euskaraespañol

Unibertsitateko artxiboetako dokumentuak atzitzea: gardentasuna, datuen babesa eta ikerkuntza

Unibertsitateko Artxiboei buruzko XXV. Jardunaldiak Bilbon izango dira, urriaren 9, 10 eta 11n

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/10

Konferentzia hauek lehen aldiz egin dira UPV/EHUn. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Espainiako Unibertsitateetako Artxibozainen Konferentziak (CAU-Crue) urtero jardunaldi batzuk antolatzen ditu, unibertsitate desberdinetan. 2019an, CAU sortu zela hogeita bost urte betetzen direla ospatuz, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Artxibo Nagusia arduratuko da jardunaldiak antolatzeaz; UPV/EHUn egiten diren lehen aldia izango da.

Jardunaldi honetan jorratuko den gaiak galdera ugari pizten ditu artxibozainen, ikerlarien eta, oro har, herritarren artean. Hori dela eta, unibertsitateko dokumentuak atzitzeari buruz arituko dira, hiru ikuspegitatik: alde batetik, erakundeen gardentasunaren ikuspegitik; beste alde batetik, datu pertsonalen babesaren ikuspegitik, eta, azkenik, ikerkuntzaren ikuspegitik.

Hona hemen hitzaldirik aipagarrienak: “La transparencia institucional y el papel de los archivos”, Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandi Irazabalen eskutik; “El acceso a los documentos que contienen datos de carácter personal en los archivos universitarios", Datuen Babeserako Euskal Agentziako abokatu eta ikuskatzaile Román Intxaurtieta Madariagaren eskutik; “Los documentos universitarios y su valoración: determinación de las condiciones de acceso”, Rey Juan Carlos Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko doktore eta irakasle kontratatu Leonor Rams Ramosen eskutik.

Horrez gain, mahai-inguru bat ere egongo da, izenburu honekin: “Investigar en Archivos universitarios: problemas y limitaciones al acceso a documentos, expedientes y trabajos de investigación”. Bertan izango dira Susana Serrano, UPV/EHUko Historia Garaikideko irakasle titularra; Isabel Palomera, Madrilgo Complutense Unibertsitateko artxiboko zuzendaria; Emilio Guichot, Sevillako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedraduna; eta Pepe Sainz Varela, Arabako Probintzia Artxibo Historikoko zuzendaria. Moderatzailea Fátima Pastor Ruiz, UPV/EHUko ikerketaren gestioko teknikaria izango da.

CAU-Cruek barne hartzen ditu Espainiako unibertsitate pribatu eta publikoetako artxiboak eta helburu du elkarlanean aritzea zereginak, helburuak eta gauzatzeak erdiesteko, Espainiako goi mailako ikasketa zentroetako ondare dokumentala hobeto kudeatze aldera. Cruen dauden 44 unibertsitateko 70 pertsona bertaratuko dira UPV/EHUko Bizkaia Aretora.

Crue Universidades Españolas da unibertsitateen eta gobernu zentralaren arteko bitartekari nagusia; hala, funtsezko rola du gure herrialdeko goi mailako hezkuntzari eragiten dioten araudien garapenean. Halaber, askotariko ekimenak sustatzen ditu ekoizpen eta gizarte ehundurarekin harremanak sendotzeko eta estatuko naiz nazioarteko erakundeekiko harremanak hobetzeko, baita Espainiako Unibertsitatearen irudia hobetzeko ere.

Informazio gehiagorako: https://www.ehu.eus/es/web/xxv-jornadas-cau-crue/home