euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko ikasleek oso ongitik gorako kalifikazioa eman diete beren irakasleei

UPV/EHU irakasleen irakaskuntza jarduera ebaluatzeko programa egiaztatu bat duen lehen euskal unibertsitatea da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/18

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak ikasleek irakasleen jarduerari buruz duten iritzia jasotzen du ikasturte bakoitzean. Milaka inkesta egiten dira ikasleek irakasleak irakasgaia eman ondoren era anonimoan balora ditzaten. 2017-2018 ikasturtean, 6.018 irakasgairen inguruko 220.537 inkesta bete ziren. Ebaluatutako irakasleek 5etik 4ko balorazioa lortu zuten batez beste, eta 2.345ek 4ko edo hortik gorako puntuazioa lortu zuten.

Ikasleek beren irakasleen jardueraren inguruan betetzen dituzten iritzi inkestak UPV/EHUko ikasleen jarduera ebaluatzeko Docentiaz programaren dimentsioetako bat dira. Programa hori UPV/EHUk garatu du, Hezkuntza Ministerioak unibertsitateko irakasleen kalitatea bermatzeko eta haien garapena eta errekonozimendua bultzatzeko ezarritako jarraibideen arabera.

Docentiaz programak, inkestek emandako informazioaz gain, irakasle bakoitzak bere irakasgaiaren inguruan egiten duen plangintzari, arrakasta tasari (hots, aurkeztutako ikasleen artean irakasgaia gainditu dutenen ehunekoari) eta irakasleen merituei (irakaskuntza berrikuntzako proiektuak, zuzendutako tesiak, parte hartu duten irakaskuntza-biltzarrak, egindako aurkezpenak eta abar) buruzko datuak biltzen ditu. Espediente bakoitza bost urteko irakaskuntza jarduerari buruzkoa da, eta haren pareko ebaluazioa egiten da UPV/EHUko irakasle eta ikasleez eta beste unibertsitate batzuetako irakasleez osatutako batzorde batean. Gaur egun, UPV/EHUko irakasle iraunkorren % 41,63k hartu dute parte Docentiaz programan, eta 82,20ko puntuazioa lortu dute batez beste, 100etik.

Programa horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq) ebaluazio zorrotza gainditu du berriki, eta, beraz, irakasleak ebaluatzeko sistema egiaztatu bat duen lehen euskal unibertsitatea da UPV/EHU.

“Docentia programaren ziurtagiriak, etapa bat itxi ordez, “irakasle ona” izatea zer suposatzen duen islatzen duen irakaskuntza kalitateko eredu bat eraikitzen lagunduko duen bide berri bat irekiko du, hain zuzen ere, kalitate irizpide zorrotzetan eta maila handiko eskakizun estandarretan oinarritutako bide berri bat, eta, aldi berean, irakasleen lanbide karreraren errekonozimendua ahalbidetuko duen erakunde tresna bat eskainiko du”, azaldu du Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernándezek.