euskaraespañol

UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak beren Euroeskualdeko Aliantza berritu dute, eragin handiagoa izan dezan

AquEus izeneko Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi berriak aztertuko ditu mikro eta nanoplastikoen arriskuak Bizkaiko Golkoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/13

Irudia
Ezkerretik eskumara, Javier Aizpurua, Adolfo Morais, Juan Mari Aburto, Eva Ferreira, Denis Lewis, Pierre Hurmic, Arola Urdangarin eta Jesus Valero. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

Gaur inauguratu da, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Euskampus Bordeaux Eguna 2023, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen Mugaz Gaindiko Campusak eskuratutako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkeztu eta partekatzeko urteroko hitzordu handia. Bederatzigarren edizioa Bilbon izango da lehen aldiz, eta ekimen horretan eragiten duten talde guztietako 350 lagunen kopuru errekorra bildu du.

Euskampus Bordeaux Eguna 2023 hasi da Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen mugaz gaindiko campusaren euskarri den euroeskualdeko aliantza berritzen 2023-2027 aldirako ibilbide-orri berri bat ere adostu da, ekimenaren eragina handitu nahi duena. Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta Dean Lewis Bordeleko Unibertsitateko presidenteak sinatu dute hitzarmena.

Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2011n sortu zen, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko bikaintasun programetan oinarrituta, eta DIPC eta Tecnaliaren laguntzarekin. Haren helburuak dira: ikasleei, irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakaskuntza, ikaskuntza eta gaikuntzarako ingurune berdingabe bat ematea; lankidetza ikerketako espazio puntako bat ezartzea Europan; eta enpresekin, gizarteko erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin, ezagutza eta berrikuntzaren aldeko lurralde ekosistemak sustatzea.

Bere hitzaldian, Eva Ferreira errektoreak proiektuaren sendotasuna azpimarratu du: “Hau da Euskampus Bordeaux Egunaren bederatzigarren edizioa: aliantza sendoa, Bordeleko eta Euskal Herriko unibertsitateen artean finkatua. Irmotasun horren frogarik onena da edizio honetan inoiz baino jende gehiagok eman duela izena, 350 pertsonak”. Era berean, errektoreak nabarmendu du mugaz gaindiko campusa gero eta indartuago dagoela, erakunde berriak sartu baitira bertan: “Unibertsitate-komunitateak eta hiriak elkartu gara, baina poztu eta zoriondu behar dugu, eragile publiko eta pribatu berriak proiektu honekin bat egiten jarraitzen dutelako. Guztiei ongietorria eman nahi diet, eta gure esker ona erakutsi nahi diet: unibertsitate-proiektu ,hau gure gizarteek ere partekatzen duten proiektu dagoeneko bihurtu baita”.

Mikro eta nanoplastikoak, ikergai

​​​​​​Halaber, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi (LTC) berri bat aurkeztu da. LTCak paretarik gabeko laborategiak dira, hau da, egoitza bakarra ez dutenak. Ikerketa-proiektu komun bat dute ardatz, eta Euskal Herriko eta Bordeleko taldeek parte hartzen dute bertan, dauden baliabideen trukea sustatuz, bai giza baliabideena, bai ekipoena eta kostuena. Bi ikertzailek koordinatzen dituzte, bata Euskal Herrikoa eta bestea Bordelekoa, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuetan eta Akitania Berria-Euskadi-Navarra euroeskualdearen estrategian zuzeneko eragina duten lanak egiten dituzte. Bi unibertsitateen zuzeneko finantziazioa jasotzen dute, bai eta prestatzen ari diren ikertzaileak ere, eta 2022tik aurrera Adagio Europako proiektuaren laguntzak jaso ditzakete.

LTC berriak AquEus izena du, eta Bizkaiko Golkoan mikroplastikoek eta nanoplastikoek, bioplastikoak barne, ingurumenean izan ditzaketen arriskuak aztertuko ditu. Laborategi honetan, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko launa ikerketa-taldek hartzen dute parte, itsas biologian, kimikan eta ingeniaritzan adituak direnak, besteak beste, Miren Cajaraville UPV/EHUko katedradunak eta Jérôme Cachot Bordeleko Unibertsitateko irakasleak zuzentzen dute. “Hurrengo lau urteetan, ingurumeneko mikro eta nanoplastikoen arazoari buruzko esperimentu eta analisi berriak egingo ditugu. Zortzi talde horietako batzuk elkarlanean ari ginen, baina LTCk harreman estuagoa eta onuragarriagoa ahalbidetuko digu, bai ikerkuntzan bai prestakuntzan”, azaldu du Cajaravillek.

AquEus-ekin zazpi dira Mugaz Gaindiko Campusak sortutako LTCak. Lehenengoa, 2017an sortua, QuantumChemPhys izan zen, eskala kuantikoko ikerketa kimiko fisikoari buruzkoa. Gero sortu ziren AENIGME (Fabrikazio Berde eta Ekodiseinuari buruzko Akitania-Euskadi Sarea); TRANSMATH (matematika eta bere aplikazioak); GREEN CONCRETE, (hormigoi eta zementu oinarria duten material jasangarriagoak ikertzeko); COMORPD, (Parkinson gaixotasunari lotutako konplikazio ez motorrak aztertzen dituena) eta Trans Light (fotonikari buruzkoa).

Inaugurazio-ekitaldian izan dira Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Denis Lewis, Bordeleko Unibertsitateko presidentea; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Pierre Hurmic, Bordeleko alkatea; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Arola Urdangarin, Lurralde Lankidetzarako Europako Taldearen zuzendaria, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea; Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Javier Aizpurua, DIPCko ikertzailea.

Euskampus Bordeaux Eguna 2023 jardunaldiari buruzko informazio gehiago:
https://www.euskampus.eus/eu/euskampus-bordeaux-eguna-2023