euskaraespañol

Eguneko irudia

Sistema berri bat, 1 motako diabetes mellitusa tratatzeko

1 motako diabetes mellitusaren tratamenduan irlatxo pankreatikoak mikrokapsulatzeko dauden arazo teknikoak murriztu ditu UPV/EHU-CIBER BBN-ren ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/13

Albert Espona Noguera
Albert Espona Noguera. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Intsulina ekoizten duten pankrea-zelulak dauzkaten mikrokapsulen inplante-bolumena ia % 80 murriztu du UPV/EHUko Nanobiocel-CIBER BNN ikerketa-taldeak, Microfluidics Cluster UPV/EHU taldearekin batera. Mikrokapsulak banantzeko sistema magnetiko berritzaile bati esker lortu dute hori. Horren ondorioz, gutxitu egin dituzte mikrokapsula-bolumen handien inplantazioan gertatzen diren arazo medikoak, eta hobetu egin dute 1 motako diabetes mellitusaren tratamendua.

Mundu osoko diabetes mellitusaren kasu guztien % 10 dagokio 1 motako diabetes mellitusari (1MDM). Batez ere gazteei eragiten die, eta handituz doan osasun-arriskutzat jotzen da. 1MDMan, intsulina ekoizten duten pankreako zelulen (irlatxo pankreatikoen) suntsitze autoimmunea gertatzen da; horren ondorioz, intsulina asko urritzen da eta, gero, odoleko glukosa-mailak igotzen dira. Gaur egun, intsulina-injekzioetan oinarritutako terapia da 1 motako paziente diabetikoei aplikatzen zaien tratamendua. Hala ere, epe luzera eragiten dituen arazo medikoez gainera, tratamendu horretan, pazienteek hainbat aldiz neurtu behar dute odoleko glukosa-maila egunean, eta bizitza osoan hartu behar dute intsulina larruazalpeko injekzioen bidez.

Alternatiba gisa, “emailearen pankreatik bakandutako irlatxo pankreatikoen transplanteari esker, intsulina ekoizten duten zelulak lortzen dira, eta gai dira 1MDMa duten pazienteen odoleko glukosa-mailaren araberako intsulina-beharrak asetzeko. Irlatxoen transplanteak, ordea, baditu zenbait oztopo: besteak beste, pazienteak immunosupresoreak hartu behar izatea epe luzean, transplantatutako irlatxoak immunologikoki errefusatzea saihesteko; izan ere, immunosupresoreek pazientearen defentsak murrizten dituzte, eta arazo mediko larriak eragiten”, azaldu du Albert Espona Noguera ikerketaren egileak. “Arazo hori saihesteko —dio—, irlatxo pankreatikoak isola daitezke pazientearen immunitate-sistematik, mikrokapsulatze-teknikak erabiliz: irlatxoak material biobateragarriz (ez toxikoak) egindako mikrokapsulatan kapsulatzen dira. Zelulak mikrokapsulatzeko material asko erabiltzen dira, baina alginatoa da gehien erabiltzen dena. Polimero natural horrek propietate bikainak ditu aplikazio biomedikoetarako, biobateragarritasun handia eta toxikotasun txikia baititu”. Nolanahi ere, “mikrokapsulatze-teknikak baditu zenbait oztopo tekniko, bere aplikazio klinikoa zailtzen dutenak. Funtsezko arazoetako bat da irlatxoak mikrokapsulatzeko prozesuan mikrokapsula huts asko sortzen direla, eta, ondorioz, behar baino askoz mikrokapsula gehiago inplantatu behar izaten dira, eta horrek ostalariaren erreakzio immunitarioa areagotu dezake inplantazioaren ostean”, azaldu du Espona Noguerak.

 

Magnetikoki bereizteko sistema berritzailea

Mikrokapsula huts asko ez izateko, “sistema berritzaile bat proposatu dugu irlatxo mikrokapsulatuak purifikatzeko eta, hala, inplantearen bolumena murrizteko, irlatxo mikrokapsulatuak eta mikrokapsula hutsak bereizi egiten baitira”, azaldu du UPV/EHU- Ciber BNNko ikertzaileak eta Nanbiosis Instalazio Zientifiko eta Tekniko Berezien (ICTS) azpiegituraren kideak. “Mikrokapsulak magnetikoki bereizteko, zenbait teknologia konbinatzen dituen sistema bat garatu dugu; nanopartikula magnetikoak eta txip mikrofluidiko bat erabiltzen dira, hau da, tamaina mikrometrikoko artekak dituen txip bat, 3Dko inprimatze-tekniken bidez lortua eta estrategikoki kokatutako imanak dituena”, erantsi du ikertzaileak. “Mikrokapsulak bereizteko, nanopartikula magnetikoekin kontaktuan jartzen dira irlatxo pankreatikoak, eta, hala, propietate magnetikoak ematen zaizkie. Ondoren, irlatxoak mikrokapsulatzen dira, eta, horrenbestez, irlatxo magnetikoak dituzten kapsulak eta kapsula huts ez-magnetikoak lortzen dira. Mikrokapsulak txiparen mikroarteken bidez ponpatzen dira: kapsula magnetikoak irteerako mikroarteka baterantz mugiarazten dituzte imanek, eta kapsula huts ez-magnetikoek, berriz, irteerako beste mikroarteka batetik jarraitzen dute”, zehaztu du. Hala, “kapsula hutsak ezabatzea lortzen dugu, eta mikrokapsulen inplante terapeutikoaren bolumena murrizten. Bereizketa magnetiko bidezko sistema honen purifikazio-efizientzia handiari esker, ia % 80 murriztu da inplantearen bolumena; horren ondorioz, gutxitu egiten dira mikrokapsula-bolumen handien inplantazioak eragiten dituen arazoak eta alternatiba berria ematen digu 1MDMa tratatzeko”, nabarmendu du Espona Noguerak.

Gainera, “ikerlanean, animalia diabetikoen ereduetan aztertu dugu inplante purifikatuen funtzionaltasuna. Irlatxo mikrokapsulatuak animalia diabetikoen larruazalaren azpian ezarri ondoren, ikusi dugu odoleko glukosa-mailak maila normaletara itzuli direla ia 17 astez”, adierazi du.

Erreferentzia bibliografikoa