euskaraespañol

UPV/EHUk Hezkuntza Ekosozialari buruzko prestakuntza-jardunaldi bat hartu zuen

Jarduera Erasmus+ ‘Go Green! Transdisciplinary Approaches to Teaching Environmental Sustainability at School’ proiektu europarrarekin lotuta dago

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/06/03

Irudia

Egungo krisialdi ekosozialaren aurrean Hezkuntzak berebiziko papera jokatzen du. Izan ere, eskola curriculum berriak beren beregi hala jasotzen du. Hortaz, irakaslegoaren formakuntza eta ikasgelarako materialen diseinurako argibideak eskuratzea premia handiko ataza da.

Egun pairatzen ari garen aldaketa globalak, krisialdi klimatikotik hasi eta gatazka sozialetaraino, erronka hauei aurre egin ahal izateko bestelako hezkuntza bat eskatzen du. Bereziki giza jarduerek eragindako ingurumen-aldaketek, giza-bizitzari eusteko aukerak murrizten dituztenek, eskola edukiak eta irakasteko moduak ezinbesteko ekoalfabetizaziorantz eboluzionaraztea eskatzen dute. Horretarako irakaskuntza sakona eta lidergo morala ezinbestekoa da.

Joan den maiatzaren 31n, ‘Hezkuntza Ekosoziala: Jasangarritasunerako konpetentzien garapena’ izeneko prestakuntza-jardunaldia egin zen, UPV/EHUk Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Berritzegune Nagusiarekin elkarlanean antolatua. Formatu hibridoan -presentzialki eta online- antolatutako ekitaldia honetan hezkuntza-arloko 200 pertsona baino gehiago bildu ziren Bilboko Hezkuntza Fakultateko Juliana Agirrezabala ekitaldi-aretoan.

Ekitaldia ‘Go Green! Transdisciplinary Approaches to Teaching Environmental Sustainability at School’ (https://go-green.pixel-online.org/) Erasmus+ programak finantzatutako proiektu europarraren baitan antolatu da. Proiektu honetan UPV/EHUko Hezkuntza Fakultateetako irakasleek parte hartzen dute, Italia, Errumania, Portugal eta Irlandako beste hezkuntza-erakunde europar batzuekin lankidetzan.

Jardunaldiak balio handiko gunea eskaini zuen hezkuntza ekosozialaren inguruan ideiak partekatzeko, eta Joserra Diez (UPV/EHUren eta Go Green! proiektuaren ordezkaria), Birginia Pozo (Berritzegune Nagusiko zuzendaria) eta Urtza Garai (UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa) aurkeztu zituzten. Inpaktu handiko jardunaldia izan da, presentzialki 92 lagunek hartu zuten parte eta telematikoki 104 lagun (Estatu osoko unibertsitate publikoen ordezkareiak egon dira, bai eta Hegoamerikakoak, APICEk eginiko zabalkundeari esker), hezkuntza komunitate zabalari iritsisiz.

Ekitaldian hezkuntza-sektoreko aditu eta profesional nabarmenak bildu ziren Hezkuntza Ekosozialaren hainbat alderdi eztabaidatzeko, eta mahai-inguru batekin amaitu zen, non hizlari guztiek parte hartu zuten.