euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk hitzarmena sinatu du Bidafarmarekin

Farmazia Fakultateko ikasleen prestakuntza akademikoan eta praktikoan lagunduko duten jarduerak egitea erraztuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/18

Unibertsitateko eta Bidafarmako ordezkariak hitzarmena sinatu ondoren | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Manoli Igartua Olaecheak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko errektoreordeak, eta Antonio Mingorance Gutierrezek, Andaluziako Bidafarma sozietate kooperatiboko presidente gisa, hitzarmen bat sinatu dute, kultura-, hezkuntza- eta zientzia-lankidetza arautzeko, bai eta bi erakundeek elkar laguntzeko ere, EHUko Farmazia Fakultateko Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduko eta Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu bikoitzeko ikasleen prestakuntzara bideratutako programa jakin batzuk garatu, ezarri eta kudeatzeko.

“Lankidetza-hitzarmen hau sinatzea lorpen bat izan da Farmazia Fakultateak kanpoko enpresa eta erakundeekin dituen itunak zabaltzeko estrategian –adierazi du errektoreordeak hitzarmena sinatu ondoren–. Horrelako akordioek aukera ematen dute gure ikasleen prestakuntza aberasten duten eta lanbide-jardunerako funtsezko gaitasunak eskuratzea sustatzen duten jarduerak garatzeko, haien enplegagarritasuna hobetuz eta ekintzailetza-gaitasuna sustatuz".

Hitzarmenari esker unibertsitateko ikasleen prestakuntza akademikoan eta praktikoan lagunduko duten jarduerak egin ahal izango dira, horien helburua izanik ikasleei aukera bat ematea prestakuntza akademikoan eskuratu dituzten ezagutzak aplikatu eta osatzeko. Hala, beharrezkoak diren gaitasunak eskuratuko dituzte lan munduan aritzeko, lana bilatzeko eta beren ekintzailetza areagotzeko. Horren erakusgarri da Bidafarma kooperatibak Asistentzia Farmazia Praktikoko Unibertsitateko Aditu tituluari eman dion laguntza. Kooperatibak harreman estua du pazienteen hainbat elkarterekin, eta, bide horri esker, gaixoen elkarteak eta osasun arloko profesionalak izango diren ikasleak hurbiltzen lagunduko du.

Bidafarma sozietate kooperatiboa da, estatu-mailan presentzia eta bokazioa dituena eta sendagaiak eta farmazia-produktuak banatzen dituena. Farmazia-bulegoak ditu bazkide eta kooperatiba-banaketatik Farmaziari aurrerabidea ematen laguntzea du funtsezko eginkizuna, osasunaren eta gizartearen onurarako zerbitzu bikain eta integral baten bidez. Sozietatearen helburuen artean daude unibertsitateko ikasleen prestakuntza- eta lanbide-ekintzarako jarduerak sustatzea, baita horien gizarte- eta erakunde-ingurunean kultura-, hezkuntza- eta lanbide-sustapeneko jarduerak zabaltzea eta bultzatzea ere, farmazia-fakultateekin lankidetzan aritzeko politikaren barruan.