euskaraespañol

Eguneko irudia

Leire San José

‘Social washing’eko kasu bat. Banku kotizatuak besteak baino sozialagoak dira ala plantak egin nahi dituzte soilik?

Ekonomia finantzarioa II Saileko katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/10

Leire San José katedraduna | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bere gailuan musika entzuten ari da, eta, bat-batean, banku baten iragarkia atera zaio: bankuak oso entitate soziala dela aldarrikatzen du iragarki horretan. Horretarako, datu bat eman du: etekinen laurden bat gizarteari itzultzen dio, gizarte ekitatiboagoa izan dadin, bidezkoagoa, sozialagoa.

Ez da egoera hipotetiko bat, benetako iragarki bat baizik, banku iragarlearen irudi soziala garbitzeko xedea duena. Ez alferrik, Espainiako banku sektoreak krisiaren urteetan izandako jokabideak bere irudia garbitzeko beharra eragin du.

Ildo horretan, hainbat elkartek eta plataformak aditzera ematen dute bankuak ez daudela gizartearen zerbitzura, alderantziz: gizartea dago bankuen zerbitzura. Plataforma horiek ondo olioztaturik dagoen makineria batekin parekatzen dituzte bankuak: etekinak beren akziodunentzat soilik sortzen dituzte, irizpide etiko eta sozialik gabe.

Nork du arrazoia? Bankuen helburu bakarra ekonomikoki efizienteak izatea dela argudiatzen duten plataformek eta elkarteek? Ala bere etekinen banaketa sozialaren publizitatea egiten duen bankuak? Aldi berean ekonomikoki eta sozialki efizientea izatea posible da?

‘Stakeholder’en teoria

‘Stakeholder’en teoria erabiliz, bi kontzeptuak uztar daitezke.

Teoria ekonomiko horren arabera, enpresek ez dituzte akziodunak (‘shareholders’) soilik aintzat hartu behar, baizik eta, orobat, enpresaren interes talde (‘stakeholders’) guztiak ere bai: bezeroak, langileak, hornitzaileak, estatua eta gizartea, besteak beste.

Teoria hori garatzeko ekarpen handienetakoa egin duten egileetako bat AEBko Robert Edward Freeman irakasle eta ikertzailea da. Duela gutxi emandako hitzaldi batean, Freemanek maisuki azaldu zuen teoriaren mamia. Oso argudio erraza erabili zuen. Bertaratu zirenei hau galdetu zien: “Ezinbestekoa eta beharrezkoa iruditzen zaizue zuen gorputzak globulu gorriak ekoiztea? Baina globulu gorriak ekoiztea zuen bizitzaren helburua al da?”. Eta hau esan zuen gero:

“Biziraupena bermatzeko, ezinbestekoa eta beharrezkoa da enpresek etekinak sortzea. Baina akziodunentzako etekinak sortzea izan behar al da enpresen helburua? Ez. Helburua ‘stakeholder’entzako balio soziala sortzea izan behar da”.

Banku kotizatuak besteak baino sozialagoak dira?

Burtsako banku kotizatuak handiagoak dira, eta, horrenbestez, komunikaziora eta publizitatera bideratzeko baliabide gehiago dituzte. Banku sektorearen iragarki gehienak banku kotizatuenak izatea horren erakusle da. Eta publizitate horren zati handi batean banku instituzioak gizartean dituen bertuteak nabarmentzen dira. Esate baterako, testuaren hasieran aipatutako bankuaren iragarkia burtsan kotizatzen duen banku entitate batena da. Beraz, banku kotizatuak sozialagoak dira kotizatuak ez direnak baino? Ala plantak egiteko baliabide finantzario gehiago dituzte, besterik ez?

Socio-Economic Planning Sciences’ aldizkari zientifikoan duela gutxi argitaratutako ikerlan batean, Espainiako bankuen efizientzia ekonomikoa eta soziala aztertzen da 2014tik 2019ra bitarte. Zehazki, banku kotizatuak eta ez-kotizatuak zertan diren desberdinak aztertzen da.

Zer adierazten dute emaitzek? Banku kotizatuak ekonomikoki efizienteagoak direla kotizatuak ez direnak baino. Emaitza aurreikus zitekeen, beren tamainak ekonomikoki efizienteagoak izateko aukera ematen baitie banku entitate kotizatuei. Eta sozialki efizienteagoak dira? Emaitzekin bat etorriz, banku kotizatuak ez dira ez-kotizatuak baino nabarmenki efizienteagoak sozialki.

Hortaz, baliabide gehiago dituztenez gero, banku kotizatuek komunikazio gaitasun handiagoa dute, eta horrek ranking etiko eta sozialen goiko posizioetan agertzeko aukera ematen die. Laburrean, banku kotizatuak ez dira sozialagoak, nahiz eta plantak egin nahi dituzten.

‘Social washing’

Adibide gisa, artikulu honen hasieran aipatu den iragarkiaren edukia xehe aztertzen bada, nolatan bideratzen du banku kotizatu horrek bere etekinen % 25, laurden bat, gizarte bidezkoago bat lortzera? Bada, sozietateen gaineko zerga enpresen etekinen % 25 da, hain zuzen ere. Ezbairik gabe, banku horrek sozialago izan nahi zuen, hots, plantak egin nahi zituen.

Jokabide horri ‘social washing’ deritzo. Ziur asko, irakurleentzat ezaguna da ‘greenwahsing’ kontzeptua, zeinaren arabera enpresek beren irudia hobetu nahi duten ingurumenean egiten dituzten jarduerak puztuz. Era berean, enpresa askoren jokabideari social washing esaten zaio, direna baino sozialagoak direla islatu nahi dutenean.

ESG irizpideak eta itxurakeria

Inbertitzaileak  sozialki gero eta arduratsuagoak dira. Enpresen gardentasuna hobetzeko jasangarritasunari begira, alderdi hirukoitz bat aztertzen duten irizpideak garatu dira: ESG irizpideak. Sigla kontzeptu hauetatik dator (ingelesez): ‘Environmental’ (ingurumenari begirakoa), ‘Social’ (soziala) eta ‘Governance’ (gobernantza).

Gardentasuna handiagoa izanik, inbertitzaileek eta bezeroek errazago ikus dezakete zer enpresa ari diren itxurak egiten. Beraz, gardentasunaren aldeko ahalegin horren bidez, zintzoak ez diren enpresa jardunak aiseago detektatu ahalko dira; esate baterako, ‘greenwashing’a eta ‘social washing’a.

The Conversation