Iberiar penintsulako feminismoen historiari begirada kolektibo berria
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2018/10/04
Hogeita hamar ikertzailek, horietako bederatzi Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) irakasle, ‘A new history of iberian feminisms’ (University of Toronto Press, 2018) lanaren lehenengo zatia osatzen parte hartu dute; lanak Espainiako Estatuko eta Portugaleko feminismoen historiari begirada kolektibo berria ematen dio, XVIII. mendetik hasi eta gaur egunera arte. Liburua berriki aurkeztu dute UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Silvia Bermúdez Santa Barbara-Kaliforniako Unibertsitateko irakasle eta, Roberta Johnsonekin batera, lanaren editoreetako batek (Johnson ere Los Angeles-Kaliforniako Unibertsitatekoa da), Mari Luz Esteban UPV/EHUko Gizarte Antropologiako irakasleak eta Mª Ángeles Cabré, Bartzelonako Generorako Behatoki Kulturaleko zuzendariak. Oso harrera ona izan du Estatu Batuetako unibertsitateetan eta bigarren edizioa argitaratzea aurreikusi dute.
“Ohiko periodizazioak birpentsatu ditugu: denbora-markak edo historia politikoaren aldaketei jarraitu ordez −adierazi du Silvia Bermúdez ikertzaileak− idatzi feministek adierazitako gorabeherak −bereziki saiakerak, prentsa-artikuluak eta beste bitarteko sozial batzuk− jarraitu ditugu, baita borroka politiko eta jarduera feministak ere”. Liburuak hainbat herrialdetako adituen ekarpenak jaso ditu, hala nola, Zeelanda Berria, Espainiako Estatua, Britainia Handia, Ameriketako Estatu Batuak eta Portugalekoak. “Zaila da feminismoaz osotasun bat balitz bezala hitz egitea, orokortzeko joera dugu batzuetan. Liburu hau feminismoaz beste modu batera aritzeko erakusle ona da; gaiak, testuinguruak eta denborak zehazten ditu, eta hori da ondorio orokorrak ateratzeko modu bakarra”, gaineratu du Mari Luz Esteban UPV/EHUko irakasleak.
‘A new history of iberian feminisms’ lan osatu eta zabala da, errelatoari 1707 eta 1808 urte bitarteko aldiak ematen dio hasiera, ondoren 1808 eta 1920 arteko mende luzea du aztergai. Hirugarren kapituluan, 1920 eta 1939 bitarteko lehenengo olatu feminista azaltzen da eta, horren ondoren, Antonio de Oliveira Salazarren (1926-1974) eta Francisco Francoren (1939-1975) diktadurak. Bosgarren zatian Trantsizioa eta 1974/1975-1994/1996 aldiko bigarren olatu feminista jorratzen da eta, azken kapituluan, aniztasun feministan (1996-gaur egun) sakontzen du. Azken hitzek ixten dute lana.
Erreferentziak berreskuratu
“Ez dugu feminismo bakar bat, asko dira, eta pluraltasun hori da, hain zuzen ere, aberats egiten duena. Esku anitzekin idatzitako lan honek iragan feministaren ezjakintasunari aurre egin nahi dio; belaunaldi gazteenek, orokorrean, ez dakite, XX. mendeari buruz ari garenean ere, zergatik ez zen sartu Emilia Pardo Bazán Espainiako Errege Akademian, zein izan zen genero-ikasketen hasiera Espainian, ez dituzte Clara Campoamor eta Victoria Kent bereizten, eta ez dute Amelia Valcárcel irakurri, nahiz eta batzuk baliteke Facebookeko jarraitzaile izatea”, argitu du Bartzelonako Generoko Behatoki Kulturaleko zuzendariak.
“Berriki zendutako Josep Fontana historialariak zioen moduan, aurrera egiteko beharrezkoa da historiaren atzerako ispilutik begiratzea -gaineratu du. Eta hori egiten saiatu gara liburu honetan; argitaratzen ari diren testu esperientzialetako adanismoari aurre egiteko baliagarri delakoan, horiek pasa den urtean feminismoaren eklosioak eta horrek kalean, prentsan eta telebistan izandako ikusgarritasuna baitute abiapuntu. Liburuaren beste helburu bat da belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzea. Berriki izan ditudan bileretan baieztatu ahal izan dut gazte askok historiari buruzko ezjakintasun handia dutela. Hori abiapuntu hartuta, erreferentziak, amak eta ahizpa zaharrenak berreskuratzeko beharra dugu”, ondorioztatu du Mª Ángeles Cabrék.
Lanean parte hartu duten euskal ikertzaileak honako hauek dira: Bakarne Altonaga, Amaia Álvarez Uria, Nerea Aresti, Maialen Aranguren, Mari Luz Esteban, Jone M. Hernández, Miren Llona, Josune Muñoz, Iratxe Retolaza, María Ruiz Torrado.