euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk onartu egin du genero indarkerien aurkako protokolo berria

Protokoloaren helburua da ingurune seguru bat eraikitzea eta mantentzea, genero indarkerietatik libre egongo dena UPV/EHUko kide guztientzat

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/14

UPV/EHUk onartu egin du genero indarkerien aurkako protokolo berria
UPV/EHUk aurkeztu egin du genero indarkerien aurkako protokolo berria. Argazkia: Tere Ormazabal.UPV/EHU.

Unibertsitateko 300 lagunek baino gehiagok parte hartu dute protokoloaren elaborazioan, zeinaren berritasun nagusia baita genero indarkeria kasuez arduratuko den Batzorde bat sortzea. Protokolo berrian, UPV/EHUk bere konpromisoa adierazten du era honetako portaerak arbuiatu eta saihesteko, eta jarrera hauek desagerrarazi arte hartu beharreko neurri guztiak hartzeko.

Genero indarkerien protokolo berriak 2012an eginikoa ordezten du. Dokumentua idazteko, parte hartzean oinarritutako eredu bat erabili da: UPV/EHUko 350 lagunek baino gehiagok parte hartu dute, alor guztietakoak: ikasleak, irakasleak, ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak. Gainera, kontuan izan dira beste unibertsitate batzuetako protokoloak eta EAEko eta Nafarroako administrazioetakoak. “Dokumentu berrian, UPV/EHUk adierazten du genero indarkeriak eragiten dituzten jarrerak pertsona guztien berdintasunerako, osotasun fisiko nahiz psikikorako eta duintasunerako eskubideen aurkakoak direla, eta jakinarazten du ez duela genero indarkeria kasurik onartuko, eta beharrezko neurriak hartuko dituela jarrera eta portaera horiei irmotasunez aurre egin eta prebenitzeko, unibertsitatetik desagerrarazi arte”, adierazi du Leire Imaz UPV/EHUko Berdintasunerako zuzendariak.

Hortaz, UPV/EHUk konpromisoa hartzen du portaera horiei aurre egin eta prebenitzeko, irmoki eta zorroztasunez. Era honetako jarrerak eta portaerak gertatuz gero, laguntza emango zaie genero indarkeriak pairatu dituzten pertsonei, beharrezko baliabideak jarriko dira jazarpen kasuetan, irtenbideak bilatuko dira indarkeriak sortutako arazoentzat, eta inplikatutako pertsonen ingurunean emango dira ezagutzera. Ahal den guztia egingo da indarkeria ekintza errepika ez dadin, eta zigortu egingo da, kontuan izanik gertatutakoaren inguruabarrak eta baldintzak. “Genero indarkerien aurkako protokolo berria tresna garrantzitsu bat da unibertsitatearen espazio fisikoan edo birtualean gertatzen diren genero indarkerien aurka egiteko, eta indarkeria horiek pairatzen dituzten edo pairatu dituzten unibertsitateko kideei entzuteko eta laguntza nahiz babesa eskaintzeko”, erantsi du Leire Imazek.

Protokoloak honela definitzen du genero indarkerien kontzeptua: genero arrazoiengatik eginiko indarkeria fisiko eta psikiko ekintza oro, sexu abusuak eta erasoak barne, baita sexu jazarpena eta sexuagatiko, genero identitate eta adierazpenagatiko edo sexu orientazioagatiko jazarpena ere. 

Protokoloa aplikatuko da unibertsitatearen espazio fisikoan nahiz birtualean, ikasleen, AZPko langileen eta irakasle-ikertzaileen artean gerta litezkeen genero indarkeria adierazpen guztietan, UPV/EHUrekin duten lotura gorabehera (iraunkorra ala aldi baterakoa). Gainera, kanpoko enpresetako langileei era aplikatuko zaie, UPV/EHUk eskainitako zerbitzuen erabiltzaileei, edo unibertsitatearen campusaren barnean lanean ari diren pertsonei.

Neurri zehatzak

UPV/EHUk prebentzio neurriak hartuko ditu genero indarkeria kasuei aurrea hartzen saiatzeko. Informazio, prestakuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak egingo ditu, unibertsitateko kideen artean zabaltzeko protokoloa bera, hainbat eskuliburu, praktika egokien kode bat eta indarkerien aurkako berezko baliabideen eta kanpoko baliabideen gidaliburu bat. Gainera, prestakuntza programak antolatuko dira: hala nola hitzaldiak, tailerrak edo eztabaidak.

Batzorde bat sortuko da genero indarkerien kasuak aztertzeko. Batzorde horretako kideak izango dira berdintasun teknikari bat, UPV/EHUren Prebentzio Zerbitzuko pertsona bat, Psikologia Aplikatuko Zerbitzuko pertsona bat eta UPV/EHUko Segurtasun arloko zuzendaria. Berdintasunerako Zuzendaritzak salaketak jaso eta dagokion txostena idatziko du. Batzordeak, txostena aztertu ondoren, kexen edo salaketen inguruan erabakiko du. Batzordeak honako neurri hauek hartu ahal izango ditu, kasuan inplikatutako pertsonaren edo pertsonen adostasunarekin:

  • Indarkeria pairatu duen pertsonaren edo pertsonen segurtasuna bermatzeko neurriak.
  • Indarkeria pairatu duen pertsona edo pertsonak Arreta Psikologikoko Zerbitzura bideratzea.
  • Indarkeria pairatu duen pertsona edo pertsonak kanpoko arreta zerbitzuetara bideratzea.
  • Salaketa jartzeko erabakian laguntzea, poliziaren aurrean edo epaitegian, hori eskatuko balu indarkeria pairatu duen pertsonak edo pertsonek.
  • Espediente akademikoa edo diziplina espedientea zabaltzeko eskatzea, eta arazoa konpontzeko neurri espezifikoak hartzea.
Indarkeria kasuetan erabiliko den jardun prozedurak bermatu egingo ditu pertsonaren intimitate eta duintasunaren babesa eta errespetua, eta kontsulta guztien konfidentzialtasuna. Gainera, arreta handiz jokatuko da salaketa egin duen pertsona bi aldiz biktima izan ez dadin: hala, gertakizunen kontakizuna alferrik errepikatzea saihestuko da, eta ez da biktima identifika dezakeen daturik zabalduko.