UPV/EHU itsas ikerketaren eta iraunkortasunaren abangoardian dago Itsasgunearen abian jarrita
Proiektu garrantzitsu horrek, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Portugaleteko egoitzan kokatua, unibertsitate publikoak itsasoarekin dituen loturak indartzen ditu
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2024/06/21
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) inauguratu du Itsasgunea, itsasoaren ezagutzarekin eta teknologiarekin lotutako ikerketarako eta transferentziarako diziplina anitzeko gunea. Asmo handiko proiektu honen egoitza Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautikako eraikinean (Portugalete) egongo da.
Inaugurazioan agintari ugari izan dira; besteak beste, hauek: Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea; Marisol Garmendia, Gobernuaren ordezkaria; Miren Artaraz, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria; Mikel Torres, Portugaleteko alkatea; eta Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria.
Euskal Herriko Unibertsitateak erreforma sakona egin du Nautikako eraikin ezagunean eta lan horietarako aurrekontua 1.393.858,96 €-koa izan da. Bertan, ikerketarako gune berriak egokitu eta kanpora beste batzuk ireki dituzte. Horri esker, alde batetik, Bilboko Ingeniaritza Eskolak itsasoko jasangarritasunerako ikerketarekin lotutako ekimen berritzaileak jorratu ahal izango ditu eta, bestetik, Portugaleterekiko lotura estutu; izan ere, bertakoek ateak zabalik izango dituzte zentroa gertu-gertutik ezagutu ahal izateko. Proiektu honen garapena 2022ko Estatuko aurrekontu orokorrak onartzeko negoziazioen baitan lortutako akordio politikoari esker bideratu da.
Eva Ferreira errektorearen hitzetan, “Itsasgunea izango da Euskal Herriko Unibertsitateak Bizkaiko kostaldean dituen ardatz zientifikoetako beste bat. Horren bidez, itsasoko ikerketan funtsezkoa den beste zutabe batekin sinergiak bultzatuko ditu: Plentziako Itsas Estazioarekin (PIE), Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroarekin. Bi zentroen nazioarteko prestakuntzaren, dibulgazioaren eta ikerketaren, eta erakunde publiko eta pribatuekin bideratutako elkarlanaren bidez, UPV/EHUk itsasoa jardueren erdigunea duen jasangarritasun arloko ezagutzaren transferentzia bultzatuko duen bide berria ireki du”.
Bestalde, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, Charles Pintok, azaldu duenez, “Itsasgunea proiektuaren helburua da Bilboko Ingeniaritza Eskolak Portugaleten duen eraikinean egiten dizuten jarduera akademikoei eta ikerketakoei ikusgarritasuna ematea. Hala, kanpora irekita dagoen eraikinaren diseinu berriari esker, jarduera horiek guztiak hurbileko ingurunera gerturatuko dituzte. Era berean, sektore ugarirekin lankidetza sendotu nahi du: itsasoa, nautika, materiala, energia eta itsasoko teknologiekin eta jasangarritasunarekin lotutako beste batzuk”.
Innoboat da itsasoko berrikuntzaren ikur nagusia
Itsasgunea proiektuarekin, Euskal Herriko Unibertsitateak nautika arloko prestakuntzari eta ikerketari zuzendutako zentroan bost eraldaketa nagusi gauzatuko ditu: Innoboat ikasgela sortzea, hidrotermiaren eta ardatz horizontaleko aerosorgailu eolikoen bidez energia-sorkuntza berritzaile eta jasangarriko sistema ezartzea; eta ikerketa-laborategia handitzea itsasoan material plastikoen degradazioa aztertzeko. Era berean, berritze-lan horien baitan, zentroaren beheko solairua birgaitu dute eta, horri esker, publiko guztientzat zabalik egongo den erakusketarako gune bihurtu dute, eta zentroko areto nagusia berritu.
Innoboat ikasgelaren bidez, Bilboko Ingeniaritza Eskolak ikerketa-lerro berria irekiko du eta itsasoko jasangarritasuna lantzeko ikasleen partaidetza jasoko du. Ikasgela/tailer/laborategi horretan, ingeniaritza arlo guztietako ikasleek eta irakasleek osatutako taldeak nabigazioaren arloan aplikagarriak diren baliabide berriztagarrien erabileran oinarritutako sistema teknologikoak ikertu, berritu, garatu eta fabrikatuko ditu. Ikerketa honen emaitzak energia berriztagarrietan (hidrogenoa eta eguzki-energia) oinarritutako lehiaketarako bi itsasontzi eraikitzeko lanetan aplikatuko dira. Prototipo horiek Europako hainbat probatan parte hartuko dute. Dagoeneko atzerriko 22 unibertsitatetako 32 taldek parte hartzen dute proba horietan, eta oraindik ez dago Estatuko partaiderik. Ekimen horrekin, itsasora bideratutako oinarri teknologikoko enpresak iristea ere sustatuko du proiektuak.
Horri guztiari esker, Innoboatek ikasleen-irakasleen arteko beste lankidetza-proiektu batzuek hasitako bideari jarraitu dio. Horietan, IKD3 hezkuntza-eredu propioa aplikatzen da eta Bilboko Ingeniaritza Eskolak dagoeneko ibilbide luzea egin du. Horrekin lotuta, aurrera eramandako proiektuetako batzuk dira hauek: Formula Student Bizkaia (jarleku bakarreko ibilgailuen eraikuntza); Moto Student (lasterketetarako motorrak); Bisky-Team (espazio-ontzia) edo Guitar Stream (gitarra elektrikoak).
Innoboat ikasgela kanpotik erraz ikus daitekeen eremuan dago eta, horri esker, bertako jarduerak erraz zabal daitezke itsasadarraren ertzean paseoan dabiltzanen eta bertara sartu nahi dutenen artean. Gainerako proiektuetan bezalaxe, Innoboatek finantzaketa pribatua eta publikoa jasoko ditu. Azken horien artean, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko baieztatu du lehen prototipo nautikoan parte hartuko duela. Ikasgelaren sustatzaileek egindako aurreikuspenen arabera, ikasleen lehen taldea Aste Santu ondorenerako izango dute.
Bestalde, Itsasgunea proiektuari esker, hidrotermia bidezko energia-sorkuntzako sistema berritzailea ezarri dute eraikinean. Horren bidez, itsasadarreko uretatik eratorritako energia berriztagarria eta jasangarria lortu ahal izango dute eta horren bidez klimatizatuko dute eraikinaren zati handi bat. Sistema hori hidrotermia-aretoan jarri dute eta ikastetxeetako ikasleek eta bisitariek, oro har, bisitatu ahal izango dute, energia garbia nola sortzen den gertu-gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten.
Era berean, ardatz horizontaleko hainbat aerosorgailu jarri dituzte. Horiek ere energia-iturri jasangarriak izango dira eta Roseo Eólicak (Zitek-en, Euskal Herriko Unibertsitateko enpresen mintegian, sortutako enpresa) garatu ditu.
Itsasgunean egindako laugarren esku-hartze ardatza honako hau izan da: itsasoko plastikoen degradazioa ikertzeaz arduratuko den laborategia handitzea eta egokitzea. Laborategi horretan, ikerketaren arloan lanean jarraituko dute itsasora botatako elementu kutsakor horiek gutxitzea lortzeko.
Proiektuarekin lotutako beste esku-hartze bat da eraikinaren beheko solairuan sortutako erakusketa-aretoa. Horren bidez, dagoeneko zentroan ikusgai dauden erakusketa iraunkorrak zein aldi baterako beste erakusketa batzuk antolatu ahal izango dituzte.
Amaitzeko, zentroko areto nagusian ere berritze-lan handia egin eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna eragozten zuten barrera arkitektoniko guztiak kendu dituzte. Horri esker, ekitaldi-aretoa publiko guztientzat irekita dago eta horixe izango da Ezkerralde osoan edukiera handiena duen aretoa. Espazio hori, gainera, herritarrek erabili ahal izateko zabalik egongo den gunea izango da.
Nautika, ia 300 urte dituen eskola
Bilboko Ingeniaritza Eskolako Nautikako atalak itsasoarekin lotura kultural eta profesional handiak izan ditu hasiera-hasieratik, duela ia 300 urtetatik. Hain zuzen ere, 1740an eratu zuten eta prestakuntza hori (merkataritza-ontzietako kapitaina eta merkataritza-ontzietako makinetako buruzagitza) eskaintzen zuen Estatu osoko lehen eskola izan zen. Bestalde, mende batzuk geroago, eskola hau izan da ikasleen artean emakumeak gehitu zituen lehenengoa.
1968an, ordura arte Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola izena zuen hura Ibaizabalen ibaiertzera eraman zuten, Portugaletera, eta ordutik, hiribildu hartako idiosinkrasiako elementuetako bat da. 2016an, Bilboko Ingeniaritza Eskolan barneratu zen UPV/EHUk egindako zentroen berrantolaketaren ostean. Eta orain, Itsasgunea proiektuari esker, zentroak Portugaleterekin duen lotura zabalduko du bertako hormak eraitsiz eta bertako guneak herritarrentzat zabalduz. Horri guztiari esker, itsasoko jasangarritasunerako ikerketan erreferente bihurtuko da.