euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitateen arteko ekimen mintegia

Upsalako Unibertsitateko ‘European Dialogues’ ekitaldian, ENLIGHT unibertsitateetako hiri eta eskualdeek aurkeztutako erronkak oinarri gisa erabiliko dira hezkuntza-ekimenak (Living Labs) eta ikerketa-proiektuak diseinatzeko.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/05/19

UPV/EHUko ordezkaritza European Dialogues de ENLIGHT elkarteetan | Argazkia: Uppsala University

Upsala hiri suediarrean, Carlos Lineo naturalistaren sorterrian (aditu horrek landare-espezieen lehen eta funtsezko taxonomia egin zuen), ENLIGHT aliantzako bederatzi unibertsitateetako irakasle eta ikasleen ehun ordezkari inguru bildu ziren. European Dialogues izeneko ekitaldira hiri eta eskualdeetako ordezkariak ere joan ziren.

Oraingo honetan, Upsalako Unibertsitateko Berrikuntza Bulegoaren AIMDAY formatuaren egokitzapenaren bidez (UPV/EHUko ekintzailetasuna bultzatzeko programen baliokidea), antolatzaileek lan-saioak proposatu zituzten, hiriek eta eskualdeek aliantzari mahaigaineratutako benetako erronkei erantzuten saiatzeko, unibertsitateen arteko hezkuntza-ekimenen bidez (Living Labs) eta baterako ikerketa-proiektuen bidez.

Udal-korporazioek eta eskualde-korporazioek aurre egin beharreko gai zehatzak eta praktikoak azaldu ziren, besteak beste: Nola diseinatu ikasleentzako ostatu iraunkor, digital eta berritzailea prezio doituekin; Nola bihurtu hiria euri-ura aprobetxatzeko belaki; eta Energia-komunitateen bidezko energia-sistema deszentralizatuen onurak aztertuko dituzten simulazioak nola sortu; erronken gaiak eta eremuak askotarikoak izan ziren. UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzarekin batera, Auzokideak beren auzoen eta gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-jardueren berrikuntzaren diseinuan eta kudeaketan modu aktiboan murgilduz  izeneko erronka aurkeztu zuen.

Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariak, eta Rufino Hernándezek, UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak, Opengela proiektua aurkeztu zuten, kalteberatasun-arriskuan dauden auzoak birsortzeko.

Euskadiko ordezkariek azaldu zutenez, hauek izan dira proiektuak jarraitu dituen pausoak: EAEko kalteberatasunari buruzko mapa bat egin dute, auzo ahulenetan bizi den biztanleriaren generoari, adinari, lan-egoerari, osasun-egoerari eta abarri buruzko profil zehatzak marraztu dituzte; eta bizilagunekin komunikazio irekiko espazioak ireki dituzte, haien etxebizitzen baldintza fisikoak hobetzeko edo behar izan ditzaketen administrazio-izapideetarako sarbidea errazteko (Opengela Guneak). Orain, aurrerapenaren ardatza bizitza soziala, komertziala eta zerbitzuetakoa auzoetara itzultzea da.

Euskal ordezkaritzako adituek planteatu zutenez, kalteberatasun-arriskua neurtzeko ezarritako 64 adierazleetako batzuk, gutxienez, gainditzeko, auzoari hurbiltasuneko oinarrizko zerbitzuak eman behar zaizkio (osasuna, administrazio-arreta, merkataritza eta aisialdiko eta kulturako aukerak). Gainera, UPV/EHUko CAVIAR taldea (talde horren ikertzaile nagusia Rufino Hernández da) etxebizitzak birgaitzeko lanean ari da. Etxeen egoera txarra ezaugarri garrantzitsu da, auzo horietako pertsonen bizi-itxaropena Euskadiko beste eremu batzuetako biztanleena baino 10 urte txikiagoa dela azaltzeko.

Saio batzuetan zehar, erronkak piztu zuen interesa zela eta, gure ordezkariek beren proiektua azaldu zieten ENLIGHT unibertsitateetako langile akademikoei eta gainerako ikasleei, eta lankidetza-ideiak eta antzeko esparruetan egindako lanen adibideak eman zituzten.

ENLIGHTen eragina

ENLIGHT aliantzak, UPV/EHU-Euskampusen zuzendaritzapean, Goi Mailako Hezkuntzako erakundeen inpaktua neurtzeko metodologiak garatzen dihardu. Hori dela eta, lantalde horretako kideak ere joan ziren ekitaldira, ENLIGHTen ekintza horrekin zuzeneko lotura duten kolektibo guztiei kontsulta egiteko; horri esker, aliantzaren ekintzetan parte hartzeari egotz dakiokeen eta ikus daitekeen aldaketa neurtzea erraztuko duten datuak lortuko dira.

Ekitaldia amaitu ondoren, koordinazio-taldeak eta Upsalako Unibertsitateak, Lineo irakasle ohi eta Suediako heroi nazionalaren antzera,  ekitaldian jaso zen ideia-kopuru izugarria bildu eta sailkatuko dute, unibertsitate arteko ahalik eta proiektu bateratu gehienak "ernarazteko".

European Dialogues taldearen inaugurazio-saioa ENLIGHTren Youtube kanalean dago eskuragarri. Bertan, besteak beste, Erik Pelling (Upsalako alkatea) eta Kim Won-Soo (enbaxadorea eta Ban-Ki Moon Centre-ko zuzendaritzako kidea) izan ziren.