Datozen bi urteetan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) ikerketa azpiegitura sendotuko du abangoardiako ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratuta. Hori posible izan da Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak antolatutako 2021-2023ko Ikerketa Zientifiko, Tekniko eta Berrikuntzako Estatu Planaren Azpiegituren Azpiprograman emandako laguntzei esker. UPV/EHUk eskatutako laguntza guztiak eskuratu ditu, eta horrek, epe laburrean, Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrak (SGIker) indartzea eta zerbitzurik onena eskaintzea ekarriko du, bai unibertsitateko ikerketa taldeei, bai laguntza eskatzen dioten Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko eta Estatuko beste eragile batzuei.
UPV/EHUk 4,5 milioi eurorekin sendotuko ditu ikerketa azpiegiturak
Euskal unibertsitate publikoak Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Ikerketa Zientifikoko Programan eskatutako laguntza guztiak eskuratu ditu
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/12/23
Eva Ferreira errektorearen hitzetan: “azpiegitura horiek erostea albiste bikaina da gure unibertsitatearentzat: indartu egingo du, ekipamendu aurreratu batekin, SGIkerrek dagoeneko unibertsitateko ikerketa taldeei eta euskal gizarte osoari ematen dieten zerbitzu bikaina. Horrez gain, bat egiten du ikasturtearen hasieran azpimarratu nuen eta ustez gauzatzen ari den ideia batekin: UPV/EHUk jauzi kualitatiboa egin nahi du eta egin dezake, eta gizartearen konfiantza du hori lortzeko. Ekipamendu berriek jauzi hori egiten lagunduko dute, eta lortutako dirulaguntza handia gure unibertsitatea fidagarria denaren frogarik onena ere bada”.
Ekarpen ekonomiko hori aukera bikaina da ekipamendu zientifiko-tekniko aurreratua eskuratzeko aukera ematen duelako, eta, horrela, lehiakortasuna hobetzen duelako, I+Gko bikaintasuna sustatzen duelako eta enpresekiko eta erakundeekiko lankidetza bultzatzen duelako. Gainera, ezagutza gizartera transferitzen laguntzen du, berrikuntzaren eta garapenaren eragile gisa duen zeregina bultzatuz. UPV/EHUn sei azpiegitura eskatu ziren eta eman egin dira, bai kopuruari dagokionez, bai diruz lagundutako zenbatekoari dagokionez (ia 4,5 M €). Materiala bi urteko epean eskuratuko da.
Hona hemen unibertsitateak jasoko dituen azpiegiturak:
Laser pultsu ultralaburren iturria. SGIkerren Laser Laborategi Berezia nabarmen sendotuko du, hainbat arlotan aurrerapenak sustatuz, hala nola fisika molekularrean, materialetan, medikuntzan eta partikula fisikan. Halaber, optika kuantikoan eta nanomagnetismoan esplorazio berriak egiteko aukera emango du. Dirulaguntza 948.000 eurokoa da.
ICP-MS multikuadrupolarra. SGIkerren Geokronologia Zerbitzuan kokatuko da, eta konfigurazio analitiko berezi bat izatea ahalbidetuko du, mikra gutxi batzuetako bereizmen espaziala lortzeko aztarna elementuen, ultraaztarna elementuen eta lagin solidoen (mineraletatik ehun biologikoetaraino) erlazio isotopikoen analisi kuantitatiboan eta mapaketan. 284.500 €-ko balioa du.
UPV/EHUko kalkulu klusterra zabaltzea. SGIkerren Ikerketari Aplikatutako Informatika Zerbitzuan kokatuta dago eta erronka berriei aurre egingo die Simulazio Kuantikoan, Adimen Artifizialean eta Biomedikuntzan. Dirulaguntza 632.600 eurokoa da.
Eskaneatze azkarreko indar atomikozko mikroskopioa (AFM). SGIkerren Makroportaera-Mesoegitura-Nanoteknologia Unitatean dagoen azpiegitura osatuko du. Ekipamendu horrek denboraren eta tenperaturaren mendeko prozesuetan gainazaleko behaketa nanoskopikoa zabalduko du: horrela, nanoeskalako automihiztatzea in situ jarraitu ahal izango da denbora errealean. Halaber, tenperaturarekin eboluzionatzen duten nanomaterialen transformazio morfologikoaren edo faseen transformazioaren zinetika zehazteko aukera emango du. Jauzi kuantitatiboa da, UPV/EHUn eta UPV/EHUtik kanpo gehien eskatutako eta esanguratsuenetakoa den teknika bat hobetzea eskainiko baitio zerbitzuari, maila nazionalean eta nazioartekoan lehen lerroan jarriz. Dirulaguntza 669.000 eurokoa da.
Irudi plataforma. Teknologia berritzailea eta disruptiboa ekarriko du errendimendu handiko mikroskopiaren esparruan in vivo sistemetan. Plataformak hiru unitate izango ditu: mikroskopio holotomografikoa; fluoreszentzia mikroskopiako ekipamendua eta bereizmen handiko fokukidea; eta irudi multimodaleko ekipamendu ez inbaditzailea. Azpiegitura horrek beharrezko eskala jauzia ekarriko du organismo baten barruan zelula bizien multzoak detektatzea eskatzen duten eredu esperimentaletan. Azpiegitura horren balioa 967.000 eurokoa da.
Masen espektrometro tribridoa likidoen kromatografo ultralaster bati akoplatuta. SGIkerren Lipidomika eta Metabolomika Unitatean kokatuko da, eta metabolomikaren eta lipidomikaren ikerketan aurrerapenak egitea ahalbidetuko du, metabolitoen bereizmena, identifikazioa eta kuantifikazioa hobetuta. Patologien analisiaren irismena ere zabalduko du, denborak optimizatuz eta metabolismoaren ezagutza areagotuz. Horren eragina diziplina zientifiko ugaritan nabarituko da, hainbat ikerketa talderi onura ekarriz. 974.000 €-ko balioa du.