euskaraespañol

Eguneko irudia

Nafarroako Errege Bardea gertuagotik

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/16

Geologiaren azalpenean, lurrezko Gazteluaren aurrean (Castil), Bardeako lekurik enblematikoenetako bat
Geologiaren azalpenean, lurrezko Gazteluaren aurrean (Castil), Bardeako lekurik enblematikoenetako bat | Argazkia: UPV/EHU

‘Bisitariaren Gida, Geologia’ liburuak paisaia azaltzen du erregistro geologikotik abiatuta, UPV/EHUren, Zaragozako Unibertsitatearen eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren elkarlanari esker

Hau dena duela 30 urte baino gehiago hasi zen, Eliseo Martinez Tuterako irakasleak fosil ornodun batzuk aurkitu zituenean Errege Bardean. Aurkikuntza honen berri izan zuen Humberto Astibia Euskal Herriko Unibertsitateko Paleontologia katedradunak. Horren ondorioz, Xabier Murelagak, orduko doktoregaiak, egun UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle, geologo eta paleontologoak, abiatu zuen tesia. Hiru hamarkadatako ikerketen emaitza oparoetako bat da ‘Nafarroako Errege Bardeako Bisitariaren Gida, Geologia', dagoeneko lau hizkuntzatan argitaratu dena, euskaraz (azken itzulpena), ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez.

Proiektu osoa lankidetzaren emaitza da, Euskal Herriko Unibertsitatearen, Zaragozako Unibertsitatearen eta Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuaren arteko lankidetzaren fruitua. Izan ere, erakundeon hiru ikertalderen bitartez, bildu da urtetan lortutako informazioa herritarrei azaltzeko eremu turistiko horren paisaia nola baldintzatu duen geologiak. Geologia baita paisaiarekiko kode genetikoa dena izaki bizidunekiko; arroka motak, berorien inklinazioa, failak eta beste elementu geologiko batzuk dira lurraren morfologia bat edo bestea osatzen dutenak, gero kanpoko eragileek modelatzen dutena, batez ere kokapenak eta klimak zeharo baldintzatuta. "Argi utzi nahi genuen iragan geologikoak baldintzatu egin duela gaur egun ikusten dugun paisaia", azaldu du Xabier Murelagak.

Nafarroako Errege Bardeak bereziak dira benetan, bertako fosilengatik harago. Hau bezalako oso lurralde gutxi daude Europan, non eta, landaretza urria eta historia geologikoa direla medio, arrokak oso agerikoak izaten diren eta geruza guztiak begi hutsez ikusteko aukera eskaintzen duten, segida osoa etenik gabe agerita. Hau da, denbora-tarte jakin baten historia geologiko osoa ikus daiteke hasieratik amaierara, Bardearen kasuan, duela 21 milioi urte ingurutik hasi eta 15 milioi urte ingurura arte.

Gida azken gailurra izan duen proiektuak, ostera, bazuen interesa aztertzeko klima-aldaketak nola eragin ahal izan dion lurralde kontinental bati azken 21 eta 15 milioi urteen artean. Aro horietako erregistroak askoz ere ugariagoak dira itsas inguruneetan. Hori dela eta, aukera egon da ozeanoetan berotze global batek duen eragina aztertu ahal izateko. Alabaina, oso urriak dira klima aldaketa globalak ingurune kontinentalean duen eraginaren adibideak.

"Bardean, garai horretako ingurune kontinental batean kontserbatu diren aldaketen erregistro oso bat lortu dugu, badakigu zein urtetakoa den geruza bakoitza eta aurkikuntza paleontologiko oso garrantzitsuak egin ditugu, hala nola munduko habia flotatzaile zaharrenetako batena”, Murelagak azaldu duenez.

Nafarroako Errege Bardeako ikerketan aritu diren hiru ikertalde geologikoentzat, argitaratutako gidak amaiera jarri dio bide luze bati. "Normalean gune bat ikertu ohi da, ondorioak atera edo emaitzak nabarmendu eta aldizkari zientifikoetan argitaratzen ditugu artikulu gisa; azken urratsa kanpoan zabaltzea da", adierazi du Murelagak. Ikerketa 1994an hasi bazen, lehenengo gida duela hiru urte argitaratu zen eta, ondoren, beste hizkuntza batzuetan egindako bertsioak argitaratu dira, azkena euskaraz izan delarik. Baina, gida argitaratuta ere, ezin esan daiteke Bardeako Biosfera Erreserbako lan zientifikoa amaitu denik. Une hauetan, ikerketa lana, duela 15 milioi urteko ugaztunen aztarnen hondakin fosilak aztertzean datza.