euskaraespañol

Gaurko irudia

Ikerketa baten arabera, hegaztien kolorazioaren aldaketa klima aldaketagatik izan liteke

UPV/EHUko eta Montpellierreko Centre d’Écologie Fonctionnelle et Évolutive (CEFE-CNRS) erakundeko zientzialariak lankidetzan aritu dira ikerketa hori gauzatzen 15 urtez Frantziako hegoaldean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/11

David López Idiáquez doktoratu ondoko ikertzailea da | Argazkia: Unai Zorriketa. UPV/EHU.

The American Naturalist argitalpenean kaleratu duten “Long-Term Decrease in Coloration: A Consequence of Climate Change?” ikerlanak aztertu du klima-aldaketak modulatu duen amilotx urdinaren (Cyanistes caeruleus) lumen kolorea. David López Idiáquez Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileak hartu du parte lanean.

15 urtez (2005-2019) aritu dira elkarlanean UPV/EHUko eta Montpellierreko Centre d’Ecologie Fonctionnelle et Évolutive-eko (CEFE-CNRS) zientzialariak Frantziako hegoaldeko amilotx urdinen bi populazio aztertzen, bata Montpellierretik gertu eta bestea Korsikako ipar-mendebaldean.

2005 eta 2019 bitartean, urtero, populazio horietarako amilotx ugaltzaile guztiak harrapatu zituzten. Horri esker, amilotxen kolorazioari eta bestelako ezaugarriei buruzko 5.800 behaketa ohar baino gehiago lortu ahal izan zituzten ikertzaileek.

Amilotx urdinak beren kolorazioagatik nabarmentzen dira: koroa urdina eta bularralde horia dituzte. Azterlaneko emaitzen arabera, bi populazioen urdina eta horia gutxitu da 2005etik 2019ra. Beste era batera esanda, gaur egun, bi populazio horietan, amilotxen koroa urdinak eta bular horiak ez dira ikerketa hasi zenean bezain koloretsuak.

“Gure ikerketak adierazten du ingurumenaren aldaketak, klima aldaketa hain zuzen, izan daitekeela arrazoi nagusia hegaztien, amilotxak kasu, ezaugarri fisikoa aldatzeko, zehazkiago, kolorazioen distira eta intentsitatea”, azaldu du David López-Idiáquez UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaileak. 

“Behatu dugu bi sexuetan eta populazioetan lumen kolorazioaren distiraren eta intentsitatearen joera negatiboa dela, nahiz eta Korsikan aldaketa hori klimarekin lotuago egon”, esan du Lópezek. “Badirudi lumajearen kolore aldaketa tenperatura-igoeraren (1,23 ºC) eta prezipitazioen jaitsieraren (0,64 mm) arteko konbinazioaren emaitza dela; beraz, klima aldaketa izan liteke alde horren kausa”, zehaztu du.

Parekatzeko patroiak aldatu dira

Aldaketa estetiko hutsa iruditu arren, justu kontrakoa da: lumajearen aldaketak eraginak izan ditzake espeziaren parekatze patroietan. “Hegazti horiek kolorazioa erabiltzen dute beste banakoei adierazteko espezimen gisa duten kalitatea, eta hori erabakigarria da, adibidez, ugaltzeko”, esplikatu du David Lópezek.

“Azterlana egin da amilotxen bi populazioak jarraitu ditugulako 15 urtez baino gehiagoz, eta agerian utzi du zer garrantzitsua den epe luzeko ikerketak egitea, klima aldaketak gure inguruko ekosistemetan dituen ondorioak ulertzeko”, nabarmendu du.

Lurraldean aldaketaren bat gertatzen denean, animalien populazioetan lau ondorio hauetako bat gertatzen da: lehenik, aldaketa genetiko bat jasatea; bigarrena, aldaketa plastiko bat izatea (ezaugarri fisikoak aldatzea; ez, ordea, genetikoak); hirugarrenik, emigratzea; eta, azkenik, desagertzea. “Garrantzitsua da azpimarratzea amilotxen aldaketa ez dela genetikoa, plastikoa baizik, ingurumen baldintza berrietara egokitzeko moduetako bat”, adierazten du.

Aldaketa gure ingurunean

“Kontuan hartuta gure ingurunea nahiko antzekoa dela, ez hain beroa, baliteke gure hegaztiek aldaketa bera jasan izana”, teorizatu du Davidek. “Dena den, mota horretako lau ikerketa baino ez daude munduan, bat ere ez Euskadin; horregatik, oso interesgarria iruditzen zait halako ikerketak gauzatzea bai Euskadin, bai estatuan”, gaineratu du.

David López Idiáquez (Villajoyosa, 1988) doktoratu ondoko ikertzailea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean eta Montpellierreko Centre d’Ecologie Fonctionnelle et Évolutive-en. Bere ikerketa-interesak dira ulertzea nola modulatzen dituen eboluzioko dinamikak ingurumenaren baldintzen heterogeneotasunak, bereziki apaingarri diren ezaugarriei dagokienez. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean lizentziatu ondoren, Ekologian doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Madrilgo Natur Zientzien Museoan.

Erreferentzia bibliografikoa