Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak 359. postua eskuratu du CWUR Center for World University Rankings-en azken sailkapenean, hots, unibertsitateak ebaluatzen dituen mundu osoko analisi prestigiotsuenetako batean. UPV/EHUk 2018/2019ko txostenean lortu du postu hori, mundu osoko beste 18.000 unibertsitateren artean. Aurten, sailkapeneko lehen postuak Harvard, Stanford eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeek eskuratu dituzte.
UPV/EHUk 359. postua lortu du munduko unibertsitateen CWUR rankingean
CWUR rankingak, mundu osoko prestigiotsuenetako batek, unibertsitate bakoitzeko egresatuen eta akademikoen zientzia ekoizpena eta esparru profesionala neurtzen du
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/05/28
Espainiako unibertsitateei dagokienez, UPV/EHU hamaikagarren postutik zortzigarrenera pasatu da. Oraingoan lehenengo hamarrak izan dira, ordena honetan: Bartzelona, Bartzelonako Autonomoa, Konplutentsea, Valentzia, Madrilgo Autonomoa, Granada, Pompeu Fabra, UPV/EHU, Sevilla eta Kataluniako Politeknikoa.
Aurtengo txostenean, UPV/EHUk postu hauek lortu ditu:
- Estatuko rankinga: 8
- Zientzia ekoizpenaren rankinga: 288
- Argitalpenen kalitatearen rankinga: 296
- Eraginaren rankinga: 343
- Argitalpenetako aipamenen rankinga: 541
- Puntuazio orokorra: 75,5
Azterketaren metodologia gisa, Center for World University Rankingsek zazpi adierazle objektibo erabiltzen ditu unibertsitateak modu independentean antolatzeko, haiek emandako datuen mende egon gabe. Irizpide hauek hartzen ditu kontuan:
- Prestakuntzaren kalitatea: nazioarteko sariak edo dominak lortu dituzten unibertsitateko ikasleen kopurua neurtzen da, unibertsitatearen tamaina kontuan hartuta (% 15).
- Ikasle ohien enplegua: nazioarteko enpresetan zuzendaritza postuak lortu dituzten unibertsitateko ikasleen kopurua neurtzen da, unibertsitatearen tamaina kontuan hartuta (% 15).
- Kalitate akademikoa: gaur egun plantilla akademikoa osatzen dutenen artean nazioarteko sariak edo dominak lortu dituzten pertsona kopurua neurtzen da (% 15).
- Ikerketa ekoizpena: argitaratutako ikerlanen kopurua neurtzen da (% 15).
- Kalitatezko argitalpena: goi mailako aldizkarietan agertutako ikerlanen kopurua neurtzen da (% 15).
- Eragina: eragin handiko aldizkarietan agertutako ikerlanen kopurua neurtzen da (% 15).
- Aipuak: askotan aipatutako ikerlanen kopurua neurtzen da (% 10).
Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreorde Arturo Mugaren iritziz, “emaitza hauek bikainak dira, baina bereziki erakusten dutena gure unibertsitatea osatzen duten pertsonen ikertzeko gaitasuna da. Horri esker lortu dugu hau, eta eskerrak eman behar dizkiegu egin duten lan eta ahaleginagatik. Lan anbiziotsu eta isilekoa da, eta ez da beti aitorpen eta finantzaketa egoera onenetan egiten”.
CWUR (Center for World University Rankings) aholkularitza erakunde lider bat da, eta politika publikoei eta ikuspuntu estrategikoei buruzko aholkularitza ematen die gobernu eta unibertsitateei hezkuntza eta ikerketa emaitzak hobetzeko. CWURek mundu osoan baimendutako sailkapenak argitaratzen ditu. Ezagunak dira beren objektibotasun, gardentasun eta oinarri sendoagatik, eta mundu osoko ikasle, akademiko, unibertsitateko administrari eta gobernuetako funtzionarioek erabiltzen dituzte.
Lehen edizioetan (2012 eta 2013), ranking honek bere irizpideen arabera aurrenak ziren 100 unibertsitateak baino ez zituen argitaratzen. 2014. urtetik aurrera, berriz, munduko 1.000 unibertsitate onenak argitaratzen ditu. 2016tik, Arabiar Emirerri Batuetan dago CWURen egoitza.
Lotura honetan eskura daiteke rankingari buruzko informazio guztia: http://cwur.org/2018-19.php