euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitaterako bidea gogor eta luzea izan arren, ikasketak ilusioz bizitzeko unea heldu da

UPV/EHUko onarpen emaitzarik onenak pozik daude ikasturteko lehenengo asteak campusetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/02

Luis Chausson, Javier Herrero, Ane Varela, Asier Vergara, Izei Mugika, Xabier Insagurbe, Nerea Fernández de Antona, Ane Arrieta eta Begoña Corres. (Argazkia: Laura López. UPV/EHU)

Ane Varela, Luis Chausson, Javier Herrero, Izei Mugika, Ane Arrieta, Asier Vergara, Begoña Corres, Nerea Fernandez, Teresa Rodriguez eta Xabier Insagurbe aurten sartzeko notarik altuenak lortu dituzten ikasleak dira. Haien notak 13,898 eta 13,696 artean dabiltza. Zientzien eta Osasun Zientzien arloko ikasketak aukeratu dituzte guztiek, Eta gaur egun, hamarrek lehenengo urratsak ematen dituzte campusetan

Hona heltzeko bidea “dezente gogorra” (Izei Mugikaren hitzetan —Donostia, 2000—) eta “luzea” (Javier Herreroren ustez —Bilbo, 2000) izan da; eta, adibidez, “bigarren batxilergoa tentsio eta presio handiz” bizi du Nerea Fernández de Antonak (Aretxabaleta, 2000). Hala ere, guztiok ilusioz hartu dituzte ikasketak, Ana Varelak (Donostia, 2000) esan duenez, “pozik eta kontent”. Gainera, aukera da bakoitzak bere ardura hartzeko. “Heltzeko momentua da”, dio Luis Chausonek (Donostia, 2000).

Aurten sartzeko notarik altuena 13,898 izan da, hamargarrena 13,696

Haien ikasketak bi arlotan daude txertatuta: Zientzietan eta Osasun Zientzietan. Guztiek, Ane Arrietak (Eskoriatza, 1989) izan ezik, Bizkaiko Campusean ikasten dituzte graduak, Leioa-Erandio eremuan. Hala ere, Ane Arrietak iaz Medikuntza ikasketak hasi zituen, oso emaitza onak zituelako; baina ikasturtean konturatu zen erratu zuela. Psikologia ikasgaia besterik ez zen bere gustuko; eta, horregatik, aurten Gipuzkoako Campusean dabil Psikologiako graduan. “Aldatzeko erabakia oso gogorra izan zen. Iazko ikaskideak oso jatorrak ziren, fakultate giroa ederra… baina ez nengoen gustura. Aurrean neuzkan sei ikasturteak eta bizitza osoa medikuntzaren arloan gehiegi zen niretzat, eta ez zuen merezi. Bai senideak, bai lagunak kezkatuta zeuden”, horrela azaltzen du Ane Arrietak aurreko ikasturteko esperientzia. Orain, berriz, oso pozik dago egindako aldaketarekin.

Etxetik kanpo

Besteok, ostera, ez dute apenas esperientziarik unibertsitatean. Lehenengo ikasturtea da, bai eta batzuentzat lehen aldiz etxetik kanpo bizitzeko aukera ere. Xabier Insagurbe (Vitoria-Gasteiz, 2000) pisu batean bizitzen hasi da. “Aste hauek pixka bat kaotikoak izan dira. Bilbora etorri naiz bizitzera eta lehenengo asteetan gauza asko dago egiteko pisu berri batean. Gainera, irakasle eta ikaskide berriak, funtzionatzeko modu berria… Baino nahiko ondo moldatu naiz Medikuntzako graduan”.

Etxetik kanpo Luis Chausson ere bizi da, hain zuen, Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusian. “Egoitzan, eskarmentu handikoek esan didate irmo baldin banaiz, gaindituko ditudala ikasketak. Beraz argi dut fakultatean ordu asko emango ditudala. Momentuz praktikaren bat egin dut eta alai”.  Bera Biokimikako eta Biologia Molekularreko gradua ikasten ari da.

Zientziak eta Osasun Zientziak arloetako graduak aukeratu dituzte gazteek

Nerea Fernández de Antonak hiru arrazoi izan ditu UPV/EHUn ikasteko: “Unibertsitateak ospe eta emaitza oso onak ditu, euskaraz ikasteko aukera ematen dit, eta, etxetik gertu geratzen zait”.  Betidanik zientzia arloko ikasgaiak gustatu zaizkio, baita Medikuntzakoak ere. “Gradu honek etorkizunean pertsonekin lan egiteko eta horiei laguntzeko aukera emango dit. Hala ere, bitxikeria xelebre bezala onartu beharra daukat, odolarekin zorabiatu egin ohi naizela, baina gainditzeko prozesuan nago”, dio gazteak.

Zergatik gradua?

Fakultate berean hauek ere dabiltza: Ane Varela (Fisika), Javier Herrero (Fisika), Asier Vergara (Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa), Izei Mugika (Matematika) eta Begoña Corres (Matematika). Bosten motibazioa bestelakoa izan da. Ane Valerak  unibertsitate publikoan ikasi nahi zuen, zalantzarik gabe, baina gradua hautatzean ez zekien ondo zer ikasi. “Gai asko gustatzen zaizkit, eta azkenean Fisika ikasteak aukeratu nituen, pentsarazten duen zerbait hautatu dudala uste dut”.

Javier Herrerok UPV/EHUn ikastea erabaki du “ikerketa teknikoaren arloan hazkunde nabarmena izaten ari delako momentu honetan, eta nire ustez, ikerketa-talde interesgarriak sortzen ari dira. Bestalde, Fisikako gradua hautatu du euskaraz, gazteleraz eta ingelesaz irakasten delako eta, bukatu ondoren, unibertsoaren legeak ulertuko ditudalako”.

Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko gradu bikoitza hautatu du Asier Vergarak (Errenteria, 2001). Berak dio betidanik zientziak eta hizkuntzak izan ditu gustuko, eta, nahiz eta biak landu, “batxilergoko irakasleek zientziaren balioa eta pentsamendu kritikoa izaten erakutsi didate. Horregatik, bide horri jarraitu diot, nota neukala aprobetxatuz”. Bestalde, unibertsitatera heltzeko bidea ez da hainbesterako, kurtso osoan lan egin ostean. “Uste dut ‘selektibitatea’ izan dela 2. batxilergoko lehen egunetik gehien entzun dudan hitza, eta egia da tentsio asko pilatzen dela hiru egunetan”, gogoratzen du Vergarak. Gaur egun oso pozik dago unibertsitatean, eta bere helmuga da ikastea, “batez ere, gustura ikastea da”.

Bidea gogorra ere izan zen Izei Mugikarentzat. “Gustura aritu banaiz ere, ikastea esfortzua handia izan da. Hala ere, pozik nago lortu dudan emaitzarekin”. Horrela azaltzen du Mugikak unibertsitaterako bidea. Berarentzat hizkuntza izan zen erabakigarria UPV/EHUn ikasketak egiteko: “Euskal Herriko Unibertsitatean ikastea eraman nauen arrazoietako bat izan da: euskara, gure kultura, ondare eta nortasunari bultzatzeko”. Graduari dagokionez, Matematikak piztu du Mugikaren interesa. “Zientzia horri esker, gure egunerokotasuna zein etorkizuna eraiki ditzakegulako”.

Izei Mugikaren ikaskidea Begoña Corres (Getxo, 2000) da. Berak txikitatik matematika gustuko izan du. “Baina pasa den urtean erabaki nuen Matematikako gradua aukeratzea, karrera oso praktikoa iruditzen zaidalako, eta erronka polita ere”, azaltzen du Corresek. Unibertsitatera ailegatzeko, batxilergoan, ikasle horrek ez ditu eskolaz kanpoko jarduerak utzi izan behar. “Betidanik balleta egin dut, bibolina jo ere, surfa egiten nuen astebururo eta eskola batean txiki batzuei balleteko eskolak ematen hasi nintzen. Hori dela eta, denbora bikain aprobetxatzen ikasi nuen, beti ere lagunei eta familiari lehentasuna emanez”.

Bideko aldarte eta gorabeherak izan arren, ikasteaz gain, ikasle guztiok lagun berriak  ezagutzea,  disfrutatzea eta trebetasunak bereganatzea dute helburu.