euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk aitorpena egin die irakasleei eta erakunde lankideei

I3 jendartea 2024 jardunaldian aliantzen eginkizuna azpimarratu dute erronka sozialei aurre egiteko

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/11

i3 jendartea jardunaldian parte hartu zutenak | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Beste urte batez, Euskal Herriko Unibertsitateak i3 jendartea antolatu du, UPV/EHUko proiektuetan parte hartu duten irakasle, ikasle, erakunde eta enpresen esperientziak aurkezteko. Edizio honen izenburua “Gizarte-erronkei aurre egiteko aliantzak” izan da, eta bertan azpimarratu nahi izan dute bai aliantzen garrantzia, goi mailako hezkuntza eraldatzeko tresna diren aldetik, eta bai unibertsitate publikoaren rola gizartearen erronken aurrean.

“Hezkuntza berriztatzea eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea bultzatzen dugu. Eta hori egin dugu unibertsitate-komunitate osoaren eta topaketa honetan dauden kanpoko eragileen laguntzarekin. Ez dago berrikuntza bultzatzeko modurik, aldaketatik ez bada, ez dago eraldatu gabe berritzeko modurik. Zentzu horretan, i3 (i ber hiru) errektoretza-taldeak bultzatu duen proposamen dinamiko eta proaktiboa da, baina unibertsitate osoaren lanari esker, gure itxaropenak gainditu ditu, proiektu gehiago, anbizio handiagokoak eta ikasle gehiagorengana iristen direnak proposatuz”, esan zuen Eva Ferreira errektoreak jardunaldiari amaiera emateko ekitaldian.

Era guztietako entitate, erakunde, enpresa eta organizazioekin eskuz eskuz lan egiteak laguntzen du erronka horiek arretagune bihurtzen bai ikasgelan eta bai ikasgelatik kanpo, ikasleak beste toki batzuetara joaten direnean, lan eginez edo komunitateei zerbitzua emanez ikastera.

I3 jendartearen edizio hau mahaika antolatu zen: mahai bakoitzeko parte hartzaileek beren esperientzien berri eman zuten, unibertsitateko kide gehiago eta entitate berriak erakartzeari begira UPV/EHUren i3 eredua darabilten programetan lankidetzan aritzera. Mahai batean zenbait irakaslek azaldu zuten askotariko erakundeekin lankidetza proiektuetan lan eginez izandako esperientzia, koordinatzaile edo parte hartzaile gisa. Beste mahai batean erakunde edo enpresa horietako ordezkariak egon ziren, eta azaldu zuten eurek zer eskuratzen duten unibertsitatearekiko lankidetzatik. Azkenik, hirugarren mahaian lankidetza proiektuetan ikasten ari diren ikasleak egon ziren, erakundeetako egonaldian bizi izandakoa eta ikasitakoa azaltzen.

Ekitaldian, gainera, aitorpena egin zitzaien ahalegin horretan parte hartu duten irakasle eta ikastegiei, irakaskuntzaren kalitatearen ikuspegitik egindako lan bikainagatik.

Ibilbide luzea

UPV/EHUk 2010ean onartu zuen bere hezkuntza eredu propioa, IKD izenekoa, hain zuzen indarrean sartu zenean Europar Batasunaren goi mailako hezkuntzarako politika. Orduz geroztik, hainbat programa instituzional sortu ditu metodologia aktiboak eta berritzaileak sustatzeko, hezkuntza berrikuntzarako talde oinarrizko nahiz aurreratuei laguntzeko, irakasleak prestatu eta beren irakats gaitasunak garatzera bultzatzeko, irakaslana ebaluatzeko eta ikastegiak nahiz tituluak akreditatzeko. Kudeaketa tresnak eta laguntza eta orientazio materialak sortu dira, eta ahalegin handia egin da eredua elkarlanean eraikitzen jarraitzeko.