UPV/EHUk kargutik kendu du erakundearen balioen kontrako iruzkinak egiteagatik salatutako ordezko irakaslea
Lehenengo argitaratze data: 2024/10/31
Atzo, urriaren 30ean, Euskal Herriko Unibertsitateak bukatutzat eman zuen hil honetako 3an abiatutako prozedura. Ikasleen kexa batek eragin zuen prozedura irekitzea, irakasle batek sare sozialetan argitaratutako iruzkin batzuen harira; izan ere, euskal unibertsitate publikoaren printzipio eta balioen kontrako mezuak ziren, argi eta garbi. Jarraian, Berdintasunerako Zuzendaritzak martxan jarri zuen Genero Indarkerien aurkako Protokoloan aurreikusitako prozedura. Kautela neurri gisa, irakaslea irakaskuntzatik baztertzea erabaki zuen zuzendaritzak, harik eta prozedura bukatutzat ematen zen arte.
Ondoren, unibertsitateko barne araudian aurreikusi legez, abian jarri zen lan poltsen bidez kontratatutako irakasleak lanpostutik kentzeko prozedura. Beharrezkoak ziren txosten eta alegazio guztiak bildu ondoren, interesdunari jakinarazi zaio erabakia eta ordezko irakasle lanpostutik kendu da Álvaro Sánchez Fernández. Hala, unibertsitateak bertan behera utzi du sinatutako lan kontratua, langileak probaldia gainditu ez duelakoan. Erabakian ezarri legez, aurrerantzean interesdunari ez zaio deituko indarrean dauden lan poltsetako ordezkapenak egiteko.