Nahia Idoiaga Mondragon, Idoia Legorburu Fernández, Mirari Gaztañaga
Bederatzi urte ditut eta amaren mugikorra erabiltzen dut. Ez da ezer gertatzen, ezta?
UPV/EHUko ikertzaileak
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2024/08/29
(Beste leiho bat zabalduko du)Artikulu hau jatorriz The Conversationen argitaratu zen.
Umeek eta nerabeek noiz eta nola erabili beharko lituzketen gailu elektronikoak eta Internet eta sare sozialak —edo batere erabili beharko ote lituzketen— oso kontu garrantzitsuak eta eztabaidatuak dira gaur egun. Baina planteamendu gehienak helduen jarrera, ebidentzia eta begiradatik abiatzen dira. Zer uste dute interesdunek eurek, hau da, neska-mutikoek, eta zelan bizi dute eurek egoera hori?
Umeek mugikorraren erabileraz daukaten ikuspegia aztertu dugu, beren iritzi eta esperientziei erreparatuz. Datu kezkagarriak eta argigarriak eskuratu ditugu, modua ematen digutenak jakiteko nola eragiten dien teknologia horrek gaztetxoen emozioei eta harremanei.
Ohiko eztabaidagai bat izaten da noiz oparitu gailua umeei. Hala ere, mugikorra erabiltzeko ez da beharrezkoa gailua norberarena izatea: adingabe askok beren gurasoenak erabiltzen dituzte txiki-txikitatik, gure ikerketan ikusi dugunez.
Mugikorra, 12 urte izan baino askoz lehenagotik
Azterlan honetan Bizkaiko eskualde bateko 642 umek hartu dute parte, batez beste, 9.26 urtekoak. Ikerketak erakutsi duenez, nahiz eta umeen % 22k baino ez daukaten mugikorrik, askotxo dira gurasoena erabiltzen dutenak: % 65.3.
Aste barruan batez beste 42 minutu eta 42 segundo ematen dute mugikorrarekin, eta asteburuetan, berriz, 112, 53 minutu, batez beste. Beren mugikorra daukatenek nabarmen gehiago erabiltzen dute, baina gurasoen mugikorra darabiltenek ere egunean ordubete eta bi ordu bitartean ematen dute gailuarekin, batez beste, hau da, askoz denbora gehiago pantaila aurrean ematea gomendatzen den gehieneko denbora baino
Espainiako Pediatren Elkarteak bere Familia Plan Digitalean gomendatzen du umeek bi urte bete arte batere pantailarik ez erabiltzeko, bost urte bete arte gehienez ere egunean ordubete erabiltzea, eta bost urtetik aurrera gehienez ere egunean bi ordu ematea aisialdi digitalean.
Hala ere, beste aditu batzuek muga zorrotzagoak proposatzen dituzte: esaterako, Psikiatriako Frantziako Akademiak “3-6-9-12” araua betetzea gomendatzen du: hiru urte bete arte batere pantailarik ez, sei urte bete arte bideojokorik ez, bederatzi urte bete arte Internetik ez, eta hamabi urte bete arte sare sozialik ez.
Gure azterlanean parte hartu duten adingabeek eurek ere uste dute ez luketela mugikorrik erabili behar hamabi urte inguru izan arte, eta gurasoen iritziz hobe da hamalau urtera arte itxarotea. Bi urteko alde hori txikikeria dela pentsa liteke, baina ez da hala inola ere, horiek oso urte garrantzitsuak baitira umeen garapenean. Beren mugikorra izan zein ez, umeek jarraitzen dute tira-birak izaten gurasoekin, eta, beraz, pentsatzekoa da gailu propioa izatea ez dela konponbidea familiako tentsioak gutxitzeko.
Bigarren hezkuntzaren aurretik eta prestakuntzarik gabe
Elkarrizketatutako umeek esan dute Lehen Hezkuntzako laugarren mailara arte ez dutela jaso mugikorra erabiltzeko inongo jarraibiderik; hortaz, kontuan hartuta mugikorraren erabilera desegokia lehenago hasten dela, lehen mailetatik eman beharko litzaieke orientazioa.
Gurasoek eta seme-alabek sarri izaten dute hizpide mugikorra, baina komunikazio hori gatazkatsua izaten da maiz, umeek azaldu dutenez. Gurasoek eta erreferentziako helduek seme-alaben aurrean erabiltzen dute mugikorra denboraren % 11 eta % 50 bitartean. Hori ere garrantzitsua da, helduak eredu baitira umeentzat. Izan ere, Albert Bandura psikologo kanadarrak ondo esan zuenez, umeek joera dute beren erreferentziako pertsonek egiten dutena egiteko.
Mugikorra zertarako
Neska-mutikoek gehienbat bideoak ikusteko eta jokoan ibiltzeko erabiltzen dute mugikorra. Horrek bultzatzen gaitu galde egitera zein jolas eta aisialdi alternatiba dauzkaten eskura. Txikienek eta mugikorrik ez daukatenek aplikazio mugikor indibidualak maite dituzte bereziki, adibidez bideoak, musika eta jokoak.
Hazi ahala, lagunekin eta senideekin komunikatzeko ere erabiltzen dituzte mugikorrak. Izan ere, gailuok funtzio sozial garrantzitsua berenganatu dute, eta neurri handi batean zuzeneko harremanen tokia hartu dute, nahiz eta aurrez aurreko harremana funtsezkoa den garapenerako.
Mugikorren alde txarra, adingabeen arabera
Oso interesgarria da gure lanean elkarrizketatu ditugun umeak (batez ere mugikorra daukatenak) ondo jabetzen direla —esan egin dietelako eta eurek entzun egin dutelako—, mugikorrek badutela ondorio txarrik. Hauek aipatu dituzte: lagunekin kalitateko denbora gutxiago ematea (% 31.65), norbera zaurgarria izatea besteen erasoen aurrean (% 25.06), gurasoekin liskarrak izatea (% 23.08), eta adikzioa eta arazo fisikoak edukitzea (% 19.49), hala nola buruko mina eta begiak lausotzea.
Hortaz, esku hartzeko eta erabilera desegokia prebenitzeko orduan, umeei azaldu behar zaie mugikorrak nola eragiten dien sozializazioari eta komunikazioari dagokionez, erabileraren alde teknikoez eta arriskuez hitz egiteaz gain.
Gurasoen arrazoiak
Gurasoek seme-alabei lehen mugikorra erosteko arrazoiak dira: umeak non dauden jakin gura izatea eta haien segurtasuna zaintzea (% 20.54), umeak beren kabuz mugitu ahal izatea (% 19.55), etengabeko komunikazioan egotea (% 19.55), integrazio soziala (% 23.76) eta presio soziala (% 16.58).
Gurasoek mugikorraren erabileraz dauzkaten kezkak hiru talde nagusitan banatzen dira: erabilera desegokia (% 44.83), mugikorrarekin denbora gehiegi ematea (% 46.93) eta adikzioa garatzea (% 8.24).
Nork hartu behar ditu neurriak?
Umeek modu osasungarrian erabil ditzaten gailuak, beharrezkoa da familiak eta irakasleak koordinatzea erabilera hori modu adostuan gainbegiratzeko. Baina, horretaz gain, gizarte moduan ere hel diezaiokegu arazoari.
Hezkuntza sistemak irakasleentzako prestakuntza plan bat eduki beharko luke, ez informazio teknologiak erabiltzen ikasteko —hori normalean badaukate—, ezpada ikasteko nola eman alfabetizazio digitala ikasleei, eta nola heldu horren eskutik sor litezkeen arazoei.
Informazio plan sistematizatu bat ere egon beharko litzateke, beranduenik Lehen Hezkuntzako lehen mailatik hasita, mugikorrek umeen eguneroko bizitzan daukaten eraginaz.
Beste neurri gomendagarri bat da udalekin koordinatzea adin desberdinetako umeen familiei informazio zuzena eta laguntza emateko. Komunitate mailan, estrategia interesgarri bat da mugikorraren inguruko erabakiak elkarrekin hartzearena, zenbait familia taldetan proposatzen ari diren ildotik.
Mugikorraren alternatiba moduan, udalek eta erakundeek ume eta nerabeentzako aisialdi eskaintza indartu behar dute: halako eskaintza dagoenean, umeek eta nerabeek ez dute zalantzarik izaten mugikorra baztertu eta jolasten eta ondo pasatzen hasteko. Azken batean, pantailaren atzean ezkutatu arren, neskatoak eta mutikoak dira.