euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitateen G-9 Taldeak aintzat hartzen du Unibertsitate Ikasketen Errege Dekretu berria eta positiboki baloratzen du arauak alor akademikoari emango dion malgutasun handiagoa

Besteak beste, malgutu egingo dira titulu berriak onartu aurreko memoriak idazteko baldintzak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/15

Logo G9 Grupo Universidades

G-9 Taldeko unibertsitateek positiboki baloratzen dute Unibertsitateen Ministerioak onartu eta berriki indarrean sartu den Ikasketen Errege Dekretu berriak dakarren malgutasun handiagoa. Horixe da gaur telematikoki Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen gidaritzapean bildu den G-9 Taldeko Ordenazio Akademikoko Batzorde Sektorialak atera duen ondorio garrantzitsuenetako bat.

Duela gutxi argitaratu den 822/2021 Errege Dekretuak arautu egiten du unibertsitate ikasketen eta haien kalitatea bermatzeko prozeduraren antolakuntza, eta aldaketa nabarmenak dakartza unibertsitatearen araudi akademikoaren hainbat gaitan. Gaurko bileraren helburua izan da arau berriaren inplikazioak zehaztea eta G-9 Taldeko unibertsitateen eskaintza akademikoan izango duen eragina aztertzea.

G-9 Taldeak aintzat hartzen ditu dekretu berriak emango dituen aukerak unibertsitate ikasketak sortu eta erregulatzeko araudia malgutzeko (besteak beste, titulu berriak onartu aurreko memoriak idazteko baldintzak). Beste alor batzuetara ere zabalduko den malgutasuna: adibidez, unibertsitateek aukera emango diete ikasleei masterretan matrikulatzeko GRALa (gradu amaierako lana) edo kreditu osagarri batzuk amaitu gabe eduki arren (nahiz eta gradu titulua lortzea izango den ikasleek master titulua eskuratzeko baldintza).

Beste aldaketa garrantzitsu bat izango da tituluen kategorizazio berria. Hemendik aurrera, ez dira bost jakintza adar handi tradizionalen arabera sailkatuko, orain “ezagutza eremu” deitzen direnen katalogo berri baten arabera baizik (Errege Dekretuaren I. eranskinean zehaztutako katalogoa).

Errege Dekretuak dakartzan berritasunen artean, aipatzekoa da ere orain arte sakabanatuta egon diren prestakuntza jardueren erregulazio koordinatua (etengabeko prestakuntza edo prestakuntza duala). Nabarmentzekoa da ere arau berriak egiten duten apustua irakasteko eta ikasteko metodologia aktibo eta berritzaileen alde, baita ikasketen kalitatea bermatzeko sisteman egingo den bereizketa ere, desberdina izango baita ikastegiek erakunde akreditazioa izan ala ez.

Unibertsitateen G-9 Taldea

G-9 Taldea 1997an sortu zen, eta beren autonomia erkidegoan unibertsitate publiko bakarrak diren unibertsitateek osatzen dute: Cantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Universitat de les Illes Balears, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

Elkartearen helburua da harremanak estutzea taldeko unibertsitateen artean, besteak beste elkarlana bultzatzeko irakaskuntza eta ikerkuntza jardueretan. G-9 Taldeko unibertsitateek biltzen dituzte 170.000 ikasle, 19.340 irakasle-ikertzaile eta 8.160 AZPko langile.