euskaraespañol

UPV/EHU-EITB Komunikazio Ikasgela sortu da

Helburua da prestakuntzari, ikerketari eta dibulgazioari lotutako jarduerak eta proiektuak egitea elkarren intereseko arloetan, ezagutza sortzea, trukatzea eta transferitzea sustatuz.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/11

Eva Ferreira, Ana Irene del Valle eta Andoni Aldekoa. | Argazkia: UPV/EHU.

UPV/EHUko EITB Komunikazio Ikasgela berriaren aurkezpena egin da asteazken honetan, urriaren 11n, Bilboko EITBren egoitzan, Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen, Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiaren eta Ana Irene del Valle Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoaren eskutik.

EITB Komunikazio Ikasgela ekimenaren xedea izango da prestakuntzari, ikerketari eta dibulgazioari lotutako jarduerak eta proiektuak elkarrekin egitea, eta gustura agertu dira bai EITB eta bai EHU/UPV berau abian jartzearekin.

Andoni Aldekoak lankidetzaren garrantzi berezia eta balio estrategikoa nabarmendu du,  egungo aldaketa kultural, teknologiko eta digitalaren testuinguruan planteatzen diren erronkei aurre egiteko. "EITBk eragile eraldatzaile gisa inplikatu nahi du Euskadiko gizartea garatzen laguntzen duten kausa kolektiboetan; gure herria eraldatzeko funtsezko gaietako bat digitalizazioaren eta globalizazioaren aroan euskara babestea da", esan du.

Eva Ferreira errektoreak Unibertsitatea-Enpresa eta Unibertsitatea-Gizartea ikasgelak sortzean jarri du azpimarra, "UPV/EHUn epe labur eta ertainean egiten ari garen apustu handienetako bat". Bere aburuz, "ikasgela horietan, enpresa- eta gizarte-eragileekiko harremanen bidez, guztien intereseko erronkak azaltzen dira eta, prestakuntza, ikerketa eta ezagutza transferitzeko ildo espezifikoak artikulatzen dira". EHUko errektoreak gaineratu du   EITB Ikasgela gure herrialdeko komunikazio-talde liderretako batekin lankidetzan aritzeko aukera paregabea dela. "Ekimen horrek dagoeneko ditugun harremanak sendotzeko balioko du, eta gure ikaslearen prestakuntzan ere murgilduko da", gaineratu du.

Jakintza sortu eta trukatzeko leku egonkorra irakasle, profesional eta ikasleentzat

Ana Irene del Valle Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak, berriz, bi erakunderen elkarlana goraipatu nahi izan du: "Bere 40 urteko ibilbidean, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak EITBko profesional ugari formatu ditu, eta erakunde horrek berak ere zeresan handia izan du prestakuntza horretan, beka, praktika eta programen bidez, hala nola UPV/EHU-EITB masterra".

Dekanoaren hitzetan, EITB Komunikazio Ikasgela beste urrats bat da elkarlan horretan: "Jakintza sortu eta trukatzeko leku egonkorra izango da irakasle, profesional eta ikasleentzat; eta, horretaz gain, ingurune egokia ere bai ikasleen parte hartzearekin lankidetza proiektuak garatzeko hainbat arlotan, adibidez datuen analisian, ikus-entzunezko formatu berrietan, adimen artifizialean eta abar". Halaber esan du aukera emango duela, batetik, ikasgelak EITBren ekoizpen prozesuetara hurbiltzeko eta, bestetik, UPV/EHUko komunikazio graduetatik ateratzen den talentu gaztea identifikatzeko.