 herrialdetan jarduten duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin (GGKE) lan egitea.
UPV/EHUko mila ikaslek baino gehiagok lankidetza egiten bukatzen dituzte ikasketak
Azken 15 urteetan, 1.056 ikasle elkarlanean aritu dira Latinoamerikako eta Afrikako 24 herrialdetan, praktika, karrera amaierako proiektuak eta gradu amaierako lanak egiten
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/05/24
Berrikuntzaren, Gizarte Erantzukizunaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzak, Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritzaren bidez, garapenerako lankidetza sustatzen du UPV/EHUko ikasleen artean, unibertsitateko nahitaezko praktikak eta gradu amaierako lanak garapen bidean dauden herrialdeetan egiteko laguntzen bi modalitaterekin. 2018/2019 ikasturterako laguntzen deialdia maiatzaren 23an ireki da eta ekainaren 18an amaitu.
Bi modalitateen helburua da ikasleek unibertsitatean landutako teoria eta praktika integratzea eta gizarteko errealitatea ebaluatzeko eta gizarte eraldaketarako estrategiak planifikatzeko duten gaitasuna indartzea. Horrela, Garapenerako Lankidetzako Unibertsitate Praktiken modalitatean parte hartzen dutenek, unibertsitatean jasotako prestakuntzaren bidez, gizarteko arazoak prebenitzen, murrizten edo konpontzen lagunduko dute. Gradu amaierako lanak egiteko programa espezifikoan, berriz, ikasleek graduan ikasitakoa aplikatuko dute GGKEek eta lankidetzako erakundeek planteaturiko arazo teknikoak konpontzeko.
Laguntzen programak bidaia eta aseguru gastuetarako diru funts bat dauka, eta, horri esker, parte hartzaile bakoitzak 750 euro jasotzen ditu gehienez ere. Funts hori UPV/EHUren ekarpenekin, Ikasleen % 0,7 Fondoarekin eta Euskal Fondoa - Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen funtsekin osatzen da. Era berean, helmugako herrialdeetan, ikasleek garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin lan egiten dute, hala nola Haurralde Fundazioarekin, Euskadiko Osalderekin, Leonekin elkartearekin eta CodeInfarekin.
Orain arte, Ekuadorrek, Nikaraguak, Argentinak eta Peruk hartu dute ikasle gehien programen urteroko edizioetan, baina Etiopiak eta Saharak ere, esaterako, hartu dituzte UPV/EHUko ikasleak. Bestalde, garapenerako lankidetzaren alde egiten duten ikasle gehienek Gizarte eta Zuzenbide Zientziekin eta Osasun Zientziekin lotutako titulazioak ikasten dituzte.
UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Ekintzaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzako Iraunkortasun zuzendari Estíbaliz Saez de Cámara Oleagak azpimarratu du programa honek emaitza bikainak izaten dituela, programan parte hartzen duten ikasleen artean hainbat balio sustatzen dituelako (lankidetza, berdintasuna, sormena eta gizarte erantzukizuna, besteak beste). Horrez gain, esan du gero eta sarriago eskatzen direla mota horretako praktikak eta lanak.
Beste informazio batzuk
Gaztenpatia: «Bikaina, ikasketa prozesu ahaztezina, errepikatzeko modukoa»