euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitatea, garapen-eragile bere ingurunean

ENLIGHT topaketan –sei hilean behin antolatzen da– ‘Unibertsitateak eta komunitateak’ saio irekia izango da ekainaren 18an, 10:00etatik 12:00etara

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/17

Hiria gizarte-elkargune bat da, eta bertan aplikatzen dira unibertsitatean eskuratutako gaitasunak.

ENLIGHT aliantzaren oinarrietako bat lankidetza sustatzea da unibertsitateen eta haien toki eta eskualde inguruneen artean, eta aliantza horretan parte hartzen du, hain justu, UPV/EHUk. Zehazkiago, proiektu honen helburua da elkarren arteko ikaskuntza bultzatzea unibertsitateko kideen, industria sektore pribatuaren, erakunde publikoen eta gizarte zibilaren artean, eta, horretarako, «eskualde akademiak» ezartzen ari dira. Horien xedea da erronkak planteatzea aliantzan parte hartzen duten unibertsitateei: lehen fasean, prestakuntza jardueren oinarri gisa, eta, bigarrenean, ikerketa jardueraren oinarri gisa.

ENLIGHTen sei hilean behingo topaketa ekainaren 17 eta 18an ospatzen ari da, eta, horren barnean, unibertsitateei eta haien komunitateei zuzendutako saio espezifiko bat egingo da bihar, ostiralean. Saio horretan, Gante, Göttinga, Groninga, Bratislava eta Euskadiko ordezkariak elkartuko dira, eta eztabaidatuko dituzten gaien artean hauek nabarmentzen dira, besteak beste: hiriari eta inguruneari buruzko ikuspegia; hezkuntza erakundeen eta beste esparru batzuen lankidetza modua, eta unibertsitatea sustatzea hiriaren eta eskualdearen garapen eragile gisa.

Jardunaldi hori ENLIGHT Abiarazteko Astearen jarraipena da. Lehenengo topaketa horretan Bordele, Uppsala, Tartu eta Galwayko ordezkariek parte hartu zuten.

Biharko saioa publikoa da, eta parte hartu nahi duten guztientzat dago irekita. Nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Sei hilean behingo topaketa

Gaur hasi da ENLIGHT proiektuaren sei hilean behingo topaketa, eta egitasmoan esku hartzen duten estamentu guztiak elkartu dira: Gobernu Batzordea, aliantza osatzen duten bederatzi unibertsitateetako errektoreek osatua; Batzorde Exekutiboa, proiektuko unibertsitate-zuzendariak elkartzen dituen organoa, eta egitasmoaren barruko lan sortaren batean esku hartzen duten pertsonak.

UPV/EHUko errektore Eva Ferreira izan da ENLIGHTeko presidente orain artean, eta aliantzaren hemendik aurrerako presidentetzari bide emanez hasi du saioa, txandakakoa baita. Ferreirak egitasmoaren irismen anbiziotsua nabarmendu du, eta gaineratu du proiektu eraldatzailea dela bederatzi unibertsitateetako kide guztientzat. «ENLIGHTen bidez, guztiok dugu kontzientzia eta sentikortasun handiagoa aurrez aurre ditugun erronka sozioekonomikoekin. Gaitasun handiagoa dugu komunitate eleaniztun eta multikulturalak sortzeko eta haien barruan moldatzeko; eta, batez ere, askoz ere argiago ikusten dugu gure ekintzen irismena; ENLIGHTek gogorarazten digu pertsonok komunitate bat osatzen dugula, bizileku dugun ingurunearen mende dauden gizaki interdependentez osaturiko komunitate bat; horregatik, gure konpromiso globala da, hain justu ere, bizirik irauteko aukera izatea», adierazi du UPV/EHUko errektoreak.

ENLIGHT Europako unibertsitatea

Europako unibertsitateen bigarren deialditik sortutako aliantza bat da ENLIGH; Europar Batasunak sustatzen du deialdia. Haren bidez, hainbat eta hainbat irakaskuntza ekimen ari dira diseinatzen elkarlanean, eta guztiek ere erronketan oinarritutako ikaskuntza sustatzen dute. Europako bederatzi herrialdetako beste horrenbeste unibertsitate publiko eta jeneralistak osatzen dute ENLIGHT. Epe ertainean, unibertsitate bakoitzean eskainitako titulazio guztietarako sarbide ia mugagabea eskainiko diete aliantzako ikasle guztiei.

Proiektuaren fase pilotuak 2023aren amaierara arte iraungo du, eta 50 lagun inguru parte hartzen ari dira modu aktiboan (irakasleak eta ikertzaileak, AZPko langileak eta UPV/EHUko ikasleak). Edonola ere, parte hartzaileak gehituz joango dira, diseinatutako irakaskuntza ekimenak gauzatu eta eboluzionatu ahala.

Proiektuaren lehen seihilekoan, ia hamar irakaskuntza ekimen diseinatu dira, zeinak 2021-2022ko ikasturtean gauzatuko baitira. Horretaz gainera, lankidetza multilateralerako aukera berriak sortzen ari dira bederatzi unibertsitateotako irakasle taldeen eta ikertaldeen artean, eta, halaber, lanean ari dira aliantzaren barruan ikasleen eta irakasleen truke akademikorako aukerak areagotzeko.