Erik Romero Fisika ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta lau urte daramatza ADUEEEn (UPV/EHUko Eztabaida Elkartea) parte hartzen. “Egun batean nire gelara joan ziren eztabaidaz hitz egitera, eta jakin mina piztu zitzaidan”, esan du ikasleak. Handik urte batzuetara, elkarteko presidentea da. Joana Moso Zuzenbideko master bat ikasten ari da unibertsitatean, eta hark ere lau urte daramatza aipatutako taldean parte hartzen. “Lagun batek sartzea gomendatu zidanetik”, gogoratu du. Biek elkarteko ateak ireki dizkigute, eta azken lorpenak eta etorkizuneko proiektuak kontatu dizkigute.
Unibertsitateko eztabaida elkartea, dialektikaren “Champions”-ean
Erik Romero, Fisikako ikaslea eta taldeko presidentea, eta Joana Moso, Zuzenbideko ikaslea eta eztabaida taldeko partaidea, Espainiako Unibertsitateko Eztabaida Ligara (LEDU) joango dira
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2024/06/06
“Arlo horretan konpetentziak garatzeko tresna gisa erabiltzen dugu unibertsitateko eztabaida. Unibertsitateko ikasleek, ikasle ohiek eta kolaboratzaileek osatzen dute ADUEEE, eta erakunde akademiko honetan kritika, oratoria eta etengabeko ikaskuntza sustatzea dute helburu”, azaldu du Erik Romerok, elkarteko presidenteak.
“Honakoa da gure dinamika: irailean elkartea ezagutzera gonbidatzen ditugu ikasleak, zer egiten dugun azaltzen diegu eta lehenengo eskolekin hasten gara. Eskola horietan sarrera bat egiten da, jendaurrean hitz egiteari beldurra galtzeko. Animatzen badira, eztabaiden munduan hasten laguntzen diegu eta, lehenengo lauhilekoaren amaieran barneko liga bat antolatzen dugu elkartearen barruan”, azaldu du Romerok.
“Denbora gehiago daramagunok iristen diren pertsona horiek prestatzeaz arduratzen gara. Azken urteetan beste unibertsitate batzuetako lehiaketa askotan parte hartu dugunez, dagoeneko kontaktuen sare bat dugu beste erkidego batzuetan, eta horrek beste talde batzuekin simulazioak eta praktikak egiteko aukera ematen digu”, nabarmendu du Joana Mosok.
Hau da ADUEEEk Estatuko eztabaida finalean parte hartuko duen lehen aldia. Irailean izango da, Espainiako Unibertsitateko Eztabaida Ligan, Melillan. Lurralde osoko 16 taldek baino gehiagok parte hartuko dute.
“Orain arte lortu dugun garrantzitsuena da. Kontuan hartu behar da eztabaidaren diziplina oso hedatuta dagoela Espainian, eta unibertsitate guztiek garatzen dutela”, nabarmendu du Mosok. “Estatu osoko eztabaida lehiaketarik garrantzitsuena da, eztabaidaren arloko Champions-a. Hala, 16 talde bakarrik sailkatzen dira, Espainiako unibertsitate desberdinetako lehiaketak irabazi dituztenak”, azaldu du ikasleak.
“Inoiz ez ginen finalean egon. Gainera, aurten lehen aldiz postu onak eskuratu ditugu bi lehiaketatan: bata irabazi egin genuen eta bestean txapeldunordeak izan ginen. Bi emaitza horiengatik, ordezkaritza bikoitza izango dugu finalean. Hau da, Euskal Herriko Unibertsitateko bi talde joango dira Espainiako Unibertsitateko Eztabaida Ligara”, esan du Erik Romerok.
Gainera, ADUEEEk aurten eztabaida akademikoko lehiaketa nazionala antolatu du hemen lehendabiziko aldiz, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Bilboko Udalarekin eta LEDUrekin batera. Lehiaketa horretan irabazten zuena Estatuko ligarako sailkatzen zen.
“Espainia osoko 10 unibertsitatetako 16 taldek parte hartu zuten eta, lehiaketaren epaile gisa, herrialdeko eztabaidatzailerik eta hizlaririk onenetako eta ospetsuenetako askok parte hartu zuten. Datorren urtean topaketa hau berritu eta berriz ere Bilbora ekarri nahi genituzke”, adierazi du elkarteko presidenteak.
Parlamentuko saioak
“Egia esan, eztabaida akademikoaren kategorian zentratzen gara gehien, ziur asko, baina aurten beste kategoria batzuetan ere arrakasta handia izan dugu. Badira beste topaketa batzuk ere, hala nola parlamentuko saioen edo nazioarteko hainbat organotako saioen simulazioak”, azaldu du Romerok.
Adibidez, ikasturte honetan “Europako parlamentuaren simulazio batean parte hartu dugu, MEU (Model of the European Union) izenekoan, Eurobasqueren (Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua) laguntzarekin”, esan dute ADUEEEko kideek.
“Madrilera ere joan gara, NBEren simulazio batean parte hartzera. Kasu horretan saritu egin gintuzten, eta ordezkaritza txikirik onena izan ginen. Egia esan, ohore handia izan zen, mundu osoko ordezkaritzak zeudelako”, aipatu du Mosok.
Dagoeneko badituzte etorkizunerako proiektu berriak: “Lehenengo erronka Espainiako Unibertsitateko Eztabaida Ligan parte hartzea da, irailean, honako galderarekin: Komenigarria al da desazkundea, ingurumen arazoak eta gizarteko desberdintasunak konpontzeko?”, esan du Romerok.
“Hemen berriz ere estatu mailako lehiaketa bat antolatzea gustatuko litzaiguke. Dagoeneko martxan dago, eta gero sartzen den zuzendari batzorde berriaren mende egongo da, baina orain dugun ildo berarekin jarraitzen saiatuko direla uste dugu”, amaitu du elkarteko presidenteak.