euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko ikasleek Hezkuntzako Ministerioaren karrera amaierako lehenengo sari bi eta bigarren bat irabazi dituzte

Mikel Artetxe eta Josué Tonelli dira lehenengo sariak irabazi dituztenek, eta Blanca Pérez de Palomarrek bigarren sari bat lortu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/05

UPV/EHUko ikasleek Hezkuntzako Ministerioaren karrera amaierako lehenengo sari bi eta bigarren bat irabazi dituzte
Mikel Artetxe (eskuinean) eta Josué Tonelli dira lehenengo sariak irabazi dituztenek, eta Blanca Pérez de Palomarrek bigarren sari bat lortu du.

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak urtero ematen ditu promozio bakoitzeko ikaslerik onenei aitorpena egiten dieten karrera amaierako sari nazionalak. Guztira 171 sari ematen ditu, hiru multzo berdinetan banaturik: lehenengoak, bigarrenak eta hirugarrenak. Deialdi honetan ministerioak 2013 2014 ikasturtean unibertsitateko ikasketak amaitu zituzten ikasleak saritu ditu.

Mikel Artetxe Zurutuza, Informatikaren Ingeniaritzako graduduna, eta Josué Tonelli Cueto, Matematikako graduduna, dira lehenengo sariak irabazi dituzten UPV/EHUko ikasleak. Farmaziako lizentziatua den Blanca Pérez del Palomar Asínek lehenengo sariaren kutsua daukan bigarren sari bat irabazi du. Hogeita bost titulazio barne hartzen dituen Osasun Zientzien adarreko laugarren puntuaziorik onena lortu du. «Adar osorako zortzi sari egon diren arren eta horietako bat lortuko nuela zirudien arren, bigarren saria egokitu zait, nire aurretik hirugarren geratu den pertsona ere Farmaziakoa zelako eta titulazio berean ez direlako lehenengo sari bi ematen; hala ere, oso pozik eta gustura nago bigarren sariarekin eta erabat harro, Osasun Zientzien adar guztiko laugarren puntuaziorik onena lortu dudalako», adierazi du Blancak.

Bestalde, Mikel Artetxe, Informatikaren Ingeniaritzako Graduko lehenengo sariduna, pozik dago lortutako aitorpenarekin baina garrantzia kendu dio hura lortzeko merituari. «Ez dago esan beharrik beti dela pozgarria norberaren ahalegina aitorturik ikustea, baina, era berean, uste dut ezinezkoa dela Estatuko unibertsitate guztietako ikasle guztien artean ikasle bakar bat saritzeko bidezko irizpiderik egotea, beraz, zentzu horretan, oso erlatiboa iruditzen zait guztia».  Iritzi berekoa da Josué Tonelli ere. «Poztu egin nintzen 2014an Matematikako Lizentziaturako karrera amaierako lehenengo sarietako bat lortu nuenean, baina jakin badakit sari hau egungo formatuan irabaztea loteria irabaztea bezalakoa dela, eta saria irabazi badut nire promozioko estatistikek nire alde jokatu eta hura lortzeko beharrezko puntuazioa eman didatelako dela».

Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak urtero ematen ditu promozio bakoitzeko ikaslerik onenei aitorpena egiten dieten karrera amaierako sari nazionalak. Guztira 171 sari ematen ditu, hiru multzo berdinetan banaturik: lehenengoak (3.300 eurokoak), bigarrenak (2.650 eurokoak) eta hirugarrenak (2.200 eurokoak). Bost adar bereizten dira: Osasun Zientziak; Zientziak; Arteak eta Giza Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Ingeniaritza eta Arkitektura. Blancak adierazi bezala, adar bakoitzaren barruan ez zaizkie bi sari berdin ematen karrera bereko ikasleei, beraz, bigarren saria lortu duen pertsona batek lehenengo saria lortu duten zenbaitek baino nota altuagoa izan dezake, berari gertatu zaion moduan. Gainera, kontuan hartzen da ikasle bakoitzaren ikastegiko promozioko batez besteko nota. Horregatik kendu diote garrantzia Mikelek eta Josuék beren sariak lortzeko merituari.

Tesietan lanean buru-belarri

Deialdi honetan ministerioak 2013-2014 ikasturtean unibertsitateko ikasketak amaitu zituzten ikasleak saritu ditu. Lau urte pasatu dira ordutik eta bakoitzak bere bidea egin du. Blanca Pérez del Palomarrek unibertsitateari lotuta jarraitzen du eta doktoregoa prestatzen ari da. «Karrera amaitu nuenean Farmakologiako masterra egin nuen urtebetean UPV/EHUn eta horrek ateak ireki zizkidan Farmakologia Sailean doktorego tesia egiteko Javier Meanak zuzentzen duen Neuropsikofarmakologia ikertaldean. Une honetan doktorego aurreko sei hilabeteko egonaldi bat egiten ari naiz Estatu Batuetan (St. Louis, Missouri) eta azaroan bueltatzekoa naiz».

Mikel Artetxe ere doktoregoa egiten ari da UPV/EHUn, Informatika Fakultateko Ixa ikertaldean, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamenduko masterra egin ondoren. Une honetan Parisen dago hilabete batzuetako egonaldia egiten Facebook-eko Adimen Artifizialaren Ikerketa Sailean (Facebook Artificial Intelligence Research). «Nire ikerketa Hizkuntzaren Prozesamenduaren eta Ikaskuntza Automatikoaren (normalean Adimen Artifiziala izenez ezagutzen denaren) arlokoa da, eta, zehazki, ikaskuntza eleanitzerako teknika ez-gainbegiratuetan eta erdi gainbegiratuetan aritu naiz lanean. Besteak beste, lehen aldiz lortu dugu adimen artifizialak gizakiaren esku hartzerik gabe hizkuntza batetik bestera itzultzen ikastea, hizkuntza banatan dauden testu erabat independenteetan eta ez beste ezertan oinarrituta», azaldu du Mikelek.

Josué Tonelli ere doktoregoa prestatzen ari da, Alemanian, berak esan digun bezala. «Lizentziatura amaitu nuenean Berlin Mathematical School (BMS) izeneko programan hasi nintzen lanean, hain zuzen, Berlingo hiru unibertsitateen (Freie Universität Berlin, Humboldt-Universität zu Berlin eta Technische Universität Berlin) baterako programan. Programa horretan Technische Universität Berlin unibertsitateko Matematikako masterra egin nuen. Formalki 2017ko martxoan bukatu nuen masterra eta urte horren hasieratik Matematikako doktoregoa egiten ari naiz Technische Universität Berlin unibertsitateko Peter Bürgisser irakaslearekin eta City University Hong Kong unibertsitateko Einstein Visiting Fellow den Felipe Cucker irakaslearekin, multzo erdi aljebraikoen homologia taldeen zenbaki konputazioan».