euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk FIRST LEGO League Euskadi hartu zuen

Arabako Campusa txapelketaren egoitzetako bat izan zen, eta 1.300 gaztek hartu zuten parte, 171 taldetan banatuta

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2024/03/04

Talde irabazleak, agintariekin batera
Talde irabazleak, agintariekin batera | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntza eta Kirol Fakultatea (Kirol atala) FIRST LEGO League Euskadi txapelketaren egoitzetako bat bihurtu zen, berorrek 15 urte bete dituelarik euskal gazteak bokazio zientifiko-teknologikoetara hurbiltzen, estatu mailan erreferente bilakaturik.

Egoitza anitzeko lehiaketa hau aldi berean burutu zen Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, Deustuko unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturik. Programa Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziak bultzatzen du, bidelagun dituelarik Euskal Gobernuaren Hezkuntza saila eta hiru diputazioak, bai eta sinadura pribatu franko ere, gero eta anitzagoak, gero eta gehiago direnak. Zehazkiago, arabar hiriburuko txapelketak Vital Fundazioaren, Robotekin eta Auzolan ditu lankide.

Gasteizko egoitzan 9 ikastetxek hartu zuten parte (6 Arabakoak eta 3 Bizkaikoak), eta 34 talde lehiatu ziren (19 Challenge + 15 Explore). Probak bukatu ostean, irabazle suertatu ziren Tecnoclub Elburgo taldeko ‘Tecnobots_Elburgo’ eta Gasteizko Urkide ikastetxeko ‘Legokide 3’.

Egoitza guztiak kontutan hartuta, 1.300 gaztek hartu izan dute parte, 171 taldetan banatuta, zientziaren eta teknologiaren arloko hitzordu handi honekin bat egin nahi izan duten gazteak. FIRST LEGO League Euskadiren 15. edizioko zortzi talde irabazleek, bina egoitza bakoitzeko, Espainiako finalean parte hartuko dute, martxoaren 16an Alacanten. Bertan, zeinek bere berrikuntza proiektua aurkeztuko dute eta beren robotak, apirilaren 17tik 20ra bitartean, lehiatuko dira Houstongo (Estatu Batuak) munduko finalerako txartela lortzeko.

Erakunde ordezkaritza

Gasteizko egoitzan hainbat kategoriatako dominak eta sariak banatzeko ekitaldian aritu ziren Manoli Igartua, UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreordea; Saray Zárate, Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako diputatua; Ana Rosa López de Uralde, Gasteizko Udaleko Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzia; Inma Sánchez, Soy ingeniaritzako proiektu zuzendaria, STEM arloetan Emakumeak eta Gazteak Bultzatzeko Elkartea; Itziar Uribe, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako proiektuen koordinatzailea; Ainhoa Pereita Tamayo, Vital Fundazioko zuzendari exekutiboa; Arantza Ugarte Más, Robotekin Robotika eta Automatizaziorako Euskal elkarteko zuzendaritza laguntzailea; Susana Otaduy, Ausolan enpresako kudeatzailea, Guillermo Quindós, UPV/EHUko Garapen Zientifiko Sozialeko eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Xabier Basogain, Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Enpresarekiko Harremanetarako zuzendariordea, eta Igor Camino Ortiz de Barrón, IRI eta UPV/EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekano ohia.

Bideoa