euskaraespañol

Eguneko irudia

TensioBot, Telegram bidez pazienteei tentsio arteriala kontrolatzen laguntzeko sistema

UPV/EHUko ikerlan batean, txatbot bat sortu dute, elkarrizketa bidez pazienteei etxean tentsio arteriala neurtzen laguntzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/29

Juanan Pereira
Leyre Echeazarra, Ramón Saracho eta, ordenagailuaren pantailan, Juanan Pereira, bideodeiaz. Irudia Arabako Campusean hartu zen, lehenengo biek bertan lan egiten duten lekuan. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Zenbait jakintza-arlotako UPV/EHUko ikertzaile batzuek TensioBot txatbota jarri dute martxan. Telegram-eko mezularitzaren bidez, programa informatiko batek jarraibideak eta ohartarazpenak bidaltzen dizkie pazienteei, elkarrizketa-formatuan, etxean tentsio arteriala behar bezala neur dezaten. Tresna merkea da; erabiltzaileek ez dute ezer berririk ikasi behar, gizartea oso ohituta baitago berehalako mezularitza erabiltzen, eta aplikazioa kode irekian argitaratu dute.

Hipertentsioa gaixotasun kronikoa da, eta osasun-arazo larriak eragin ditzake. Arteria-hipertentsioa daukaten pazienteek tentsioa neurtu behar izaten dute etxean, eta horrek baditu zenbait eragozpen; izan ere, pazienteak balioak egiaztatzeaz edo apuntatzeaz ahaztu daitezke, edo zenbatekoak gaizki idatz ditzakete, eta, bestalde, ezinezkoa zaie tentsio arterialaren balio-tarteetatik kanpo geratzen diren zenbatekoak osasun-langileei berehala jakinaraztea, etab.

Hala, pazienteei tentsio arteriala etxean neurtzen laguntzeko TensioBot txatbota —elkarrizketak simulatzeko gai den sistema informatikoa— sortu dute UPV/EHUko hiru ikertzailek: Fisiologia Saileko Leyre Echeazarra, Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko Juanan Pereira eta Medikuntza Saileko Ramón Saracho. “Telegramen oinarritzen den bot-a da. Pazienteei tentsio arteriala neurtzeko gogorarazpenak eta jardunbide egokiekin lotutako gomendioak bidaltzen dizkie, neurketen segimendua egiten du (grafikoetan biltzen ditu datuak), alerta medikoak bidaltzen dizkie eta osasungintzako langileei aukera ematen die neurketen inguruko informazio eguneratua eskuratzeko”, dio Juanan Pereira ikertzaileak.

Ikertzaileek bi urtez probatu dute TensioBot, 112 pazienterekin (erdiek bot-a erabili zuten eta beste erdiek ez). Hala, egiaztatu dute tentsio arteriala neurtzeko programaren betetze-mailari dagokionez antzeko emaitzak lortu dituztela bi taldeetan, baina bot-aren erabiltzaileek tentsio arteriala neurtzeko jardunbide egokiagoak dituztela. Erabiltzaileek, gainera, bot-aren oso balorazio positiboa egin dute, erabilgarria eta erabilerraza dela adierazi dute eta proba-garaia amaitu arren hura erabiltzen jarraitu dute. Osasungintzako profesionalek ere ontzat eman dute bot-aren erabilgarritasuna, datuak automatikoki jasotzeko aukera baitaukate, ordenagailura eskuz pasatu behar izan gabe.

Berehalako mezularitza

Pereirak adierazi duenez, “abantaila handia da berehalako mezularitza erabili ahal izatea, erabiltzaileek (gehienetan adinduek) ez baitute batere arazorik horrelakoak erabiltzeko. Oso ohituta daude Whatsapp, Telegram eta halakoak erabiltzen. Erabiltzaileak, gainera, ez daki txatbotaren atzean makina bat dagoenik”. Txatbota euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabiltzeko prestatu dute, eta kode irekian jarri dute beste ospitale eta programa batzuetan erabili ahal izateko. Gainera, beste hizkuntza batzuetan erabili nahi izanez gero, esaldi-kateak itzuli besterik ez da egin beharko.

Bestalde, “oso sistema merke eta eraginkorra da, ez baita ezer apartekorik instalatu eta sortu behar, eta dagoeneko ari gara beste arlo batzuetarako aukerak ere aztertzen”. Hain zuzen ere, horrelako aplikazioak medikuen eguneroko lanean nola erabil daitezkeen ari da ikertzen Ramón Saracho bere tesian. Etorkizunerako urrats gisa, badituzte ikertzeko beste zenbait ildo: “Gaur egun testua erabiltzen dugu, baina gero eta ahozko interfaze gehiago ari dira sortzen hizkuntza guztietan. Bestalde, hobetzeko beste ildoetako bat litzateke neurgailuaren eta bot-aren arteko komunikazio automatikoa lortzea, baina hori Telegramek berak onartu beharko luke”, adierazi du Pereirak. Halaber, gaur egun bizi dugun pandemia-egoeran ere halako sistemak oso erabilgarriak izan daitezkeela azpimarratu du Pereirak, osasun-zentroetara hurbildu behar ez izateko, adibidez.

Erreferentzia bibliografikoa