euskaraespañol

Glutenik gabeko dieta batek depresioarekin edo antsietatearekin lotutako sintomaren bat murriztu dezake

UPV/EHUko GLUTEN3S taldeak eta BIOARABAK hainbat nahasmendu mentalen eta glutenaren eta/edo FODMAPen kontsumoaren arteko lotura berraztertu dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/08/20

Nork gehiago, nork gutxiago entzuna izango du zerbait glutenaren inguruan; biltegiratze-proteina multzo bat da, ohiko kontsumoko zerealetan aurki dezakeguna, hala nola garian, zekalean eta garagarrean. Proteina horri buruz entzun dugun aldietan, beti arazo gastrointestinalekin, gaixotasun zeliakoa duten pertsonek pairatzen dituztenekin, eta glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliakoarekin lotu izan dugu. Antzeko zerbait gertatzen da FODMAP terminoarekin, dietan ohikoak diren karbohidrato hartzigarri batzuei erreferentzia egiten diena. Hala ere, FODMAPen kasuan, kaleko eguneroko elkarrizketetan duten oihartzuna askoz berriagoa eta txikiagoa da.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko GLUTEN3S ikertaldeko kideek eta BIOARABAK egindako eta NUTRIENTS aldizkarian argitaratutako berrikuspen zientifiko bat, nutrizioaren eta dietetikaren arloan eragin handikoa, urrats bat harago joan da. Glutenaren eta FODMAPen balizko kalte gastrointestinalak alde batera utzi ditu, eta azken hamar urteetako saiakuntza klinikoak bildu ditu. Saiakuntza horietan, hainbat nahasmendu mentalen eta gluten eta/edo FODMAPen kontsumoaren arteko lotura aztertu da. Zehazki, artikuluak dietaren ohiko osagaien kontsumoari eta nahasmendu mentalei buruzko 13 saiakuntza klinikoren informazioa jasotzen du (526 paziente hartzen dituzte guztira), hala nola depresioa, antsietatea, Alzeheimerra, eskizofrenia eta autismoa. Artikuluak deskribatzen duen moduan, “glutenak eta/edo FODMAPek aldaketak eragiten dituzte hesteetako mikrobiotan (disbiosis deitutakoa), iragazkortasunean asaldura eragiten dute eta hesteak xurgatzen dituzte edo hantura eragiten dute, besteak beste, eta horiek aldartean eta egoera mentalean aldaketak eragin ditzakete.

Heste narritakorraren sindromea, gaixotasun zeliakoa edo fibromialgia duten pertsonekin egindako saiakuntza klinikoen arabera, glutenik gabeko edo FODMAP urriko dieta baten eraginkortasunari buruzko ebidentzia-maila desberdina da nahasmendu mental bakoitzerako. Ebidentzia handiena da glutenik gabeko dietak depresioarekin edo antsietatearekin lotutako sintoma motaren bat murriztu dezakeela aipatutako pertsonengan. Gainerako kasuetan, ikerketak urriak dira eta ez dira hain eztabaidagarriak; hori dela eta, balizko harremanak zuhurtziaz interpretatu behar dira, ebidentzia gehiagoren zain.

Erreferentzia bibliografikoa