euskaraespañol

Eguneko irudia

TECNALIAk eta UPV/EHUk Gipuzkoako lehenengo Gela Teknologikoa jarri dute martxan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/23

Agustín Erkizia eta Iñaki San Sebastián. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIAk ‑ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak‑ lankidetza estrategikorako lehen urratsa eman dute Gipuzkoako Campusean irekitako Gela Teknologiko honekin. Bi erakundeek sinatutako esparru hitzarmena oinarri hartuta garatutako lankidetza zientifiko, teknologiko eta akademikorako hitzarmen hau gaur sinatu dute Iñaki San Sebastiánek, TECNALIAko CEOak, eta Agustín Erkiziak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak.

Gela berri hau kontzeptu eta teknologia aurreratuen prestakuntza eta ikerketarako lankidetza bultzatzeko bide izango da Gipuzkoako Campusa osatzen duten hamaika ikastegiekin batera eta, beraz, profesional bikainen prestakuntza sustatzeko oinarri izango da.

TECNALIA Gela Teknologikoan Gipuzkoako Campuseko ikastegi guztiek hartu ahal izango dute parte. Hasiera batean, honakoak izango dira gelako jardueretan lehentasuna izango duten ikastegiak: Informatika Fakultatea (Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala; Sistemen Ingeniaritza); Ingeniaritza Eskola (Elektrizitatea eta Elektronika; Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza); Kimika Fakultatea; Ekonomia eta Enpresa Fakultatea (fakultate honetan egongo da gela).

Lankidetza gaiak eta parte hartzen duten ikastegiek gelan duten jarduna bat etorriko dira une bakoitzean identifikatzen diren elkarrekiko interesekin, eta abiapuntutzat hartuko dira ikerketako lehentasunezko gai hauek: polimeroetan oinarritutako materialak, zementu oinarridun nanomaterialak eta eko-zementuak; robotika aurreratua eta sistema autonomoak (droiak); sistema adimendunak (adimen artifiziala, deep learning eta datuen analitika); kontrol sistemak (industria elektronika); cibersegurtasuna.

Agustín Erkiziak, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, adierazi du uste osoa dutela ekintza honen sinergian, besteak beste, gure ikasleen gaitasunak antzematen eta zaintzen lagunduko digulako, ikasleak I+G+B arloko puntako erakunde batek bultzatutako proiektuetan arituko direlako, eta hori bi erakundeen garaperako bide ez ezik, gizarte osoaren garapenerako bide ere izango delako.

Bestalde, Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOren hitzetan “Gipuzkoako Campuseko TECNALIA Gela Teknologiko berri hau Euskal Herriko Unibertsitateak eta TECNALIAk lehiakorragoak egingo gaituzten talentuen garapenerako daukagun lankidetzaren eredu da. Gure lankidetzarako hitzarmenean aurrerapauso berria da hau, Euskal Herriaren I+G+B arloan erreferente eta osagarri diren bi erakundeen borondatea oinarri duena, eta eragin positiboa daukana bai bi aldeentzat, bai gizartearentzat”.

Gipuzkoako Campuseko TECNALIA Gela Teknologian egingo diren jarduera nagusiak honako hauek izango dira:

  • Praktiketan irakaskuntzako lankidetza eta ikasteko espazioak.
  • I+G proiektuetan elkarrekin aritzea sustatzea.
  • Ikerketa zientifikoko edo garapen teknologikoko programak edo proiektuak garatzea.
  • Ikertzaileen prestakuntza partekatua eta jarraitua, bereziki Gipuzkoako Campuseko ikastegietan garatzen diren doktorego tesien, master amaierako lanen edo gradu amaierako lanen bidez.
  • Joint Research Laboratories-en jarduera sustatzea eta bultzatzea, Campuseko eta Tecnaliako ikerketa taldeek parte hartzen dutenetan.
  • TECNALIAn karrera profesional bat garatzen laguntzea gelako jardueretan parte hartzen duten ikasleen artean.
  • Gela Teknologikoan lankidetzan ari direnei UPV/EHUko ikertzaile lankide eta TECNALIAri lotutako ikertzaile elkartu izaera aitortzea.
  • Elkarrekin zientziaren eta teknologiaren arloko argitalpenak egitea.
  • Industria jabetza partekatua garatzea.
  • Industria jabetzan ekiletza eta jabetza horren ustiapena.
  • Transferentzia teknologikoko jarduerak garatzea.
  • Alde bien instalazioak eta ekipamendua erabiltzea.

Hezkuntzaren, prestakuntzaren eta ikerketaren arloko lankidetza

2018an, UPV/EHUk eta TECNALIAk lankidetzarako esparru hitzarmen berria sinatu zuten Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sare osorako onuragarria izango zen harreman ireki eta integratzailea bultzatzeko eta beren jarduerek ahalik eta eragin zabalena izateko euskal gizartean.

Horri jarraituz eta Espezializazio Adimendurako Euskal Estrategiarekin lotuta gizarteak dituen erronka handiak ardatz hartuta, honakoak ziren jarduera arloak: prestakuntza, ikerketa, transferentzia, berrikuntza eta ezagutzaren zabalkundea, guztiak lankidetza esparruetan, hau da, ezagutza poloetan, garatuta.

Horrela, bada, Gipuzkoako Campuseko TECNALIA Gela Teknologiakoa bi erakundeek urteotan landutako lankidetzaren beste aurrerapausu bat da, lankidetza horren bultzatzaile eta indartzaile izanik Euskampus, Nazioarteko Bikaintasun Campusa.

Hitzarmen honen bidez, bada, UPV/EHUk beste TECNALIA Gela Teknologiko bat izango du, lehendik zeuden beste bi gelez gain: sortu zen lehenengo gelak ingeniaritza dauka jarduera nagusi (badaramatza 18 urte lanean); bigarrenak, ekonomia eta enpresa arloak lantzen ditu; eta hirugarrenak, bada, zientzia eta teknologia.