euskaraespañol

UPV/EHUk 'The Go Green Project' prestatu du, DBHko ikasleen artean jasangarritasuna garatzen duen Erasmus+ proiektua

Proiektua egin da Irlandako TUS unibertsitatearekin eta Italiako, Errumaniako eta Portugaleko bigarren hezkuntzako ikastetxeekin elkarlanean.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/12/16

'Go Green' proiektua garatu duen taldea | Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko hiru hezkuntza fakultateetako irakasleek osatutako talde batek nazioarteko proiektu didaktiko batean parte hartu du, xede duena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleek berengana ditzatela jasangarritasunaren arloko gaitasunak. "The Go Green Project" izenburupean, ekimenak bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako irakasle eta ikasleei zuzendutako baliabideak eskaintzen ditu, eta horien bidez lortu nahi dute irakasle eta ikasleok bere egin ditzatela 2030erako Agendan jasotako proposamenak, eta abian jar ditzatela. Bestalde, ekimenak nazioz gaindiko programa pilotu bat jarri du abian, proposamenaren emaitzak neurtzeko.

'The Go Green Project' proiektuan Europar Batasuneko bost herrialdetako zazpi ikerketa taldek hartu dute parte: Technological University of the Shannon (Irlanda); ISIS Galileo Galilei, Pixel eta Ufficio Scolastico Regionale per la Toscana (Italia); Agrupamento de Escolas Emídio Garcia (Portugal); Fundația EuroEd  (Errumania); eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Proiektuaren sustatzaileek adierazi dutenez, hauek dira programaren helburuak: eskola komunitateak ingurumen gaiei eta garapen jasangarriari buruz kontzientziatzea; diziplinaz gaindiko ikuspegia eta arazoetan oinarritutako ikaskuntza sustatzea; eta, azkenik, ingurumenarekin lotutako prestakuntza ereduak ezarri, esperimentatu eta zabaltzea, eta hezkuntza sistemak ingurumen jasangarritasunari egin diezaiokeen ekarpena indartzea.

Programa berria Europar Batasunaren Erasmus+ programak finantzatu du, eta bere helburua da proiektuak sustatzea hezkuntzaren, prestakuntzaren, gazteriaren eta kirolaren arloetan, herritarren garapen pertsonal eta profesionalean laguntzen duten funtsezko eremu gisa.

Online prestakuntza irakasleentzat, 30 ikasgai ikasleentzat eta proiektu pilotu bat

Programa didaktikoak bi atal ditu: taldeak, alde batetik, irakasleentzako online prestakuntza pakete bat prestatu du; eta, bestetik, arazoetan oinarritutako ikaskuntza ikasgaien bigarren bloke bat, ikasleei zuzendua.

Prestakuntzaren atalak bigarren hezkuntzako irakasleak prestatu nahi ditu, ingurumenari eta garapen jasangarriari lotutako gai batzuk kontuan har ditzaten ikasgeletan irakasteko. Materiala bost kapitulutan banatzen da: Jasangarritasunerako sarrera; Jasangarritasunerako gaitasunak; Jakintza, sistemak eta estrategiak, emozioak, etika, balioak eta jasangarritasunerako ekintza; Arazoetan oinarritutako ikaskuntza, ikaskuntza aktiboa eta ikaskuntza kooperatiboa; eta Diziplinaz gaindiko eta diziplinarteko esku hartzeen plangintza.

Bestalde, ikasgelan lantzeko diseinatutako 30 ikasgaiko pakete bat dauka proiektuak. Ikasgai horiek gaur egungo krisi ekosozialari lotutako hainbat arazo biltzen dituzte, hala nola, eskolako biodibertsitatea, hondakinak, kontsumo energetikoa, krisi klimatikoa, “One Health” kontzeptua (osasun bakarra), uholde arriskuaren kudeaketa eta aztarna ekologikoa edo turismo jasangarria, besteak beste.

Italian, Portugalen, Irlandan, Errumanian eta Euskal Herrian abian jarritako programa pilotu batekin amaitu da proposamena. Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikertzaile José Ramón Díez López azaldu duenez, Ingurumenaren Europako Agentziak aitortzen duen bezala, gizarte eta ingurumen arazo eta erronkek aldaketa erradikalak eskatzen dituzte bizimoduetan, ekoizpenean eta kontsumoan, eta ezinbestekoa da jakintzaren ekoizpenean eta erabileran parte hartzen duten hezkuntza sistemak eta erakundeak azkar eraldatzea. Horregatik, premiazkoa da jasangarritasunerako gaitasunen garapena eta, alfabetatze zientifikotik abiatuta, hausnarketa prozesuen eta konpromisoen sustapena bultzatzen dituzten programa akademikoak garatzea. “The Go Green Project” Erasmus+ proiektua norabide horretan doan lankidetza proposamena da, eta gure nahia da lortutako produktuak erabilgarriak izatea.