UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaileek VI. eta XI. mendeen arteko lau aztarnategi hauetako gizakien hezurren eta hortzen ikerketa isotopikoa eta elementala egin dute: Dulantziko San Martin (Araba), Las Gobas (Trebiñu), Momoitioko San Juan (Bizkaia) eta Tauste (Zaragoza). Aztarnategietako pertsona-aztarnen azterketek aukera eman dute orduko bizimoduaren zenbait alderdi ulertzeko, tartean, paleodieta eta mugikortasuna.
Jaten duguna gara eta jaten dugun tokiko ezaugarriak ditugu
Iberiar penintsulako iparraldeko Erdi Aroko biztanleen dietaren eta mugikortasunaren ikerketa geokimikoa egin dute UPV/EHUn
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2019/02/07
Antzinako gizarteei buruzko informazio ugari lor daiteke aztarnategietako giza hezurren eta hortzen isotopoak eta elementuak analizatuz eta inguruko faunaren, landarediaren, lurzoruaren, uraren eta aurkitzen ditugun bestelako materialen analisiekin konparatuz. Hain zuzen ere, horretan aritzen da UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Saileko ikertzaile Iranzu Laura Guede geologoa, hainbat arkeologo eta erakunderekin batera, diziplina anitzeko profesionalen talde batekin elkarlanean (historialariak, paleontologoak, antropologoak…).
Azken finean, “jaten duguna gara. Jaten ditugun elikagaien konposizio isotopikoa gure hezur, hortz eta ehunetara pasatzen da, eta han geratzen da gordeta. Era berean, elikagaiek beren inguruneko konposizio isotopikoa dute, eragina baitute haiengan inguruneak, geologiak eta klimak, besteak beste”, azaldu du Guede doktoreak. Elementu baten isotopoek protoi-kopuru bera baina neutroi-kopuru desberdina daukate nukleoan, eta horrek eragiten du prozesu kimiko, fisiko eta biologikoetan elementu beraren isotopo batek besteek baino parte hartze handiagoa izatea.
Ikertzaileak karbono, nitrogeno, oxigeno eta estrontzioaren azterketa isotopiko eta elementalak egin ditu Dulantziko San Martin (Araba), Las Gobas (Trebiñu), Momoitioko San Juan (Bizkaia) eta Tauste (Zaragoza) aztarnategietako hainbat gizabanakoren hortz eta hezurretan —lehenengo hiru aztarnategiak kristauak dira, eta azkena, islamiarra—, Erdi Aroko gizarte haien dinamika sozialak, dieta eta mugikortasuna aztertzeko.
Informazioa trukatu, gurutzatu eta erkatu
Gizabanako bakoitzaren mugikortasuna aztertzeko, haien hortzetako esmalte eta dentinaren eta hezurren konposizio isotopikoak konparatu dituzte aztarnategi inguruko hainbat materialen konposizioekin. Izan ere, “hortzetako esmaltea, sortu bezain laster zigilatuta geratzen da, eta horrek gizabanakoaren sorlekuaren berri emango luke. Hezurren eta dentinaren konposizioa, berriz, aldatuz joaten da bizitzarekin batera; beraz, dietaz edo bizitokiz aldatzeak eragiten dituen desberdintasunak uzten dituzte agerian”, azaldu du geologoak. Mugikortasuna aztertzeko oxigeno- eta estrontzio-isotopoak erabiltzen dira: “Estrontzio-isotopoen konposizioak gizabanakoen jaioterriaren eskualde geologikoa islatzen du; oxigenoak, aldiz, eremu geografikoa mugatzen du”.
Dietari dagokionez, bestalde, gizabanakoek jandako elikagaien arabera aldatzen dira isotopoen erlazioak. Adibidez, “nitrogenoaren kasuan, maila trofikoan gora goazen neurrian, nitrogeno-isotopoen erlazioa aberastu egiten da: nitrogeno-isotopoen erlazioa aberatsagoa izateak adierazten du haragi gehiago jan duela gizabanako horrek; erlazioak baxuagoak direnean, berriz, pentsa dezakegu proteina gutxiko dieta eta begetarianoagoa izango zuela”, erantsi du. Halaber, aztarnategian aurkitu diren bestelako animalien hezurretan ere neurtzen dituzte karbono- eta nitrogeno-isotopoak, “jakiteko zein izan diren lekuko dietaren balioen oinarriak”.
Laborategian lortzen dituzten analisien emaitzetatik “ondorioak ateratzen ditugu, baina ez dute esanahirik arkeologo edota antropologoek dituzten datuekin erlazionatzen ez badira”, dio Guedek. Izan ere, beste jakintza-alorretako ikertzaileek bestelako informazioa izaten dute, aztarnategian aurkitutako janari-, landare-, animalia-arrastoen, bitxien eta bestelako aztarnen araberakoa.
Hala, ikerketa honetatik ondorioztatu dutenez, “Erdi Aroko biztanleriaren mugikortasuna mugatua zen, gizabanako atzerritar gutxi aurkitu baititugu. Nahiz eta atzerritarren jatorri-eremuak zehaztea zaila izan den, isotopoen datuek iradokitzen dute ezin zitezkeela oso urrunekoak izan —zehaztu du—. Nolanahi ere, gaur egun ditugun datuekin ezin da gizabanako atzerritarren jatorria zein den zehaztu”. Paleodieta-ereduei dagokienez, “datuek adierazten dute Erdi Aroko landa-populazioek antzeko elikagaiak jaten zituztela: zerealak, barazkiak eta lekaleak, batez ere, eta animalia-proteina kantitate txikiak. Baina, halaber, agerian geratu da musulmanen artean sexu eta adinaren arabera elikagai desberdinak jaten zituztela. Horri esker antzemango litzateke dinamika sozial desberdinak zituztela kristauek eta musulmanek”, esanez amaitu du.
Informazio osagarria
Iranzu Laura Guede Sagastizabal (Elorrio, 1989) geologoak UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailean egindako doktore-tesiaren ardatza da ikerketa hau. Tesiaren izenburua 'Ipar Iberiar Penintsulako Erdi Aroko biztanleriaren paleodieta eta mugikortasunaren ikerketa geokimikoa' da, eta Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega UPV/EHUko irakasleen zuzendaritzapean egin du. Ikerketan, Università degli Studi di Parmako (Italia) Paola Iacumin irakaslearekin, Bizkaiko Arkeologi Museoko Iñaki García Caminorekin eta El Patiaz Kultura Elkartearekin lankidetzan aritu dira.