euskaraespañol

Eguneko irudia

Bilboko Hezkuntza Fakultateak EAEko lehen Unibertsitatea-Gizartea Gela sortu du

Zentroak gune bat utzi die Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioko ikasleei, eta hezkuntza eta ikerketa proiektuak garatzen ditu ikasle horiekin lankidetzan

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/11

Unibertsitatea-Gizartea Gelaren inauguraziora bertaratutakoak | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioarekin, eta hitzarmen horren bidez, abian jarri dute aurten EAEko lehen «Unibertsitatea-Gizartea Gela». Fundazioko gazteak unibertsitate komunitatearen bizitzan integratzea lortzeko helburua du proiektuak, bi entitateek aldarrikatzen duten gizarteratze prozesuaren parte gisa. UPV/EHUk beste urrats bat egin du unibertsitate publikoaren eta gizarte eragileen arteko lankidetzaren alorrean, gizarteari balioa emango dioten sinergiak abian jartzeko, aurretik beste sektore batzuekin Enpresa Gela deritzenen medioz egin duen bezala. Ikasgela otsailean jarri da martxan eta akordioa lau urterako sinatu da.

Gela horren sorrerari esker, adimen desgaitasuna duten zenbait ikasle eskolara joan daitezke Bilboko Hezkuntza Fakultateak gizarte erakundearen esku jarri duen ikasgela batean. Urtza Garayk —Fakultateko dekanoak— azaldu duen bezala, «gazte horiek euren bizitza akademikoa garatzen dute, eta aldi berean, unibertsitate bizitzaren esperientzia bizi dute: fakultate bizitza daramate, non leku komunetan harremanak sortzen baitira, hala nola kafetegian eta ikasketa aretoetan. Halaber, unibertsitateko kultura, aisialdi eta ikaskuntza jardueretan ere parte hartzen dute, hala nola Makerlab STEAM tailerrean, zeina Unibertsitate Gizarte Gelaren aurkezpenean erakutsi baita gaur bertan». Dekanoak honako hau erantsi du: «horrek esan nahi du elkarbizitza sustatzen dela, ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artean loturak sortzeaz gain, horrelako ikasleen eguneroko bizitzan errespetutsua eta adeitsua izango den fakultate bat eratzen lagunduta betiere».

Gainera, sinatutako akordioari esker, Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertaldeek eta irakasleek gela horrekin eta haren jarduerarekin lotutako ikasketak egiteko aukera ere izango dute. Orobat, gelak hezkuntza arloko gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak ere sustatuko ditu, gelaren barruan hezkuntza inklusioarekin eta abarrekin zerikusia duten alderdietan eta erakundearekiko lankidetzaren testuinguruan. Ikerlanak errespetuz, etikoki eta egokiro gauzatu daitezen lortzeko, ikerlan horiek egiteko jarduketa protokolo bat prestatu da.

«UPV/EHUk martxan jarri duen lehen Unibertsitatea-Gizartea Gela dugu hau, baina ez da azkena izango», aurreratu du Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak. Gela horiek komunitatearen gizarte eta kultura sarearekin lankidetzan aritzeko asmoz sortu dira, UPV/EHUren gizarte inpaktua lortzeko jomuga ere izanik, eta horretarako, gure goiburuari jarraitzen diogu: «Eman ta Zabal Zazu». Errektoreordeak honako hau gaineratu du: «prestakuntza eta ikerketa “ikaskuntza-zerbitzua” metodologiaren bidez lortu nahi dugu; zehazkiago, gradu amaierako lanen, master amaierako lanen, tesi industrialen edo ikerketaren medioz, gela honek gure gizartearentzat ongizate handiagoa izan dezan nahi dugu». Morenok azpimarratu duenez, «Gurea herritarren unibertsitatea dela esatea gustatzen zait, hots, bere lurraldearekin eta pertsonekin inplikatuta dagoen unibertsitatea dela UPV/EHU, eta Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioaren eskutik abiarazitako Unibertsitatea-Gizartea Gela hau horren adibide garbia da».

Erakundeko kudeatzaile Óscar Seoanek azaldu duenez, «Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioak zera galdetu zion bere buruari, zergatik ez hurbildu unibertsitate publikoa desgaitasun intelektuala duten pertsonengana? Izan ere, halako pertsonek oso gutxitan sartu ohi dira unibertsitatean, bizi duten errealitatea dela-eta». Seoanek hau gehitu du: «unibertsitate bizitza pertsonen, kulturen eta errealitateen arteko harreman elementu sendo batek markatzen du; unibertsitateak hirugarren sektoreko erakundeen eta unibertsitatearen beraren arteko lankidetza sinergiak sortzeko bidea ematen du. Gainera, unibertsitateak prestatu egiten ditu etorkizunean legeak sortzeko, irakaskuntzan aritzeko eta abarretarako ardura izango duten pertsonak, eta sekula ezingo dugu esan gure gizartea inklusiboa denik baldin eta pertsona horiek ez badute adimen desgaitasuna duten pertsonen errealitatea ulertzea ahalbidetzen dien ezagutza eta begirada».

Seoanek, azaldu duenez, «Proiektuak martxan eman dituen hiru hilabeteotan, berehala ikusi dira emaitzak; bertaratzen direnak pozez zoratzen daude, oso motibatuta, oso ondo baitakite bizi duten esperientzia oso aberasgarria dela, balio ezin handiagokoa, eta egun oro aprobetxatzen dute esperientzia horretaz gozatzeko».

 

Ikaskuntza-zerbitzu kooperatiboan oinarritutako hezkuntza eredua

Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioak emandako prestakuntzaren onuradunek ikasleekin lankidetzan parte hartzen dute Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Gizarte Hezkuntzako graduetan. Horretarako, graduko irakasgaien barruan proiektu berriak diseinatzen ari gara, baita beste proiektu batzuk berriz diseinatzen ere, parte-hartzaile guztien arteko lankidetza sustatzeko eta bizikidetza sustatzeko.

“Ikaskuntza-zerbitzua” metodologian oinarritutako hezkuntza ereduak balioen garapena, enpatia, elkartasuna, konpromisoa, gizalegea eta tolerantzia sustatzen ditu, besteak beste. Irakaskuntza modalitate horretan ikasten dutenek gaitasun globala, soziala eta zibikoa eskuratzen dute, inguruneari, komunitateari eta euren beharrizanei buruzko ezagutza zabalaz gain. Hori guztia lan kooperatiboaren bidez, ikuspegi orokor batekin, eta praktikaren eta esperimentazioaren medioz. Horrela, gure ikasleek irakaskuntzan izango dituzten erronkei aurre egiteko behar den erantzukizuna eta autonomia bereganatzen dute.

Garayk azaldu duenez, «ekimen honen bidez, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) garatzen ere lagundu nahi dugu, horien bitartez fakultate jasangarria, atsegina eta eguneratua eratzeko». Zehazki, dekanoak gaineratu duenez, «gela horren bidez Garapen Jasangarrirako laugarren Helburua garatzen dugu (inklusioan, ezagutzan eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako kalitateko hezkuntza), eta Garapen Jasangarrirako hamargarren Helburua –desparekotasunak murrizteari buruzkoa– ezartzea ere bultzatzen dugu».

Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioak balorazio positiboa egin du, eta han dihardutenek espero dute «esperientziaren gela hau epe ertain-luzerako proiektu baten hasiera izatea, unibertsitatea inklusioaren erreferente bilakatu dadin. Gizarteratze aktiboa eta erreala, non adimen desgaitasuna duten pertsonak unibertsitate bizitzan sartuta egongo diren eta unibertsitate komunitateak urtean zehar garatzen dituen ekimen eta proiektu guztietan parte hartuko duten», Óscar Seoane kudeatzaileak proposatzen duen bezala.

Gorka Moreno Bizkaiko Campuseko errektoreordeak iragarri du ikasgela hau lehenengoa dela baina ez dela azkena izango. Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak, gainera, adierazpen hori berretsi du: «ekimen honek izan dezakeen arrakasta agerian utziz, gure fakultatean Garapen Jasangarrirako Helburu gehiago garatzeko lagungarriak izango diren horrelako gela gehiago sortzea sustatu nahi dugu».